martes, 21 de abril de 2015

AITAREN ESKUTIK





Nik uste honako ipuin hau jarri egin nuela ez hain aspaldi. Orduan azaldu bezala ere ipuin sorta sasibiografiko baten parte da, eta zer dela eta ez igo hedabide honetara bestela sekula argitara aterako ez delakoan egonda, nire aitaren gorazarre xumean edo.



"AITAREN ESKUTIK


Arratsaldero bezala auzo ingurumarietan zehar paseatzera irteten naiz nire aitaren eskutik lana bukatu eta gero. Neguan gaude, hotz ikaragarria egiten du betiko lez. Horrenbestez jertsearen lepoa doi-doi sudurreraino altxatuta daroat eta zamarreko botoi guztiak ondo lotuta zintzurreraino bertaraino ere bai. Antso Jakituna kalerantz goaz, bertatik Lovaina plazaraino iritsiko gara, eta segur asko bertan Madre Vedruna kalerantz jotzeko. Asmoa da bizi garen Etorbidera bueltatzea inguru horretan nire gurasoek erosi nahi duten etxebizitza eraikitzen ari baitira oraintsu arte ortuak baino ez ziren orube batean. Ostegunero eroaten nau nire aitak eraikitzen ari diren etxearen bazter-inguruetan zehar kuxkuxean egitera, hau da, eraikitze lanen gorabeheren berri gertutik edo jasotzeko asmotan. Nik ostera gurago dut Gorbea kaleraino joan, nire aitak bertako kiosko batean arratsaldeko Norte Expres egunkaria erosi ohi baitu, bertan ere ozta-ozta astero izugarri maite ditudan tebeoak erosi ohi dizkit eta. Noizik noiz ere nire aitak Tiempo ala Cambio 16 izeneko aldizkaria erosten du, gehienetan mitin batera joan aurretik ala ostean. Nik ikuskatu ohi ditut aitaren aldizkariak, baina ulertu ez, tutik ez. Gauza bera suertatu zitzaidan behin batean liburu-dendek hirigunean urtero jartzen duten azokan erositako liburu batekin. Nik hautatu nuen azalean ikurrina bat zegoelako nire aitak “Los Españoles que dejaron de serlo” titulua irakurri eta atoan erosi egin zidan. 


-Etorri nahi al duk nirekin ostiraleko mitinera?


Dagoeneko hiru mitinetara eroan nau aitak, hauteskunde garaian gaude eta, Franco hil eta gero Madrileko Kongresuko kideak hautatzen dituzten bigarrengoak. Orain dela bi aste EAJko hautagaien hitzaldiak aditzera joan ginen Mendizorrotzako kiroldegian. Ikaragarri aspertu nintzen, jeltzaleek, horrela azaldu baitzizkidan nire aitak, oso tipo serio eta zuhurrak zirela ematen zuten, ia denak traje eta gorbatadunak, jende azalez ondo ikasia eta batik bat gure herri txiki hau aurrera ateratzeko ezin apropos eta adoretsuagoak nire aitaren berba suharretan, besteak beste jeltzaleen burua den eta nire amak behin baino gehiagotan gizon benetan ederra eta dotorea deritzon Garaikoetxea jauna eta honekin batera ere gure hiriko alkate izugarri maitea, jeltzale-burua bezain ez ederra edo itxurosoa, agian hain dotorea ere ez, baina ezagutzen ditudan ia nagusi guztiek gogotik goraipatzen dutena gure hiri txiki eta itxia goitik behera aldatzen ari baita denon onerako, gure ingurukoen aldean hiri guztiz txukunagoa, irekiagoa, bizigarriagoa bilakatu nahian. Hasteko, alkate jaunak erdiguneko hainbat kale oinezkoentzat propio antolatu egin ditu, itzela da kotxe bako kaleetan zehar ibili ahal izatea, badirudi ziurrago zoazela, libreago omen edo sekula ez bezala behinik behin. Eta honekin batera badirudi ere alkate jaunak hirian barrena lorategiak nonahi jarri egin dituela aberatsen jauregietan bezala.


-Autonomia berreskuratu orduko hauek jaun eta jabe izango dituk halabeharrez.


Nik, noski, ez nekien oso ondo zertaz ari zen nire aita. Nik aditzen nien oholtza gaineko hizlariei Euskadi hitza etengabe aipatzen, ia hizpide bakarra zutela, baita Gora Euskadi Askatuta! aldarria etengabe eta ozen ere hitzaldia amaitutakoan, eta oso atseginak begitantzen zitzaizkidan, Euskadi hitza bera nire aitona-amonen etxean entzuten bainien etengabe nire senitartekoei zein eskolako lagun askori ere bai. Euskadi omen zen gure aberria, edo hori behintzat zioten jeltzaleek behin eta berriro, eta hori ere aditua nien nire inguruko nagusi gehienei hor nonbait. Espainia gure betidaniko etsaia baino ez zela, gure egiazko aberria zapaltzen duen estatu odol-gaiztoa, gure foru zaharrak zein gure jatorrizko hizkuntza zaharra ere lapurtu zizkiguna, eta horixe zen ere nire eskolako zenbait mutiko koskorri entzuna niona behin baino gehiagotan.


-Horrexegatik ere euskara ondo ikasi behar duk, seme, hire herriko hizkuntza duk eta.


Hurrengo ostiralean, aldiz, beste mitin zeharo ezberdin batera eroan ninduen aitak Mendizorrotzara. Polizia andana zegoen kiroldegiko inguruetan, bazioten gainera, edo aitak berak horrela azaldu zidan behintzat, kanpotik etorritako autobus pila zegoela, “bai, seme, kiroldegia behar bezala betetze aldera, Felipe eta Alfonso datoz eta”. Joandako ostiraleko mitinak ez zuen alderik bestearekin, guztiz jendetsuagoa, burrunbatsuagoa eta batez ere alaiagoa zelako. Beharko, jendea etengabe txaloka ari baitzen Felipe taula gainean zegoelarik eta batez ere barre-algaraka Alfonsok Espainia bere amak ere errekonozituko ez zuela esan orduko. Giroa ikaragarri alaia, bipila, zen, kiroldegian jai hutsa ospatzen egon balira bezala. Nik uste bertan baturiko guztiak PSOE duda izpirik gabe hauteskundeetan garaile suertatuko zelakoan zeudela, horrela behinik behin aldarrikatzen zuten ozen eta bero bandera gorriak eta guzti inarrosiz. Nire aita ere hainbeste emozio bihotzean ezin kabituz ari zen, nik esango nuke pozez gainezka, eta hori izan zen behintzat nik sumatu egin niona kiroldegitik irtendakoan zera esan zidanean: “Espainia hauek ez baldin badute aldatzen, inork ez du egingo”. Ni ordea banenbilen zeharo nahasturik, baita nahiko nahigabeturik ere, ezin bainituen ulertu mitinean behin eta berriro aitatzen zituzten Espainia horren nondik norako berriak, ozta-ozta iraultzaileak Guerra zelakoaren hitzei erreparatu ezkero, iraganarekin errotik apurtuko zutenak, egiazko demokrazia aspaldiko partez ekarriko zigutenak. 


-Biharko mitina ere asko gustutako zaik, Urkok kantatuko dik.


Nire aitak badaki euskarazko kantak oso gogoko ditudala, Benito Lertxundi, Laboa eta herrikide dudan Gorka Knörr ere irratitik txitean-pitean entzuteak ikaragarri pozten nauela. Bihar, haatik, Urko izeneko donostiar kantariak joko du Euskadiko Ezkerrekoen mitinean. Nik badiot entzuna bere kanta bat astero gure hiriko irratitik emititzen duten euskal musika saio batean, Maite, maitea izenekoa. Ikaragarri gustatu zitzaidala gogoratzen dut, baina besterik ez. Nire aita, aldiz, mitinera joango da aspaldi agindu egin zielako Mario Onaindiaren emazte eta amaginarrebari. Emakume biok nire aitaren bezeroak dira, astero orrazten baititu gure bizilekuaren erdian atondurik duen ile-apaindegian, eta gainera txukun-txukun, haiek arruntean oso pozik egoten baitira nire aitaren lanarekin. Badirudi nire aita, eta nire ama ere bai, bi andreokin oso ondo konpontzen direla, hain jatorrak, berritsuak eta baita eskuzabalak ere baitira beste bezero batzuen aldean; esate baterako hiriko zinegotzi baten emaztearen aldean, desatsegina eta zekena bezain handiustekoa. Honez gain, Onaindiaren aitaginarreba ere ezagun du nire aitak, kalean behin baino gehiagotan berarekin hitz aspertuak ere egin baititu auskalo zeren kontura. Behin batean ere Marioren aitaginarrebak nire aitari bere herritik bizpahiru kantara bete ardo ekartzeko eskatu egin zion. Nik dakidala aitari oso atseginak zaizkio Onaindia eta Bandres, telebistatik azaltzen diren aldiro beraiei txaloka egiten baitie oso azkarrak eta ausartak direlakoan, egia borobilak esaten dituzte eta. Eta badago EEko beste bat ere, Olaberri izeneko giputz bizardun bat -tira ba, nik uste alderdi horretan bizarduna ez den bakarra Bandres izeneko abokatu azkarra eta ausarta ote dela-, betiere barre eragiten diona nire aitari telebistatik botatzen dituen zirtoei esker gainontzeko alderdietako politikarien kontura. Egia esan, izugarri abila da bere aurkakoak lotsariarazi edo maiz ere errukigabe larrutzerakoan, batik bat Madrilekoak baldin badira. Onaindia eta bere alderdiko beste hainbat ETAren partaide ohiak dira, asko eta asko kartzeletan egondakoak oraintsu arte, hau da, estatuaren txakurrak zein frankista zikinak akabatzen dituen erakunde armatuaren kideak. Hala ere, Onaindia eta gainerako “entzungor” gehienak polimiliak ziren, armak alde batera laga eta politikari eutsi egin ziotenak estatuarekin itun bat sinetsi eta gero, ez dute, beraz, zerikusirik ia egunero errukigabe eta edonon tiroka zein bonbaka diharduen erakundearekin, hots, delako ETA Militarrarekin.


-Itzul gaitezen etxera arin-arin, hotz handia egiten dik eta.


Bai, nire aita zuzen dago, hobe dugu lehenbailehen etxera bueltatzea edo bestela sano hoztuko naiz. Nik biharko mitinera joan nahi dut, Urkoren Maite, Maitea zuzenean entzun nahi nuke eta. Gainerakoak ostera ez dit ardura handirik, politikariak oholtza gainetik hitz eta pitz ari direnean ezer gutxi ulertzen baitut, ez baldin bada Gora Euskadi Askatuta oihukatzen dutenean. Orduan bai, orduan badakit niretarretakoak omen direla. Gutxi gora behera, ezen inoiz ezin baitut jakin norainoko niretarrak diren egiatan, nire aitari galdetzen diodanean lehen muzin eta gero irri egiten dit eta. Tamalez, nik ez dakit inoiz nire aita noiz hitz egiten didan seriotan, maiz niri adar joka ari baita edozein lelokeriaren kontura.


-Tapatu hadi ondo, hotz handia egiten dik eta.


-Txamarra txiki eta estu geratu zaidak, aita.


-Bai, erosiko diat Alianza Popularrekoek daramatzaten gabardinak bezalako bat.


-Ei! Fraga, Martín Villa eta enparatuenak bezalako gabardina bat?


-Horixe, seme, jende harro eta boteretsuek janzten duten gabardina luze eta dotore bat, horiek baitira bizian hotzak sekula jango ez dituenak."



ASPERRA - Txema Arinas

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...