lunes, 9 de julio de 2012

NEKEA ARDATZ

   


Asteburu on, betiko lez euripean baina lasai behintzat, eta luze-luzea Asturiaseko mendebaldean, itsatsaldeko herrixka eder eta jator batean. Ostiral gauean herriko berbenara zaramatzate, bertan ezezagun den tipo batekin hitz aspertuetan, dena hasi da nire koinatua eta aurrean hitz eta pitz duzun bere laguna ez dakit nik zeren arrantzan zeudela guardacostak hurbildu zitzaizkiela. Agintearen edozein agenterekiko liskerrak-eta zirela kausa tipoak behin batean pikoleto bati kokospean aizto bat jarri ziola kontatzen digu, harro-harro gainera, baita gu txunditu nahian ere. Txantxetan, erronka joka edo, hori doi-doi terrorismo dela erantzuten dio. Terrorismo euskaldunena baino ez dela arrapostu egiten dit oldarrean, berak tankeak-eta bertara bidaliko lituzkeela abertzale guztiak zanpatze aldera, potroetaraino dagoela bertakoetaz, ezin dituela jasan. Bera oso española dela aldarrikatzen dit, horrek zera eragingo bailuen, auskalo zer, baina badaezpada, edo ondorioz, euskaldun zein kaltalanei gorroto bizi-bizi die, ñabadurarik ez, bizi ere merezi ez zutelakoan edo.

Ez diot deus ere erantzun, nik ez diot esan nongoa naizen, badirudi nire emazteak baietz auskalo zer dela eta, seguru asko kontura zetorren zerbait esateagatik edo, hirietako OTAz ari baikinen lasai-lasai, esan bezala hitz aspertu edota behartuak zer edo zer elkarri esatearren. Edonola ere, ez nuen espero halako ateraldi zakarrik, oso-oso zakarra deritzodalako ezagun ez duzun norbaiti halakoak botatzeari, gutxienez ez du inolako gizalegerik adierazten, baina ez nau harritzen horratik, dagoeneko kaskamotz batekin hizketan ari nagoela jabetu egin bainaiz. Hala ere, eta beste horrenbestetan ez bezala, kanpoko edonork euskaldunen betiko leloa irizpidera ekarrita gauzak haiek uste bezainbeste xaloak ez direla adierazten saiatzen naizela, oraingoan mutu geratu nintzen, ez nion piperrik ere esan. Zertako gainera, errietan egiteko? Ez zuen merezi, ez nire koinatua  agian huskeria bategatik astoratu izana bere lagun batekin auskalo zer nolako liskarra izanda, liskarzale porrokatua antzematen baitzitzaion mutikoari, ez eta tipoari azaletik bakarrik ezagututa ezertaz kobenzitzeko edo trazarik topatzen ez bainion. Gainera, ahoberokeriak alde batera lagata, nabarmen zitzaion tipo jatorra zela, ez zuela malizia handirik, mingaina ordea bai, kulepa baino handiagoa omen. Alabaina, berehala konturatu ere egin nintzen bazela beste pisuzko motibo bat ixil-ixilik egoteko, tutik ere ez esateko, buztana hanka artean gordetzeko badaezpada. Astokirten kaskamotz horren ahoberokeriak asaldatu ez ninduela aspertu baino. Egia da,  bada aspaldian euskaldunen ohiko edo betiko leloa irizpidera ekarrita ziplo aspertzen naizela, nire burua nekatuta somatzen baitut, nekea da goitik behera hartzen nauena, aspalditik gainera, ez besterik.


Hori dela eta, gaur iritsi egin zait email bat betiko leloaren kontura ipuin bat idaztea proposatzen zidana, ezin nuen ezetz esan oso aukera handia baita idazle moduan edo nolabait eta gaurdaino ez dudan onesmena lortze aldera, sikieran nire izena egiazko idazle batzuenen aldamenean ikustearren. Ez nekien, ostera, zertaz idatzi, hots, delako gatazkak eragindako gabeziaren kontura zer asmatu, jorratu, gogoetatu. Sumatu behin berriro nekea, eta orduan bai, orduan asmatu egin dut: nekea ardatz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario