viernes, 13 de septiembre de 2013

MURGILEAN



Ortigueran geundela aurten ere bertako galizieraren gainbeheraz jabetzeko para berria izan nuen. Ortiguera dago Asturiaseko Navia-Eo eskualdean kokatuta, bertan mintzo egiten da/zen galizieraren aldaera propio bat asturieraren eragin handiz, hau da, funtsean galiziera izanda hizkera honek baditu hainbat berezitasun edo ezaugarri astur kutsu bat gaineratzen diotenak, besteak beste, artikulu maskulinoa ezta “O” galiziera arruntean bezala “el” baizik, ez dute “o can” esaten, “el can” baizik; txikigarriari dagokionez galizieraren berezko “ño” erabili beharrean asturieraren “in” hain berezkoa ere erabiltzen dute, hau da, “Pepiño•ren ordez Pepín darabilte betiere, eta honekin batera, jakina, hamaika berezitasun hiztegiaren arloan batez ere (hizkera honi bertakoek “A Fala” deritzote, eta Navia-Eo eskualdean egiten baldin bada gehienbat hori da kostaldeko herrietan eta ingurukoetan, mendialdean aldiz galiziera hutsa egiten baita Taramundi zein Vegadeo inguruan Galiziarekiko mugaldean baitaude).

Aurten nire emaztearen familiaren adiskide baten etxean geunden bisitan, bertan halako herrietan hain usu denez 50-60 urte inguruko jende heldua bizi da 80-90 gurasoen kargu eta sarritan ere 20-30 urtetik gorako bilobaren batekin. Gu hara bisitan goazela etxekoandreak gazteleraz egiten digu nire emazteak bertako hizkera ondo asko dakien arren, txikitan udaldiro joan ohi zuelako bertako familia batekin bere gurasoak Europan zehar oporretan ezin lasaiago zihoazen bitartean. Azken familia honen etxean aldiz bertako nagusiek ia beti falaz erabili ohi dute gurekin edo gutxienez gaztelerarekin nahastuta ondo asko nabari zaielako erosoago daudela eta gainera konfiantzazkoak gatzaizkiela. Beste etxe honetan, haatik, ageri da ere etxekoandreak erdaraz polito dakiela erakutsi nahi digula. Edonola ere, 90 urte inguruko atsoa gurekin sukaldean dago eta honek betiere falaz egiten digu guztiekin. Etxekoandreak zaintzen duen bere amaginarrebari betiere erantzuten dio falaz gurekiko gaztelera tartekatuz. Orduan azaltzen da sukaldean seme txikia oraindio etxea bizi dena, 30 urte ingurukoa. Mutikoak gazteleraz egiten digu guri eta bere amari, baina baita bere amonari ere. Mutikoak ulertzen du, noski, A Fala, eta ustez hitz egiten ere jakin badaki, baina ez du sekula egiten, gaztelera du hizkuntza ohikoa, bere etxean zein kalean, edonon, edonoiz eta edonola. Bere amak sarritan ere falaz egiten dio semeari ezustean edo, bere ama hizkuntza hori baita eta badu gainera maiztasun zein erraztasun handiagoa bere txikitako hizkuntzaz egiteko, agian gogokoago ere bai. Semeak ez dizu, noski, a falari inolako gorroto edo mesprezurik dionik, bai zera, guztiz kontrakoa, asko estimatzen duela, bere herriko hizkuntza kuttuna dela eta abar; baina, tamalez, ohitura edo... Baina… baina mutiko jator eta zinez atsegin hau ezta inolako salbuespenik bertako gazteen artean, ezagun ditugun bere belaunaldiko gehienek a fala alde batera utzi baitute aspaldi gaztelera hutsean mintzatzeko ohitura hori hautatu egin zutelako auskalo noiz, erdarazko eskola edo institutuan, kanpora ikastera joan zirenean edo agian ondoko Navia gazteleradun hiribildura astebururo martxan joaten zirenean. A Fala, esan liteke, joan egin zitzaien ezpainetatik arrantza eta honekin batera euren nagusien behialako bizimodu gogorra joan zen bezala. Hori horrela izanda, errealitatea oso gordina da a falari dagokionez, gure adineko ia inork ez baitu bere nagusien hizkuntzaz egiten, zer nolako hizkuntza den ondo asko esaten ez dakitena edo esaten ausartzen ez dena beraiek asturiarrak izanda beldur omen baitira galizieraz egiten dutela aitortzeko. Beldurrak ala lotsak; izan ere ia inork ez dizu esango galiziera mota bat egiten dutenik, bertako hizkera propio berezi arraro nahasi oker endekatu bat baino edo gehien jota asturiera bat galiziera kutsu edo eragin handi batez muga ondoan daudelako, hau da, egiaren guztiz kontrakoa eta betiere nolabait aitzaki-maitzaki badaezpada. 

Areago, gazteon bertako hizkerarekiko –badago, noski, gutxiengo “falazale” bat hizkuntza babesten eta hedatzen saiatzen dena jo eta su, baina, horixe, gutxiengo bat gehiengoak behin baino gehiagotan potrozorrotzat hartzen duena- arduragabekeria nagusi da, eta oso nabarmen zaie harroago daudela gazteleraz azentuz baina polito egiten dakitelako euren guraso nekazari edo arrantzale ohi gehienen aldean a falaren hitz eta esamolde asko etengabe nahasten dituztenak gaztelerazko solasean gu bezalako arrotzekin edo. 

Tristea, oso, hizkuntza guztiak maite ditugunondako, atsekabegarria egoera hori oso ezaguna baitzaigu gurean ere, nik esango nuke, probokazio gisa baldin bada ere, euskaldun gehienek, hizkuntza etxean zein eskolan jaso dutenek, antzerako zerbait egiten dutela euskarekin, maite bai askotxo, izugarri, maite dutela ozen eta batez ere jendartean aldarrikatuz horrela agintzen omen duelako nolabaiteko gizalege edo jokabide zuzen batek. Egia, aldiz, eta beti bezala ere, oso bestelakoa da, egia da bost axola diela euren nagusien hizkuntza, edo are gordinago, pozarren daudela beraientzat zama edo molestia hutsa baino ez zen gauza bat gainetik kendu izanagatik. Hori, jakina, aitorrezina da, jendaurrean behintzat, itxurak beti itxura.

Atsekabetzen nau A Falarekin gertatzen denak, noski baietz, nolabait oso argi eta garbi erakusten duelako hizkuntza handiak zer nolako berebiziko presioa egiten dion jende xeheari txikia nahitaez gutxietsi dezan, eta batez ere zer nolako gaitza den elebitasun orekatu bat ez baldin badaude tartean eskola edo nolabaiteko hizkuntza harrotasunik, eta zer esanik ez bertako agintariek hizkuntzari lagundu beharrean guztiz kontrakoari ekiten diotenean lurraldekeriaren erruz eta kulturaren kalterako. Zorionez, eta nolabait animatzeko, arnasa hartzeko, Eo ibaiaren itsasadarra zeharkatu Galizia alderantz eta Rivadeo inguruko Eroskira joatearekin nahikotxo dut, bertako arrain-saltzaileei sardinak garbitzeko eskatzen diedanean euren iritzi zein gogoaren kontra euren artean ahapeka galizieraz marmar hasten baitira nire bizkar denetarik esaka zer nolako mutil puska naizen ez izan ezean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...