viernes, 22 de agosto de 2014

SORGINEN ALDARRIKAPENA


Badirudi Dolores Redondoren ustetan, idatzietan, "belagile" hitza "sorgin" baino zaharragoa dela. Eta baliteke, ez dakit ba nik, hori Juan I. Hartsuaga bezalako antropologo aditu eta trebatu bati galdetu beharrekoa da. Baina badio ere Redondok bere bestseller famatuan "sorgin" hitza euskara "modernoa" dela. Horrenbestez. nire buruari itaundu behar diot zer den euskara modernoa, batua ote?, gipuzkera osatua?, tokian tokiko ikastoletan irakasten diguten nahaste-borrastea? Xabier Kintanak egiten duena? Nik dakidala sorgin hitza EHko toponimia zahar osoan agertzen da. Izan ere, Arabatik irten gabe baditugu besteak beste Sorgimendi. Sorginarrate, Sorginarreka, Sorginatze, Sorginiturri, Sorginsolo, Sorginzubia, Sorginbolakekueta eta batik bat Arabako trikuharri ezagunenetariko bat Sorginetxe. Izan ere, Araban, herrialdearen hiru laurdenetik gora behintzat, euskara erdara baino zaharragoa zen/da. Hala eta guztiz ere, gero ezta batere harritzekoa erdaldun bat zugana jotzea, Redondoren liburua irakurritakoan esaterako, "sorgin" hitza asmakizun hutsa dela esanez. Eta ezta atzo goizeko pasadizua, ez, noski ezetz, gauza guztiz arrunta hainbat erdaldun euskaldunengana joatea euskararen kontura ohiko leloak zein aurreritziak, hor nonbait aditu edo leitutakoak, ozen-ozen aldarrikatuz, hau da, batua ez dela egiazko euskara asmakizun hutsa baizik, euskara baserrietan baino egiten ez dela, euskaraz ez dagoela benetako literaturarik, euskaraz ezin dela... Bukatzen ez den soka, bai horixe; baina baita antzinatik erdadunen artean, gure "estatukideen" artean" garatu edo errotutako joera bizi-bizi bat ere, euskararen kontra egitea euskarari buruz tutik ere jakin gabe, hor nonbait aditu edo leitutakotik enegarren aurreritziari gogor eutsiz, zenbat eta ezkorragoa, petralagoa, okerragoa, gero eta hobe, aurreritziak horretarako baitaude bakoitzari komeni zaizkion usteak sendotzearren. Nekagarria, oso.

No hay comentarios:

Publicar un comentario