martes, 26 de agosto de 2014

HAURRAREN IRRIBARREA AITZAKIA



-Nondik zatozte bueltan?


-Hondartzatik, gaur hain egun ikaragarri eguzkitsua, udakoa, egin du abuztu ilun, hotz eta euritsu hau pairatu eta gero ezen arratsaldean nire bizilaguna lanetik etxera itzuli orduko arin-arinka bazkaldu eta kostalderuntz alde egin baitugu ziztu batean. Ondoren, orduerdiko bidaia egin eta gero Uvieutik Rodiles alderaino, hondartzako aparkaleluan kotxea nonbait uzteko esperoan egon gara baten batek daki noiz arte. Honezkero, hondartzara kinkili-kankala heldu eta sekula ez bezala jendez gainezka zegoela ikusi, toallak hor nonbait uzteko mutur batetik bestera ibili, haurren atzetik itsas-bazterraino joan, bertan uretara sartu bizpahiru orduz, uretatik irten pasa-pasa eginda eta zegoeneko bizkarra makur-makur eginda txikerrarekin jolasean egondakoan, euren amaren ordez toalletan etzatzeko bera uretara sartu bitartean, hau da, eguzki galdapean arropak eta zaintzearren beste zereginik ezean bertan ez baitago modurik libururik leitzeko edo irratia behar bezala aditzeko. Gero ere dena hondarretatik bildu, dena hondarrez mukuru kotxeraino eraman, bertan haurrak eta euren bainujantziak zein zapatak garbitzeko ahaleginetan jardun orduerdiz edo harik eta azken hondar apurra kanpoan utzi arte eta batez ere kotxe barrura igo aurretik, eta beste orduerdiko bidaia bat etxera itzultzeko neke-neke eginda. 

-Baina, zer dela eta joan zarete behin edo hondartzara udara partean batere atsegin ez zenuela kontatu bazenidan, udazken eta negu partean guztiz nahiago zenuela lasai asko paseatzeko bakardadean.

-Zuk ez duzu aditu inoiz haur baten irribarrearena? Ba nik haur bi dauzkat.


*goiko argazkian nire gogoko hondartza, ez gaur arratsaldean bezalakoa, noski.

No hay comentarios:

Publicar un comentario