sábado, 1 de mayo de 2010

GOIZEKO GOGOETA LOGABETUA


Bukatu dut inork ez eskatu eta are gutxiago inoiz inola ordainduko ez didan betebeharra. Baina bete beharrean nengoen badirelako gauzak errotik aztoratzen nautenak, besteak beste sekula gogoko izan ez dudan epaile famatu horren auzia, benetan adierazgarria estatu alu honetako nondik norakoez.

Baina tira, asteburua gainean dugu, asteburu luzea gainera etxean sartuta egoteko eguraldia ez baita oso lagun ona, kostalderaino gerturatzeko irrikan nago, itsasoa ikusi gura dut, kresala nabaritu nahi nuke nire azalean, arrain freskua triparatu. Baina ezin, T ohean etzanda dago lotalo, badira lau egun umeak etengabe itzartzen gaituela, ez duela gauean lorik egiteko goizean behar adina egin baduelako, sasiko halakoa. Eta hemen gaude, beraz, etxeko hiru gizonezkoak telebistara begi zabalik, Mr. zeharo txunditurik marrazki bizidun petral batzuk direla kausa, Mk. tippia behin eta berriro deiadarka eta ni ordenagailuari atxikita ia betiko lez. Orain dela mimutu gutxi batzuk are laurok geunden ohean bertan, laurok elkarrekin pega-pega eginda, umea barre-algaraka, haurra tximuarena egiten, ni gogoetatsu eta T zurrungaka. Zer esanik ez, izara azpiko lehenengo ostikoa jaso eta Tk ohetik bota egin gaitu popatik hartzera joan gintezen esaka.

Egun grisa eta hitsa, azken egunotako eguraldi edarra zeharo aldatua, itsusira. Dena dela, sumatu baditut lehioan bestaldean eguzki izpi xume batzuk, zorte apur batez baliteke hodeiak zabaldu, atertu, eta bazkalorduan Xixonen egotea arratsaldean
itsas-pasealekutik zehar goxo-goxo ibiltzearren, Elogioren alboko parkean zein umeentzako pirata ontzian potrojorran aritzea, baliteke ere eguna eztabaidaka egin barik igarotea, auskalo. Bien bitartean, T ohetik jeiki orduko bere gurasoak Atlantikoaz bestaldean daudela gogoratu eta ea libre uzten nauen goizeko ezinbesteko kafesnearen bila kalera irten nadin, burua nolabait haixetzearren, umeengandik ahalik eta urrunen gero beraiekin bueltatu arren.

Bukatu badut aspaldi idatzi edo iruzki egiteko gogoan nuen gaia, batere goxoa ez dena, batzuentzat agian aspergarri, gaitzesgarri edo arbuiagarri. Niretzat ordea ezinbesteko oso gertutik ukitzen nauen gaia baita. Ez dut ezer pertsonalik idatzi, ez dut sekula egingo, pertsonala zaidana nire inguruko beste batzuei ere zaie-eta, ez dut eskubiderik, gainera, ezer esan edo idazteko nire helduen baimenik gabe, baliteke antzekorik ez egin nahi izatea eta nik men egin behar diet nahitaez. Nolabait ere, gorazarre moduko zertxobait egin nahi nuke inork irakur ez dezan, beharbada nik neuk bakarrik hilabete batzuk pasata, baina horrexetarako idazten dut blog hau, nire gauzatxoak, batere zentzunezkoak ez diranak, pedanteria hutsak, pasadizu hutsalak, memelakeria galantak, buru buztanik gabeko arrenkurak, egunak aurrera joan ahala gogora ekarri ahal izateko desira dudanean. Gainontzeko guztia, ez dakidala zer den hori, bost ardura dit. Lasaitzen naiz hau idazten dudanean, hustutzen naiz, nire barne kezka zoroak behin idatzita badirudi sendoago sentizen naizela inguratzen nauenari eusteko. Horrexegatik jarraituko dut idatzen, eta zenbat eta pitokeria gehiago, gero eta hobeto, pitokerietan bizi naiz-eta ni, horrelakoa da bizitza eta ni ez naiz batere makala halakoak asmatzen.

Zorionez badira gauza bila bizitzaren hutsuneak nola edo hala betetzearren, gaurkoz kostalderantz joatearekin nahikotxo dut, ea patuak zer dioen. Ruperren fas fatum entzunez.

No hay comentarios:

Publicar un comentario