miércoles, 3 de julio de 2013

EGIPTOKO KINKA LARRI AMAIGABEKOA



Kanpotik ikusita dena da nahaste-borraste, jakina. Alde batetik badakizu ez dituzula batere atsegin Egiptoko agintari berriak islamdarrak direlako, erlijioan oinarritutako gizarte bat antolatzen saiatzen ari direlako jo eta ke. Horrekin batera badakizu emakumezkoen eskubideen murrizketa erabatekoa izango zela Anaia Musulmanen egitasmoak nola edo hala gauzatu ezkero, badakizu ere haiek gogoan duten demokrazia motak ez duela inolako zerikusirik zuk estimatu edota halamoduz goxatzen duzunarekin, euren gizarte eredua Persiako desertuetan dagoela arestian baten batek gutxi gora behera adierazi bezala, eta ideia soilak noski ikaratzen zaitu, ezin baitugu inoiz ahaztu Egipto munduko herrialde arabiarrik populatuena dena.
Alabaina, badakizu ere boterean dauden gaurko agintariak Egiptoko herriak berak hautatu egin zituela oraintsu guztiz garbiak izan omen ziren hauteskunde batzuen bidez;  horretan ez dago, beraz, Morsi eta enparatukoei ezer leporatzekorik, argi eta garbi garaitu bide zirelako. Azkeneko hau ere ezta batere harritzekoa, Anaia Musulmanak militarren kontrako erakunderik handi eta eraginkorrena izan baitzen hainbat hamarkadetan, itzelezko lana egin zutenak jende xehearen artean egiptiar estatuak eskaintzen ez ziena emanez, hau da, oinarrizko zerbitzu asko eta asko. Eta jakina badakizu, apurtxo bat jantzia, irakurria edo hara bidaiatua baitzaude Egiptoko gauzez, erlijioaren presentzia erabatekoa dela han. Izan ere, beste arabiar herri batzuetan baino guztiz handiagoa, ikusi besterik ez zegoen egin behar Kairo hiriburua, Luxor, Asuan edo Alexandria zoragarriak ostiraletan, kaleak meskitak bezain mukuru baitzeuden, egia esan hiri erdiguneetako espaloi asko eta asko jendez gainezka belauniko Mekara begira otoitzetan; nik behintzat ez dut halakorik ikusi ez Tunezen, ez Senegalen ez eta Marokon bertan ere.

Hala ere, egia da Morsi eta bere kideak buru belarri ari direla herriko konstituzioa eraldatzen zein hiritarren eskubideen kontrako mota guztietako lege, arau zein neurri murriztaileak sortzen. Ezta harritzekoa beraz orain dela gutxi Mubaraken kontra eta libertate zein demokraziaren alde kalera aldarrika irten ziren berberak kopetaraino egotea, azken egunotan eztanda egin izana. Morsik alde egin dezan nahi dute, hori da Tahrir plaza famatuan batutako milaka manifestariek eskatzen dutena garrasika. Hala ere, badute manifestariok hautestontziek izendatutako gobernu bat aldarrien bidez botatzeko, edo beharbada indarraren bidez ere? Auskalo, hemen datza printzipioen gakoa, haietariko bat herriak berak hautatuko gobernu bat betiere hauteskundeen bitartez kendu behar dela. Eta gobernu honek demokraziaren beraren kontra egiten baldin badu? Hor dugu kasuotan berehala irizpidera ekartzen den nazien adibidea. Baina, badago beste gauza benetan adierazgarri bat gatazka edo kinka honetan, Egiptoko armada oraintsu arte ahalguztidunaren parte hartzea. Badiote armadak herriarekin bat egin duena, Mubaraken kontra egin bezala arestian. Oraingoan, ordea, armadaren esku sartzea ez dago batere argi, niri behintzat guztiz susmagarria begitantzen zait Egiptoko Historia garaikidea aintzat hartzekotan, ezin hobeto baitakigu noiz, nortzuk eta batez ere zertarako batu ziren militarrak herriarekin, Nasser handia, Sadat, Mubarak, hirurak militarrak bezain diktadoreak. Edo bestela esanda, botere zibilak, Anaia Musulmanena izanda ere, armadari mota guztietako eskumenak eta erregaliak kendu nahi egin dizkio. Morsiren gobernua saiatu da armadak mendetan goxatutako boterea murrizten, eta jakina, badirudi armadak oso begi onez ikusi ez duela bere pribilegioen murrizketa hori, armadak gaurdaino Egipton izan duen aginte indarra ikaragarria izan delako diktadura baten menpean bizi zen aldetik. Horrenbestez, ez al da benetan susmatzekoa armadaren herriarekin bat, Morsiren demokraziaren kontrako politika salatzen dutenekin bat  egiteko bat-bateko irrika hori? Baten batek daki, hasieran esan bezala hau guztiau kanpotik dakusagulako, bertan egonda ere dena gutxi eta gaizki ulertu arren, plaza famatuan bildutako gehienen aldarrikapenak atsegin izan arren, hauetariko gehienak ere ezin hobeto ulertzen ditugulako, besteak beste gurea bezalako demokrazia liberal bat  behingoan ezartzea eta honekin batera oinarrizko eskubide batzuk, sexuen arteko berdintasuna esate baterako, bakan batzuendako noski. Ez dut batere ulertzen, ez, eta gainera susmoa dut kolokan dagoena demokrazia bera delako, sasikoa baldin bada ere, hasi berria, sendatu gabekoa Morsik azkenean alde egin ezkero, eta hauteskundeetara berriro jo bezain laster Anaia Musulmanak garaile suertatuko baitira ezinbestez, hori baldin badago inor hautesteko aukerarik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...