domingo, 20 de agosto de 2017

PIURAREN ESTETIKA POLITIKOAZ ETA BESTE


Ez dakit zergatik sartzen naizen sasi artera ondo asko jakinda euskaldun gehienon euren buruaz barre egiteko ohitura eskasa, gainerakoen kontura baleike, jakina, maiz ere parrastaka; baina gure buruaz edo erne eta tente badaezpada. Eta bai, horretan ere norbaitek esan lezake oso lelo ezagun bat, hainbat gauzatan espainarretan espainarrenak garela hain zuzen.

Doala aldez aurretik ni ere biziki poztutzen naizela Rafa Diezen kaleratzeaz, Otegirenaz poztu bezala, noski, euren kartzelaldiari guztiz zentzugabekoa, Estatuaren mendeku garbi- garbia, iritzi bainion. Areago, baldin badago aspadi edo betiko Ezker Abertzalearen barruan apurtxo bat intelektualki eta etikoki estimatzeko norbait Diez bakanetarikoa delakoan nago. Izan ere, nik uste dut Rafa Diez egiazko zein taxuzko, menturaz ere ezinbesteko, bakegilea izan dela, zor diogula hein handi batean gaur egun, akatsak akats, goxatzen ari garen eta hain aspalditik irrikatzen genuen bakealdia.

Hala eta guztiz ere, ez al dago ezer esatekorik Rafa Diezek kartzelatik irtendakoan erakutsi zuen piurari buruz? Bai, ziur nago ez naizela Rafa Diezen mahuka motzeko koadrodun kamiseta zein, edo batik bat, praka motz urdinak eta ez dakit nik borladunak ere ziren zapatak ikusi orduko adin zein klase ertaineko Ipar-Europako edo iparramerikar turista bat Espainian ematen duela asmatu zuen bakarra. Zer esanik ez espetxeko irteerara bidean zehar zihoala maletak bi eskuetan ondo oratuta, Karibeko resort batetik alde egingo zuen bezala.

Honaino helduata, noski, hainbat irakurleren erantzun sumindu edo gutxienez aztoratua idurika nezake, jakina: "Eta zer, ez al du eskubiderik? Zein garrantzia du". Ados, ados, funtsean bai, ados; baina, Rafa Diezen agerraldia, kaleratzea, ezer baino lehen ekitaldi politiko bat omen ze, halaxe behintzat antolatu baitzuten ongietorria egien ziotenek. Gauzak horrela, nik pantailan ikusi nuenean zera etorri zitzaidan gogora blaust: Dagoeneko estetika ez al zaie garrantzitsua Ezker Abertzalekoei? Zeren eta zerbait erakutsi egin baldin baduen Ezker Abertzaleak betidanik hori izan da estetika, gehienetan etikaren aurretik. Eta ez zen hautabide okerra edo makala, ez; batez ere Historian zehar hainbat pentsalarik erakutsi bezala, besteak beste Jacques Ranciérek bere Le Partage Du Sensible: Esthétique Et Politique liburuan irakatsi zigunez: "La politique (...) ce n’est pas l’exercice du pouvoir et la lutte pour le pouvoir. C’est la configuration d’un espace spécifique, le découpage d’une sphère particulière d’expérience, d’objets posés comme communs et relevant d’une décision commune, de sujets capables de désigner ces objets et d’argumenter à leur sujet." Edo hainbeste pedantekeria barik esanda, euskara garbian, alegia: "Jentea edertan du beztimentak, baia aboro itxura onak (eta jakina, bai, atsotitzetan hasi ezkero zergatik ez: "Itxurak bakarrik ez du gizona egiten"...).

Honek guztionek ez duela buru buztanik? Baliteke, baina niri benetan esanguratsua begitantzen zait Rafa Diezen piura guztiz konbentzionala eta batez ere beraneantea, edo laburbildurik burgesa totala, hainbat urtetan Iraultza ikur izan duen ezker abertzalearen buruzagi beti dotore eta eratsu batentzat, gutxienez bere alderdikide gehienek, gazteenek apika, erakusten zuten beste piura zinez iraultzaileago, erronkazaleago, alternatiboago horrekin alderatua, noski. Baina tira, artaldean beti ardi beltzen bat edo. Ez dakit nik, baina ezin dut gogotik kendu zerbaiten adierazgarri denik ere. Nora joango zen Rafa Diez taula gainean ukabila altxatu eta gero praka motzetan, hondartzara zuzen-zuzen? Maltzurkeria galanta, badakit ere.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...