lunes, 28 de abril de 2014

ETENGABEKO GAINBEHERA ETA HAINBAT GEZUR ERE BAI.


Jaso berri dut Buitrago garraio enpresak bere jarduna bertan behera uzten duen berria, hau da, laster itxiko duela. Txunditu egin naiz inport-export arloan lan egiten nuenean beraiekin lan egin bainuen eta harremanetan egon nintzen garraio enpresa guzietatik hoberena izan zen duda izpirik gabe. Ondoen lan egin eta erantzun ohi zuena gainontzeko gehienen aldean. Beraiekin behintzat ez zegoen hainbeste errieta egin behar edozein huskeriagatik guztiz edo ustez handiagoak, boteretsuagoak ziren beste batzuekin bezala, hau da, ia egunero telefonotik edo aurrez aurre oihuka egin behar zeniola elkarri gauzak bere bidetik joan zitezen kosta ahala kosta, hau da, zuk ordaintzen zenuen bidetik bertatik. Harritu nau bai, baita tristetu ere, garraio enpresa pila dagoelako eta Buitrago krisiari aurre egiteko gertuenetarikoa zelakoan bainengoen. Hau esanda, edo jakinda, Espainiako Gobernuaren bozeramaileen aldarrikapen triunfalistak gogora etorri zaizkit. Bai horixe, krisia atzean utzi eta hemendikan aurrera hazkundea geldoa baina etengabekoa izan dela diotenak. Baliteke bai kanpotik eskatutako oinarrizko aldaketa zein zuzenketak nola edo hala gauzatu egin dituztela; baina, zertarako, nortzuendako, nortzuen alde. Donostin bertan etxebizitzen salneurria igo da, bai noski, baina hainbeste ezen atzerriko aberatsek baino ezin baitituzte erosi, edo bestela esanda, gaur egun, eta behin eta berriro sinestarazi nahi zigutenaren kontra direlako erreformak edo zuritzeko, merkatua sekula baino murritzagoa omen da gizabanako gehienen eskuratze ahalmena sekula baino ahulagoa baita, hots, aberastasuna gero eta esku gutxiagoetan biltzen baita liberalismoaren hainbat berriztatzailek aldarrikatzen zuenaren kontra, ezin nabarmenago baita hau guztiau banaka batzuen abantailak areagotzeko baino antolatu ez dutela. Bai, txapa ederra, hitzontzi halakoa, zer jakingo dudan nik gainera ekonomiaz edo, hainbeste hitz hits eta hutz Forges handiak ezin hobeto laburtzen duena bere gaurko marrazkitxoan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario