viernes, 4 de diciembre de 2009

Maisulana


Leitu berri dut Luis Haranbururen Ardo Zopak liburua eta behartuta nago euskaraz zeozer idaztera aspaldian ezpainuen hainbeste gozatzen euskarazko textu batez. Egileak berak kontrazalean dioenez badu zantzu autobiografikoa, neurri handi batean eta ni bezalako irakurle batentzat zantzu antropologikoa ere bilakatzen dena, H.k girotu eta azaltzen duen mundua guztiz arrotza zait-eta, baserri giroa, lehorrekoa, eta gutxi bailitzan, Francoren garaia, 50 harmakada alegia. Bada beraz aspaldi honetan euskaraz barra-barra idazten ari den hainbeste nobela uribe-elorriagatar hiperpostmoderno txatxu, geza eta batez ere ahazteko modukoren kontra idatzitako nobela ikaragarri polit, hunkigarri eta batipat gogoangarri bat. Euskera aldetik oso hizkera jator eta sotila, oso herri kutsu nabarmena erabiltzen duena, oso gertukoa suertatzen dena ahozkoaren gatza eta piperra ageri-agerian baitira. Baina baldin badago zerbait aipagarria liburuan maisu baten trazua, tentua, ikaragarri zuzen, eder eta xehe deskribatzen, narratzen dituena mozorroturiko haurtzaro baten gorabeherak. Aitona eta ilobaren arteko harreman ederra ardatz bilakatuta ere, ardatz dramatiko eta iradokitzailea, narrazioa nolabait ireki eta hersten duena, haurtzaro baten aurren-atzenak, guztiz aipagarriak dira ere guraso zein lagun artekoa, kanpoekikoa, koreanoekiko tirabirak, ezinikusiak, mesfidantzak euskaldun haur baten ikuspegitik. Eta naturaren inguruko guztia ere izugarri polita eta gainera txit berezia nire moduko kaletar baten begietara, gehienok kanpotik edo lantzean behin mendira joan izanaz bakarrik ezagun eta hala eta guztiz arrotz ere zaiguna, izenburu jartzen dioten Ardo Zopak bezainbestekoa. Oro har badago liburuan garai baten gaineko ikuspegi guztiz xarmant eta xamur bat, gure historia garaikidearen alderdi bat jorratzen duena inork oso gutxitan egin bezala, nolabait ere irakurleentzat berreskuratu, bertaularatzen duena orainarte oso bakanetan idatzi bezala, eta horri guztiari lehen aipaturiko idazkera lan bikaina eta tentu narratzaile zuzena gaineratzen baldin badizkiogu, zera dugu, literatura hutsa, euskarazkoan oso ohikoa ez dena hain zuzen ere. Maisulana.

No hay comentarios:

Publicar un comentario