lunes, 7 de julio de 2014

EGOSKORKERIA ERRUSIA ALDETIK IRITSI ZEN


 Bai, bada astebete edo serbitzari berria dugula goizeroko kafetegian, errusiar neska gazte ilehori bat. Oso gaztea, hogeitaka urte ingurukoa, panposha bezain adigogorra, edo agian ez du gaztelera behar besteko ondo ulertzen eta ez adituarena egin ohi du zu aho zabalik utzita barra ondoan. Baina berdin dio, neskatxak badu beti irriparre goxo bat ezpainetan marrazturik edo, eta hori beti eskertzekoa omen da sektore honetan nahiz eta kafesne gehienak erdipurdika jarri eta zu artatu aurretik URSSen garaietako lerrokada famaturen batean bazeunde bezala sentiaraziz. Gaur ordea neskatila bere onetik at zegoen. Bai horixe, auzo gehienean suertatu bezala goizean-goiz ez zegoen argindarrik, eta bueltatu dutenean errusiarrak ez zekien kafetegiko telebista nola ixiotu. Orduan hasi da biraoka gazteleraz zein errusieraz mandoa telebista dagoen paretarantz luzatuta. Aztoratuta zegoen, neska, itzel, gero eta gehiago mandoa gogotik sakatu ahala. Hain aztoratua ezen barra ondoko bezero bizardun heldu batek mandoa eskatu eta ditxosozko tramankulua nola piztu behar zuen irakatsi nahi izan dion. Errusierak ezetz egin du keinu zakar batez, ez zuela inoren irakaspenaren premiarik adieraziz bezala, nola edo hala piztuko zuela; ez al zuten bere aitonamonek Hitleren armada garaitu? Ba berak gauza bera egingo zuen delako telebista aluarekin, noski. Bezeroa aho zabalik geratu egin da neskaren erantzun zakarra zela medio; baina, ez dio ezer leporatu, guztiz alderantziz baizik, neska laguntzeari eutsi nahian edo, ez zegoela telebista pizteko inolako beharrik azaldu dio, bezero guztiok gure egunkarietara begira geundela lasai askoan. Eta egia zen, bai, borobila gainera, bertan geundenok elkarri begiratu eta TVE1 edo Antena 3.ko goizeroko tertuliaren ahots eskuindar, zatar eta batik bat errepikakorrak gabe esne mamitan geundela esan diogu. Neska errusiarrak, berriz, ez digu jaramonik egin, mandoa berriro telebistarantz luzatu eta etengabean sakatzeari ekin dio guri axolagabe, nabarmen zen haren lehentasun bakarra telebistaren zarata berreskuratzea zela kosta ahala kosta, eskuarki gaztelera, tertulietako partaideena batik bat, behar bezala ulertzen ez duelako. Izan ere, kafesnea bukatu, egunkaria bildu, katilua barra gainean utzi eta aterantz nindoala neskari beti bezala diosal egin diot eta ez dut inolako erantzunik jaso, errusiarrak mandoari eutsita egoskor irauten zuen eta.

No hay comentarios:

Publicar un comentario