lunes, 16 de julio de 2012

LIBURUAK BETI LIBURU



Gehienok bezala, hau da, Andrea Fabra eta enparatuak izan ezik, ezin sinetsirik nabil azken murrizketen kontura, nola ez. Badago, noski, denetarik irizpidera ekartzeko, baina nik hemen benetan bitxia begitandu egin zaidan neurri bat azpimarratu nahi nuke: ebooken gaineko BEZaren itzelezko igoera. Badirudi liburuen gaineko BEZ murriztua, %4tik gora joango ez dela, dagoen bezala utziko dutela, irakurketa nolabait ez eragoztearren edo. Alabaina, ebookena %8tik %21ra aldatuko da, hauek, ebookak berez liburuak ere ez balira bezala, edo egiazkoei kalte edo egingo baliete bezala, benetan negargarria.

Baina, agian harrigarriena, badirudi ebooken negozioari oztopoak jarri nahi dizkiotela paperezko argitalpenen onurako, biak txanpon bereko aldeak ez balira bezala, ebookak osagarri izan beharrean paperezkoen etsai bailiran. Eta baliteke ebookak paperezkoen nahitaezko murrizketa nabarmen baten motibo edo eragingarri izatea. Zergatik ez, gehiegi argitaratzen baita paperez, batez ere inora, ez baldin bada zuzen-zuzen zakarrontzira, ez doazen mota guztietako liburu aleak, bai behar adina arrakastarik lortu ez edo antzina agortu egin zirelako. Ebookek, ordea, abantail pila dituzte nobedadeak edo edizio txukun-txukunak ez diren argitalpenen aldean. 

Ebookak aspaditik bilaka ari zinen liburu hori eskuratzeko parada apartekoak eskaintzen dizu edo eskaini behar lizuke, hau da, liburudendaz liburudenda edo liburutegiz liburutegi joan behar izan gabe. Zer esanik ez, liburudenda handiak edo ederrak ez dauden hiri edo herri batean bizi baldin zara, interneti esker mundu osoa liburudenda edo liburutegi duzu, areago zure inguruko liburudenda/tegietan normalean topatu ezin ditzakezun hainbat hizkuntzetan argitaratuak edo zuk zeuk bakarrik gogoko diztuzun bitxikeriak-eta baldin badira.

Alde horretatik ezin da esan inolako konpetentzia egiten dietela paperezkoei, badira benetako osagai bat edozein irakurzalearentzat. Nobedadei dagokienez gauzak oso bestelakoak dira, ezin nabarmenago da papezkoak berez garestiagoak izan behar direla argitaratze gastuak direla kausa. Alde horretatik ebooken BEZa igotzen baldin baduzu hain nabarmen, zentzugabe, ezin argiago omen da paperezkoen alde ari zarela, baina inondik ere irakurzaletasunaren alde, hori ez baita beraien helburua, bai zera! Izan ere, halako neurriak ebooken kontra irakurzaletasunari izugarrizko kalte egiten diote ebooken zabalkuntzak izugarri laguntzen baitzion irakurzaletasunari, batik bat, eta lehen esan bezala, sekula baino errazagoa delako mota guztietako liburuak eskuratzea. 

Itxurak baino ez omen dira Espainako Gobernuak irakurzaletasuna hedatzeko hartutako neurriak, liburuen gaineko BEZa mantenduz guztiz kontrako mezua zabaldu nahian ere. Are larriago, badago beste eragozpen bat; halako neurriek Espainako Historian hain usu gertatutakoari eusten diote, hots, etorkizunaren aurrean beti zaharraren alde apostu egitea, etorkizunaren nahitaezkoari oztopoak jarriz, gure inguruko herrietan gero eta hedatuagoa, errotuagoa, onartuagoa denari beti muzin eginez. Behin berriro ezer berririk ez Espainiako eguzkipean.

Nire aldetik, ordea, gero eta gehiago estimatzen ditut ebookak eskaini dizkidaten aukerengatik. Esate baterako, nire inguruko hirietan inondik inora topatuko ez nukeen Fernando Vallejore "Entre Fantasmas" liburua eskuratzeko parada izan dut, hau da, internetean bilatu, aurkitu eta une berean jaitsi ahal izan dut, zoragarria. Are gehiago, badira liburu batzuk aspaldi katalogabetu egin zirenak, inon topatuko ez zenituzkeenak, ebookei eske egileak interneten bitartez berriro saltzeko aukera dute; nire kasurako Javier Abasoloreren Hiria argitaletxeak behiala argitaraturiko "Hollywood-Bilbao" eleberria irakurri ahal izan dut, nola bestela, milesker. Edo nola eskuratu bestela ere Robert Walserren alemanerazko liburuak ez baldin bada Gutenbert Proyect delakoari esker, berriro ere esker anitz.

Nobedadetan esan badut gauzak oso bestelakoak omen direla. Nire kasuan, ebookak aikolo-maikolo jartzen nau, paperezkoari uko ez egin nahian badira paperez irakurtzen segitu nahi nituzkeen hainbat egile, besteak beste Ramon Saizarbitoria. Eta hortxe bertan dago koska, zer egin Saizarbitoriaren liburu berriarekin, batez ere ebookeko argitalpena zuzendua eta gaineratua baldin badator, zer egin ebooken intangibilitate horri aurre egiteko edo irakurgaia zurekin edonora eramateko eta batez ere objektu berean beste hamaika irakurgairekin tartekatzeko aparteko aukeraz gozatzen jarrai ahal izateko?



No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...