miércoles, 20 de agosto de 2014

TRASH GARAIAK


Goiz ikaragarri kaskarra nire bulegotik edo ikus dezakedana, aurreko mendiak hodeiez estalita eta hotza, eguraldi oso hotza eta langartsua. Ezta harritzekoa, beraz, bizilaguna etsiak jota egotea, "ez du ematen abuztuan gaudenik". Ez, ez du ematen. Niri aldiz ez dit batere ardura, ondo asko, patxada ederrean, bainago nire lan mahaira bueltan eta ordenagailutaren aurrean laster argitaratuko didatenari azken ikutuak zein zuzenketak ematen. Badirudi, bai, udazken minean gaudela. Eta esan bezala, atsegin dut, hori baita gogokoen dudan urtaroa, egia esan irrikan nago egiazkoa bere kolore zein berezko malenkonia alaiarekin hel dadin. Bizkitartean, atzo arratsaldean oporren aurretiko nire auzotik Sancloyo herrirako oinezko ibilbideari ekin nion berriro ere. Harrigarria bada ere hilabete eta erdi pasatu eta gero gauza berriak topatu egin nituen ezustean. Besteak beste errepidearen ondoan hutsetik erakitzen ari diren etxe baten oinarriak. Ba ote da Rajoyk iragarritako indarberritze ekonomikoaren adierazgarri edo? Ez dakit, baina errepidearen bestaldean, oporretan joan baino lehenago eta udara partean bakarrik zabaldu ohi duten "chigre" ziztrin eta zikin, oso zikin, baten inguruan bazeuden plastikozko aulki zein mahai batzuk terraza gisara; atzo arratsaldean ordea skayzko bukata batzuk eta beira bat gainean zuten mahai batzuk zeuden; baina, jakina, inondik inora ez hiri erdialdeko pubetakoak bezain dotore eta itxurosoak, bigarren eskukoak eta itsusi-itsusiak baino. Ba ote dira skayzko besaulkiok delako arnasberritze ekonomikoaren beste ezaupide bat? Ez dakit, ez naiz ekonomista, ez eta estetizista ere; baina, hala ere, eta ez dakit zer dela, atzokoari "trash" itxura ikaragarria antzeman egin nion. Hau ere datozen garai berrien seinale ote?

No hay comentarios:

Publicar un comentario