jueves, 18 de enero de 2018

NEKEA ETA KEXA


Bart bukatu nuen duela bi urtetik hona tarteka-marteka, eta nire beste zereginei denbora lapurtuz, euskaraz eta eskuz idazten ari nintzen nobela, lau kaier zirriborratuak bost lagunen gorabeherekin nerabezarotik euren adin onera eta aspaldi ezagututako lagun baten erruz euren adiskidetasuna kolokan jarri zuen ETAren atentatu bat tartean. Bospasei pertsonai, guk ezagutu dugun euskal gizartearen bospasei errelatu/erretratu.

Bukatu nuen, baina ez nuen aparteko ezer sentitu, bozkariorik ez behintzat gainerako edo behialako nobelekin suertatu bezala. Gehien jota gainetik kendutako zamaren arindua, gure aitak umetan emandako aholku/aginduari jarraituz bukatu baitut: "hasten duzun oro amaitu beharrean zaude, ez utzi inoiz ezer erdi-merdi!"

Bukatu bai, zertarako jakin barik ere, badudalako aspaldi idatzitako euzkarazko ipuin sorta bat, euskal letreetako lagun on batekin zuzendua eta lagun on horren bitartez euskarazko argitaletxe batera bidalia, eta jakin badakit, sumatu bainoago, ez duela inolako aukerarik, ibilbiderik, denbora asko pasa egin baita berririk gabe, nabarmen da ez dela argitaratzeko egokia, gainerako hainbat euskarazko argitaletxek lehenago argi eta garbi esan bezala: ez zaie atsegin idazten dudana, agian ez zaie komeni ere, baliteke ere oso txarra, eskasa, ezdeusa izatea, hori ere gogoan hartu behar dut, nork bere irizpide literario-ideologikoak ditu eta beldur naiz ni inorenekin inondik inora moldatzen ez naizen.

Edonola ere, ez dut uste lau kaier horiek garbira, ordenagailura, aldatuko ditudala, tiraderara doaz artez. Nik ez dut lekurik euskalgintzan, euskalgintza bera ere ez dut nik oso estimuan salbuespenak salbuespen. Eta ez dakit zer dela eta, ez baldin bada euskara maite dudalako, ekiten diodan euskaraz idazteari, batez ere aintzat hartuta euskalgintzaren nondik norakoak gero eta meharragoak, baita arrotzagoak ere, begitantzen zaizkidala. Sobera zaudela asmatzen ere jakin behar duzu nahitaez.

Jakin ez dakit ere zer dela eta hau guztiau hona dakardan, baina nora bestela, hau bilakatu egin baitzait arinbide bakarra. Bestalde, aitor dut ere nork bere kolkoari begiratzen diola beti, hau da, kexontzia beti kexontzi...

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...