martes, 5 de agosto de 2014

BARRUAN DAROIAZUNA


Herriko, hiriko jaiak, alegia. Umetan liluratzen zaituzte zure inguruan zoramena nagusi delako eta ia ezer ulertu ez baina nahi bai, ulertu nahi duzulako. Nerabetan maite dituzu zoratzen dena zu zeu zarelako gogotik ere. Gaztetan nekatzen hasia zara urtero dena bertsua delakoan zaudelako eta dagoeneko ia ezerk harritzen ez zaituelako, areago, jaiek xarma galdu eta maiz ere aspertzen zaituzte oso, dena berdina, errepikakorra, zatarra begitantzen zaizulako; egia esan jai egunotan kanpora joan gurago duzu. Nagusitan kanpotik ikusten hasten zara, egia esan urteak joan ahala gero eta kuttunagoak, atseginagoak egiten zaizkizu nerabetako zoramenaldi haiek akordura ekartzen dituzulako. Areago, nagusitan jaia nerabetan bezala bizitzeko, gozatzeko tentazioa duzu, eta baliteke, atzo suertatu bezala, tentazioan bete-betean jaustea, hau da, nerabe eta gazte artean zoratzen zarela harik era zure gorputzak nagusia zarela gogoratzen dizun arte. Zahartzaroan ez dakizu, noski, artean ez, baina baduzu zure aita aldamenean telebistari adi-adi Celedon San Miguel Elizako dorretik jatsi ahala zeharo liluraturik, hunkiturik, behialako zoramena gogoan duela, eta orduan sumatu sumatzen duzu zuk zeuk ere berdin egingo duzula etorkizunean, zure hiriko jaien oihartzuna barru-barruan daroiazulako nahitaez, ezinbesteean, behin edo muzin ere egin bazenien zure hiriko jaiei halako gauzez paso egiten zenuelakoan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario