domingo, 21 de julio de 2013

NORGEHIAGOKERIAK



Tipo bat hil da Murtzia aldean bospasei garagardo litro zurrut batean irensteagatik. Eta bai, laster hor nonbait aditu behar izan dut purrustada moduko ez dakit zelan definitu; Murtzia.... Baina, kasualitateak kasualitate gaurtxe bertan hasia nintzen berrirakurtzen Pako Aristiren KCAPPO Tempo di Tremolo eleberria, nobela izugarri ona, bai euskera jator, txukun, apainaren aldetik, bai jorratzen dituen istorioengatik (izan ere, ez dakit zer dela eta ez zuten behar bezala goraipatu edo beste euskarazko idazlan bikain batzuen neurrira ezarri; baliteke euskal mundu tradizionarekin, hau da, baserri giroarekin oso lotuta zegoelako, eta badakigu euskal inteligentsia modernoak betidanik muzin egin diola mundu horri, auskalo...). Edonola ere, eta esan bezala, berrirakurtzen ari nintzen, bigarren ataleraino hain zuzen ere, eta hara zerekin topo egin dudan:

"Jatekoa eta edatekoa mahairatzearekin hasi zen apustua zarata handirik gabe, luzea izango baitzen iharduna. Jatunak bi kilo garbitzerako zurruteroak hiru sagardo eta bi botila ardo hustu zituen, eta baita begiak loratu eta okertu ere. Bi ordura egonal bat egin zutenean inork pentsatu ez zuen kontu bat agetu zen, ea txiza eta kaka egitea libre zen ala ez. Jatunaren aldekoek ezetz zioten baina zurruteroaren lagunek baietz, bestela lehertu egingo zela eta. Emakume batzuek baietz, ez zitezela hain piztiak izan, zorigaitzik ez zutela nahi eta baietz erabaki zuten. Tabernariak mahaitik kendu zituen Ernesto eta albokoa botila ardo erdi hutsak lagatzeko, eta alboko mutikoak hondarrak botila batera botatzeko esan zion, muturra apuntatzen bazuen, eta botila bete zutenean txandaka edateari eman zioten, zeinek trago luzeenak egin, tabernako apustuaz ahazturik. Hiruretarako lerdea zeriola hasi ziren biak korrokada okaztagarriak boteaz eta lauretarako apustua erabakarik zegoen. Zurruteroa begiak jiraturik eta paparra lerdetan blaiturik zazpigarren ardo botilako estraineko tragoak seko utzi zuen burua mahaira botata ahotik bitsa zeriola. Jatunak hori ikustean barreari eman zion eta esfortzuak barrualdean egin zion asaiak atzeraka tripaz gora bota zuen seigarren kiloa amaitzear zegoenean. Kontuak hauek izan ziren: jatunak sei kilo eskas jan zituen, hala uste zuten behintzat, tabernariak hustutako botilak ekartzea sagardoarenak bai, zazpi, baina ardoarenak bost azaldu ziren arte."
KCAPPO Tempo di Tremolo - PAKO ARISTI

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...