lunes, 23 de enero de 2023

GARAI LATZAK DATOZ, OSO


     Atzo Madrileko Pedro Sánchezen gobernuaren kontrako manifa potoloan, edonondik begiratuta behar besteko potoloa baitzen, funtsez, zinez, argi eta garbi aldarrikatzen zutena Espainiaren betiereko nazioaren ikuskera zen, hau da, "Una, grande y libre", edo bestela esanda, Gaztelan oinarritutako Espainia bateratutakoa, non ideia horrekin zerikusi zuzenik ez duen oro soberan omen dago, edo behinik-behin asaldatzekoa omen da. Zer dela eta? Ezin ageriagoa delako Cadizeko Konstituzioren jakobinismotik hona, eta batez ere frankismo garaian nazionalkatolizismoak hezitako belaunaldi guztien eraginak espainiar gehienen burmuinean iltzaturik dirauelako. Are ageriagoa omen da Kataluniakoak erdi moteldurik edo itzalita omen zegoen espainiar nazionalismo jakonino hori aurreko hamarkadetan ez bezala harrotu egin duela (nahiz eta ni katalan independentismoa benetan harrotu zuena PPren Espainiaren nazioaniztasuna aitortzeko ukazioa izan zelakoan egon). Harrezkeroztik espainiar asko eta askok, batik bat erdaldun elebakarrek, aspaldi-aspaltik gogoan zutena aldarrikatzeko parada ezin hobea, egokiagoa, topatu zuten, baita modurik faltsuenean ere , hau da, biktimismoari eutsiz, euren nazioaren oinarriak eta arriskutan zeudela baieztatuz. Esate baterako, periferiako komunitateetako gorbernu nazionalisten gazteleraren kontrako ustezko politikak, edo bestela esanda, tokian tokiko hizkuntzak sustatzekoak. Zer dela eta? Politika guztiok gazteleraren azken mendeetako pribilegioak kolokan jartzen omen ziztuztelako. Pribeligioak? Bai, jaun-andre elebakarrak, pribilegio peto-petoak gaur egungo gazteleraren nagusigoa Estatu Espainiarrak sustatutako, garatutako, inposatutako barne-kolonianismoaren ondorio ezin argiagoak baitira, irakurri bestela, hau da, barne-kolonianismoaren nondik norakoak zeintzuk diren, Ròbert Lafont pentsalari okzitaniarraren lan ikaragarri mamitsu eta doia.

Gauzak horrela, nola ez harritu honako artikulu hau zure eskuetara helarazten dizutenean: https://www.vozpopuli.com/.../el-castellano-no-existe.html Bada espainiar asko eta askoren Espainiako gainerako hizkuntza zein kulturen gainean benetan pentsatzen dutena asmatzeko aukera ezin hobea. Bada, egia esanda, nire Oviedoko inguran egunero somatzen edo pairatzen dudana, pentsakera hori ikaragarri errotuta baita hemen zein gainerako Espaina elebakarrean, baita, ezin dugu gure burua engainatu, ustez behintzat elebidunak diren lurraldeetako erdaldun elebakarren artean ere. Izan ere, delako artikuluan zein azpiko iritzi gehienetan, gaztelera ez diren gainerako hizkuntzekiko gorrotoa zein mesprezua ezin gordinagoa da; baina, ez dezagun ahaztu guztiz okerragoa dela elebakar asko eta askoren esaldi famatu zein okaztagarria: "Si a mí no me importa que hablen catalán, gallego o vasco; siempre y cuando..." Hau da, nolabait euren baimena edo oniritzia luzatu nahian bezala. Bai, are okaztagarriagoa horrekin argi eta garbi erakusten baitigute zein den benetan Espainiari buruz duten ikusmoldea, hau da, edozein espainiar gaztelerazale supremazistarena bezalakoa; baina, agian, apurtxo bat motelagoa, eskuzabalagoa, atseginagoa omen, gainerakoena halabeharrez onartzeko behartuta baleude bezala, alegia .
Zer dela eta? Espainiaren funtsezko arazo nagusia nazionalismoa delako, bai, baina ez periferiakoak, bai zera! -horiek tokian tokiko arazoak izan daitezke bertako hiritarrentzat segun nola edo zertan- espainiarra baizik. Edo bestela esanda, Espainiaren oinarrizko arazoa bere nazioaniztasuna aitortzeko zein onartzeko ukazioa edo ezintasuna da, berdin dit zein nazionalismoren aldetik, nagusiarena edo txikiena.
Ba hori, oso garai latzak omen datoz, batipat elkarren ukazionarenak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...