sábado, 18 de septiembre de 2010

ARABAR JATORRIZKO EUSKARAREN ATZENEKO HATSAK




Badago aspalditik sarean web.ahotsak.com izeneko horria non euskalki guztien laginak agertzen diren lurraldeka, eta besteak beste, jakina, Arabakoak. Bada, orduan, oso web interesgarria euskaltzale ororentzat, bai aukera paregabekoa dutelako euskararen aniztasuna ezgutu zein goxatzeko, zein ia azkenenetan dauden hizkera askoren ahozko testigantzak gordetzeko asmotan. Eta Arabako euskaltzalontzat zer esanik ez, hemen aurkezten baitira, Aramaiokoak ez ezik, baita Mendebaldeko Lautadan arestian egiten zen euskararekin zerikusi, lotura edo ahaidetasun gehien duen berbeta, edo bestela esanda, Gasteiztik 15 kilometro baino gutxiagora dauden herrixketan geratzen diren arabar jatorrizko azken euskaldun zaharrak, Gasteizen bertan eta bere inguruan egiten zena ia duda izpirik gabe. Oso lekukotza garrantzitsua, interesgarria eta hunkigarria ere bai, batez ere kontuan hartuta euskarak gure herrialdean jasotako atzerakada ia erabatekoa, itzela.

Webean badira Legutiano aldeko hamaika arabar euskalduni grabaturiko ezkarrizketak. Agertu agertzen dira guztion izen-abizenak, 16 inguru dira oraingoz, gehienak edade handi-handikoak, baina webeko arduradunek ez dituzte grabaketa guztiak sartu, banaka batzuk baizik. Zehatz-mehatz esanda, gaurdaino Legutioko Migel eta Jose Saez de Biteri Saez de Biteri anaien zintak entzuteko dauzkagu eta baita Agapito Biteri Mendieta jaunarenak ere. Gainontzekoak honako hauek dira (ez zait barete kostatzen kopia-pegatzea...):

Legutioko euskara eta ahozko ondarea
Araba iparraldeko udalerria da, Zuiako Kuadrillakoa; Legutio edo "Billerle", bertakoek esaten dioten moduan. Santa Engrazia, Legutio eta Urrunagako urtegien ondoan dago, Bizkaiko muga ondoan. Legutioko herriburuaren ekialdean Arlaban mendilerroa dago, Albertia mendia gainean duela. Udalerri hauek ditu mugakide: Iparraldean, Bizkaiko Ubide eta Otxandio; hegoaldean, Arratzu-Ubarrundia; ekialdean: Aramaio eta Gipuzkoako Leintz-Gatzaga; eta, mendebaldean, Zigoitia. Legutioko udalerria bost herriz osatua dago: Elosua-Ollerieta, Goiain, Legutio (herriburua), Urbina eta Urrunaga-Nafarrate. Franko garaian euskarak atzerakada nabarmena izan zuen Legution, baina orain dela 80 urte inguru herri euskalduna zen. Gutxi badira ere, oraindik badira euskaldun zaharrak herrian. Luis Luziano Bonaparteren plano ezagunean Bizkaieraren barne sailkatu zen Legutioko euskara.



1 Astola Nafarrete, Jesus (1933) 1 0
2 Astola Nafarrete, Maria Pilar (1939) 1 0
3 Berriozabal, Paulo (1919) 1 0
4 Biteri Mendieta, Gregorio (1922) 1 26
5 Diaz de Mendibil Biteri, Cipriano (1924) 1 0
6 Diaz de Mendibil Biteri, Garbiñe (1932) 1 0
7 Egino Lopez de Aretxaga, Fernando (1928-2008) 1 0
8 Elorza Beitia, Anjel (1937) 1 0
9 Elorza Beitia, Juana (1924) 1 0
10 Garaigordobil Berriozabal, Imanol (1932) 1 0
11 Iturriaga San Vicente, Karmen (1930) 1 0
12 Lopez de Bergara Berriozabal, Maria Jesus (1940) 1 0
13 Saez de Biteri, Migel (1923-2007) 2 14
14 Saez de Biteri Saez de Biteri, Jose (1925) 2 14
15 Ugarte Ortiz de Zarate, Nemesio (1925) 4 14
16 Urkiola Mandiola, Pilar (1942) 1 0



Azken lekuko hau, Agapito Biteri, oso gizon ezaguna da eskualdeko euskara aztertzen joan diren guztiok, bera agertzen baita hainbat elkarrizketan edota ikerketan; bai Inaki Gamindek aspaldi egindakoan, bai oraintsu ere Imanol García Uriarte eta Ignacio M. Carrera Garmendiak egindakoan.

Ikas edo entzungai dugun hizkera ezta berbera herri guztietan, udalerriko herriburukoa, Legutiokoa bertakoa, bereizten da dexente inguruko herrixketatik, batez ere aditzari dagokionez, zeren EDUKI aditzaren iraganeko laguntzailetan erreparatzen baldin baditugu honako emaitzak topatzen ditugun batean zein besteetan:

LEGUTIO, OLLERIAS: neban, eban, geban, seban, sebien, eubien/aubien/ebien
ELOSU, NAFARRATE, URRUNAGA: nemen, eben, gemen, semen, semien, euren/eurien

hiztegiari dagokionez ere badirudi udalburukoak ekialderuntz jotzen duela, bere hizkerak tarteko bizkaiera dela, eta ingurukoek ostera mendebalderantz:

LEGUTIO: -runtz, oraindio, etzin, ju(a)n...
ELOSU, NAFARRATE, URRUNAGA: -rantz(a), ondiño, etzun, yuan...

Doala hau mokadu modura zer-nolako bereizitasunak topa genitzakeen asmatzearre.

Edonola ere, nik uste ikaragarri aukera ederra dela hizkera honen atzen hatsak dastatzekoa, batez ere kontuan hartuta geure herrialdean euskararen inguruan dauden hika-mikak, sarri askotan euskararen arroztasuna aldarrikatuz ere, kanpotik etorritako zerbait, hots, istilu politiko-estratejiko bat, bailitzan, edo bestela esanda, Kantauri aldeko kolonizatzaileek ekarritakoa, oso harrigarria ez dena behin baino gehiagotan ere gipuzkoar asko eta asko gureganatu egin baitzaizkigu aspaldiko misiolarien modura, hau da, arabar gaztelatu gaixoak euskalduntzeko/euskal ebanjelizatzeko asmotan, euren egiazko helburua denok gipuzkoar berriak bilakatzea balitz bezala...

Horrenbestez, oso egokia, ezinbestekoa egia esan, deritzot honako lekukotza ezagutarazteari Arabako ikastola zein euskaltegi guztietan, euskara Arabakoa norainokoa den bene-benetan beste lagin bat izan dezaten eskuragarri, erabilgarri ere, hau da, toponimia, lexiko zein Lazarraga, Landuccio, Betolatza, Garcia de Albeniz, Gamiz edo Legutiokoa bertakoa zen Palacios Saenz de Viteryren idazlanekin batera.

Badakit ere arabar askori hau guztiau bost arduratuko zaiola, euren hamaiketan jarraituko dutela euskararen arabar jatorriaren aurka. Ez dit axola, benetan aintzakotzat hartu behar duguna arabar euskaltzaleon borondatea zein euskararekiko atxikimendua baitira.

1 comentario: