jueves, 25 de enero de 2018

BERE BURUA ZELTIARTU ZUEN MUTIKO EUSKALDUNA


Zeltatasunaren kontura egunotan gogora etorri zait behiala argiratatu zidaten liburu bat non mutiko euskaldun batek bere burua "zeltiartu" gura zuen, nolabait esatearren. Edo bestela esanda, aitak txistulari nahi baina bera gaitajole bilakatu ei zen semearen istorioa. Euskal gatazkari buruzko parodia zorrotz bat izan nahi zuen funsgabeko istorio bat, oso gazterik baino idazten ez zirenetarikoa, hogei urte inguru, betiko lez inori gustatu ez zitzaiona txorakeria sorta bat baizik ez zelako. Zorte txarra, nik Günter Grassen "Die Blechtrommel" nobelaren euskal bertsioa egin nahi nuen eta, antza denez, Asterixen pasarte baten parodia lotsagarria suertatu zitzaidan edo.

"Aurkikuntza ederra, ezustekoa baina ederra, inolako gogo eta etorkizun barik txistuaz jo eta ke ekin ostean musikatik bizi ahal izateko asmotan, eta aurkitu berri nian instrumentu zoragarri hura, sekulan entzundako doinurik ederrena, zuzenena, harrigarriena, Munchen garrasiaren antzeko zirrara bat eragiten zidana, nire bizitza iraultzekotan zegoan. Popatik hartzera euskal tutu alu horrekin! Gora zeltiar tutuak! Harrezkero, nik neuk hain liluragarria zen doinu hura zahagitik ateratzeko neure hatzak gaitaren hiru tutuei helduta eta ezpainak pitan jarriak ikusten nitian. Hasieran Liam O´Flym-en doinua bera erauzi nahi nioan, geroxeago, horrek trebezia handiegia eskatzen zidala konturatu orduko, halamoduzko doinuren bat edo ateratzearekin moldatzen ninduan. Hain garbi eta ederra ez zen doinu bat, baina bai irlandarrarena bezain hunkigarria. Nola nahi ere, gaita ezagutu orduko nirekin batera beti izango zela berehala asmatu nian. Asmatu ere egin nian aurrerantzean ezinbestekoak izango zitzaidala jendearekin hitz egiteko, nire egonezina uxatzeko, alaitasunaz blai egiteko, porrotak ahazteko edo zorionak oroitzeko, hots, inoiz izan ez dudanaren minaz gozatzeko. Ziur nengoan gaita jotzen hasi bezain laster nire ordura arteko animua erabat aldatuko zela, baita inguratzen nindutenek nitaz zuten iritzia ere, alfer zein ganorabako hutsa, ezertarako kemenik ez zuena, erronka guztietan porrot egiten zuena, bere bizi osorako erretilu bat esku batean eta bestean garbitzeko trapu bat izango zituena, nintzelakoan edo. Ametsetan hasten ninduan gaita jotzen hasi eta suertatuko zitzaizkidan zorioneko aldaketa guziez, Ametsak amets, aita nire gaitatik ateratako The Rocks of Bawn ala Foliada de Elviña bezalako doinu batek liluratuta begitantzen zitzaidaan, orduan nik bizitzari aurre egiteko nian ezgaitasunari buruz egindako iruzkin zitalak irentsi behar izango zitian, erdeinuzko hainbat eta hainbat berba. Erakutsiko nioke nire aitari leporatzen zidan alferkeriaren eta ikasketak, euskaltegia, dantza taldea, mendigoizale taldea eta txistulari taldea bertan behera lagatzeko nuen benetako zioa: hori guztia inposatuta izan zitzaidala, nik ezetz esateko inolako aukerarik izan ez nuela, zeren eta aitak agindutako guztiari men egin baldin banioan bera pozik egon zedin bakarrik izan zuan, berarekin errieta ez egiteko bere aiurri bihurria ez pairatzearren, eta Sabandotarren omenezko helburuak, egitasmoak, asetzeko kapaz ez nintzenez gero, ezin nian beregandik inolako maitasun keinurik espero, beraz beragandik nahi nuen gauza bakarra bakean uztea zuan."
GAITAJOLEA - Txema Arinas

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...