jueves, 12 de febrero de 2015

Nire gaurko artikulutxoa BERRIAko Hirudia sailean.

HIRUDIA

Bi donostiar

 
2015-02-12 / Txema Arinas - Idazlea
B
ata emakumezkoa, bestea gizonezkoa. Lehenengoak euskaraz idazten du, bada gainera oso idazle estimatua baino maitatua euskal letretan, liburu benetan gogoangarriak idatzi dituena, besteak beste, Zergatik, panpox?(1979), Saturno (1987 ), Koaderno gorria (1998) eta bere gaurdainoko azken nobela benetan eder eta emea 3 Mariak(2010). Bigarrengoak gazteleraz idazten du, bada, baita ere, oso idazle goretsia erdal hedabideetan bere liburuek oihartzun handia lortu baitute kritikari zein irakurleen artean: Fuegos con limón (1996), El trompetista de Utopía (2003) Los peces de la amargura (2006) edota Los años lentos (2012). Arantxa Urretabizkaiaren idazkera oso zolia da, hau da, euskaldun gehienentzat xumea, jatorra, ahozko euskararen oihartzunik ederrena berehala erakartzen duena guztiz literarioa ere izanda. Fernando Aranbururenak ere ikaragarri ondo tartekatzen ditu gazteleraren ahozko esapideak gogotik landutako hizkuntza jasoarekin. Arantxak lan eskerga egin du euskal literaturaren alde hizkera berezi eta gozo horrez baliatuz erdal literaturetan jorratzen diren gai intimista zein unibertsal berberak idazte aldera.

Aranburuk garatu du bere obraren zati handi bat Euskal Herriaren nondik norakoak erdal irakurlegoari zabaltzeko asmotan. Urretabizkaiak ere Euskal Herria idazgai izan du, bera nondik datorren betiere aintzakotzat hartuz, hau da, ezer ezkutatu edo disimulatzeke: «Donostiako familia langile, euskaldun, euskaltzale, abertzale, errepresaliatu baten baitatik ikusita». Fernandok beti aprobetxatu du erdal hedabideetan eskaini dioten edozein aukera euskal abertzaletasuna errotik gaitzesten duela aldarrikatzeko. Euskal idazleak bere haurtzaroko euskararen egoeraren berri ematen du bere azken liburuan, Zuri-beltzeko argazkiak (2014): «Bigarren mailako hiritarrak ginen euskaldunok. Ez ziguten gure artean euskaraz egitea debekatzen, baina diktadurak zabaldu zuen beldurrak sustraiak bota zituen eta askok erabaki zuen ez zela hizkuntza hori erabiltzea komeni, ezta etxean ere». Erdal idazlearen kasuan euskarekiko harremana oso bestelakoa omen da: «El cura del barrio seleccionaba a los que sabían el euskera y él los recompensaba pues iba con ellos al monte, etc... Yo viví esa discriminación, y toda mi vida infantil y adolescente ha transcurrido a la sombra de esa discriminación». Arantxa Urretabizkaiaren liburuetan, Koaderno gorria kasuko, ETAren zenbait militante protagonista izan da. Fernando Aranburuk ETAren biktimei protagonismoa eman die bere liburuetan. Arantxa Urretabizkaia euskal literaturaren ikono bat da, halabeharrezko klasiko bat, euskaldungoaren delako kontziente kolektiboa-edo bapo mamitu eta aberastu duena bere neurriko irizpide literarioen bitartez. Fernando Aranburuk euskal literatura errukigabe arbuiatu du irakurlerik gabekoa dela aldarrikatuz, diru-laguntzei esker baino bizi ez dela adieraziz eta euskal idazle ia guztiak ETAren aurrean koldarrak edo konplizeak izan direla salatuz.

Euskaldun irakurle gehienok Arantxa Urretabizkaia maite dugu oso andre jator, ausart eta buruargia begitantzen baitzaigu. Izan ere, Arantxa gutarretariko dugu. Fernando Aranbururi euskara zein euskal literatura ahotara ekartzen dituen aldiro egundoko destaina nabaritzen zaio, berdin dio zenbatgarrenez bere bidegabekeriengatik bakartzeko eskatzen duen, behin betiko euskal literaturaren zein euskararen etsaitzat hartuko dugu nahiz eta bera etengabe gezurtatzen saiatzen den. Hala eta guztiz ere, Arantxa Urretabizkaia eta Fernando Aranburu sorkide dira. Biak familia langilekoak. Biek euren garaiko Francoren diktatura biziro gorrotatu egin zuten. Biek liburuak txikitandik maitatu eta irentsi dituzte. Biek euren sorterriko nondik norakoei buruz oparo eta zorrotz idatzi dute. Biei nabari zaie euren sorterria hagitz maite dutela. Biek idatzi berri dute memoria liburu bana, nork bere estiloan zein irizpideekin noski, baina biak samur-samurrak eta batik bat nor bere haurtzaroaren oso ilustragarriak. Arantxa Urretabizkaia eta Fernando Aranburu bi idazle donostiar dira.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...