viernes, 10 de junio de 2016

IRUDIA

Zintzoak, zintzoegiak

 
Argazkia: BERRIA / BERRIA
2016-06-09 / Txema Arinas - Idazlea
B
adira zenbait urte Iban Zalduak Espainiako egunkari txit ezagun batean euskal literaturari buruzko sententzia bat bota zuela: «Berezia dena hizkuntza gutxitu bat izatea testuinguru diglosiko batean, baina bere inguruko literatura handi eta txikien gero eta antz handiagoa duena». Eta baliteke, bai, oso azaleko gainbegiraketa bat egitekotan.

Badugu, jakina, euskal idazlerik famatu zein goretsienen hiruko santua. Aurrena, Bernardo Atxaga, bere iradokizun-iturri gehiena euskal nekazal arloan duena, kanpoan ere hain arrakasta handia lortu duena, ezen kanpokoek laburtu baligute bezala tratatzen duen euskaldungoak, hau da, bera aldendu balitz bezala etxekoa txikia geratu zaiolakoan edo. Bigarrena, Ramon Saizarbitoria, euskal idazle urbano peto-petoa, kanpoan inoiz gure artean bezainbeste ospea lortu ez duena, ez behintzat salmentei dagokienez baina bai ordea kritikari gehienen estimuan, goi-mailako euskal literatura ordezkatzen baitu duda izpirik gabe, hau da, iraun izan nahi duena. Hirugarrena mitoa dugu, literaturan oso gazterik nabarmendu zena taxuzko idazle berriztatzaile eta iaio bezala; baina, bere biziaren ibilbide guztiz zurrunbilotsu zein alderraiak erabat baldintzatu duena, Martuteneko ihes famatua tartean. Hirurok ditugu euskaldungoaren hainbat ezaugarri zein joera nagusi, bizi eta batez ere ezberdin ordezkatzen dituztenak.

Hauekin batera badaude itzel estimatuak ere diren beste idazle batzuk urte askotan egindako lanagatik: Aingeru Epaltza, Koldo Izagirre, Anjel Lertxundi, Arantxa Urretabizkaia eta abar. Badira idazle guztiz kontsakratuak, euskal literaturaren historiaren parte, inork ez die euren ekarri literarioa ukatzen, berdin da noizbait kritikoegiak izan diren inguratzen dituen errealitatearekin edo.

Eta baditugu, noski, belaunaldi berriak, Atxagak berak aipatzen zuen euskal tradizioa eta modernitatearen arteko «enpastea» erabat gainditu dutenak. Hauetariko ditugu kanpoan ere entzute nahikoa lortutakoak: Kirmen Uribe, Unai Elorriaga edo Harkaitz Cano.

Baditugu, eta zorionez «literatura emea» kontzeptu murritz eta itsusiari muzin eginez, oso bide propio eta pertsonalak jorratzen dituzten emakumezko idazleak: Katixa Agirre, Estibalitz Alberdi, Karmele Jaio, Irati Jimenez, Jasone Osoro, Eider Rodriguez, besteak beste.

Badaude itxuraz behintzat bihurriak begitantzen zaizkidanak, hots, euskal gizarteari kritika zorrotzak egiten dizkionak hainbat kontraesan edo ajeren kontura eta alde batetik edo bestetik: Jon Alonso, Iñigo Aranbarri, Lander Garro, Aritz Gorrotxategi, Xabier Montoia, Iban Zaldua, Juanjo Olasagarre, Jokin Muñoz eta abar eta abar.

Eta literatura guztietan suertatu bezala, baita guztiz estetikoagoak omen diren beste batzuk ere: Joxean Agirre, Agur Miren Meabe, Karlos Linazasoro, Pello Lizarralde, Lourdes Oñederra, kasuko.

Alabaina, egon ez dakit nik dagoen gaur egungo euskal literaturan Louis-Ferdinand Celine, Thomas Bernhard, Charles Bukowski edota Fernando Vallejo kolonbiarra bezalako idazle ustez gaiztorik. Bai, gaiztoak, edo bestela esanda, euren liburuez garaiko zein tokian tokiko gizartea sano astindu zutenak, zintzoak nolabait eskandalizatu zituztenak orduko konbentzionalismoak zein arauak hankaz gora jarri nahi izan zituztenak, sarri askotan probokazio huts edo zakarraren bitartez. Non daude gure egiazko gaiztoak, hau da euskaldungoak inondik inora aditu edo leitu nahi ez duena idazten dutenak, euskaldun zintzoak errotik asaldatzen dituztenak bere egia borobilak kolokan jartzen dituztelako, trufa egiten dietelako? Ez al dira euskal idazle gehienak alde edo moldez zintzoegiak euskaldungoaren harrizko konbikzio ideologiko eta batez ere identitarioekiko?

Beldurrak nago oraingoz izan dugun idazle azalez gaizto bakarra Gabriel Aresti izan den.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...