jueves, 27 de mayo de 2010

SARRI, SARRI...


Bukatu dut azkenean, kostata liburua ikaragarri mardula baita, larregi. Alabaina, maldan gora eta guzti lortu egin dut. Ezta gutxirako hasieran gogotsu, adoretsu, ekin bainion LAGUN IZOZTUAren irakurketari. Sarrionaindiaren idazkera oso txukuna eta xaloa delako, liluratzen zaitu leitzen ari zarela, goxatzen duzu izugarri bere euskararen fineziaz zein edertasun bikainaz. Hala ere, eta behin baino gehiotan esan bezala, idazkera ezta dena, ezin da izan, gehiena jota soinekoa izan leike, gorputza ordea, hau da, edukia, ondo taxutako istorio bat izan behar da nahitaez. Eta istorioa printzipioz bada ere oso interesagarria, Ameriketan ustezko ETAkide erbesteratu batzuen gorabeherak, bizipenak zein gogoetak.Jario ederra, dena hasten da haietariko bat izoztua agertzen denean, haritik tiraka Ameriketako zein iraganeko iradokizunak, gaiak, sinbologia, garaiak eta gertalekuak tartekatzen dira etengabe. Badu Sarrionaindiak aparteko trebezkia hau guztia harilkatzeko, baina ehunak ehun Sarrik harilkatutakoa ezta nire gustukoa, ezin dut nire soina berarekin jantzi liburua gorpuzten duten iradokizunak edota gaiak ez baititut batere gertuko, ez geografiko-soziologikoan, ez eta ideologikoan ere; nik ez dut inolako aberriminik, nik ez dut alde egin kartzela edo egiazko herri izoztua besterik begitantzen ez zaidan herri batetik, hain zuzen ere bestelako kartzela batean sar ez nintzaten, ni ez nabil noraezean askoz arrotz edota hotz zaidan atzerri batean. Sentitzen dut baina erabiltzen duen sinbologiak ez nau batere hunkitu, ezta ukitu ere. Ni ez nator bere gogoetekin bat gehienetan eta hasieran goxatu egin banuen bere narraziokeraz, liburuaren orrialdeak gutxi-gutxinaka aurrera pasa ahala liburua gero eta astunagoa bilakatu egin zait nire ustetan egilea behin eta berriro bueltaka ari baita betiko lelo aspertuekin. Esan leike ere LAGUN IZOZTUAaren epika edo lirika ihesa dela, ihesi dabilen idazle famatuaren ibilera pertsonala zein literarioa. Saiatu saiatu nintzen nire burua bere bidean irudikatzen, galduta topatu nuen, berea bezain noraezean, seguruasko sufritu ere egin nuen ustez behintzat atzean utzitakoagatik. Baina, hala eta guztiz ere, bidetik aldentzeko zergatia edo zelan beti gogoan izan nituen, badakit hitza ez zaiela batere atsegina bide horri ekin zioten gehienei: damua. Gainerako guztia hutsaren hurrengoa, burua zein gogoa etengabe berotzeko saioak, edota batez ere aspalditik eraikitako mito literario zein humano bat gizentzeko motibo gehio, iheslari zein idazle madarikatuarena, gure artean oso goretsia dena, askoren ustez drama epiko eta kasu honetan ere lirikoa edo ere dena, baina niri hutsala besterik begitantzen ez zaidana.

400 orrialde baino goragoko liburu bat da, esan bezala oso bero hasi eta berehala epeltzen joan nintzen zeharo hotzitu arte. Dena dela, hozminduta eta guzti bukatutakoan zenbait gogoeta azpimarratzekoa delakoan nago, idazkera fina eta aldi berean ikaragarri hutsalaren adibide ezin egokiagoa dena, batez ere ondo baino hobeto adierazten dituelako liburu hain goraipatu eta batia saritu ere honen nondik norakoak. Noraino zon dio Sarrik bere arrakasta bere idazkerari ala Martutenetik bafle famatu haren barruan ezkututa ihes egin eta gero bere inguruan ehundutako mitoari, baten batek daki, nik ez behintzat, ni aspertu bakarrik egiten naiz hainbeste gogoeta handiustekoz, hainbeste itxurakeria hotzez. Nire ustez liburu hau ere mito izoztu bat bilakatu da hain hotzila den euskal literaturaren historian.

Hitzak galdu dituguneko unean, funtsik duen ezer agertzeko gauza ez garenean, angustia eta nahasmendua bizi ditugu gure baitan. Barne erbesteratze baten bidean enbarkatu izanaren inpresioa ‘bizi’ dugu. Mututu egiten gara eta iraganaren zantzuek zeharkatzen dute gure gogoa. Ez dugu etorkizunik antzematen, iragana lausotua agertzen zaigu nekearen poderioz, orainaldiak berriz, ez du norarik. Bihotz Bakartien Klubaren (BBK) sozioa izatera pasa gara une batez. Bizitzak, ordea, oroimenak oroimen, penarik pena, aitzina jarraitzen du. Penek ez dute kuotarik pagatzen-eta.

No hay comentarios:

Publicar un comentario