viernes, 23 de marzo de 2012

LATXAGARENAK




Irakurri berria dut ARGIAn 2003ean zendu zen Mari San Sebatian "Latxaga"ri 2001urtean egindako elkarrizketa. Balirudike 1934n jaiotako abade honek behin baino gehiagotan entzudakoak berriro ere irakurriko nizkiela, hots, euskaltzaletasunari buruzko ohikoak zein abertzaletasunari buruzkoak, edo bestela esanda, aspaldiko euskaltzale sutsu bezain mitodun zein borondatezale hutsetariko beste bat; baina ez, inondik ez, betiko abertzale adoretsuen kutsua hartzen badiot ere, ageriegi baitzaizkio haren ideologiaren betiko zantzuak, euskaltzaletasunari dagokionez aputxo bat heteredoxoagoa begitantzen zait. Latxagak oso tipo azkarra ematen zuen, oso gizon ikasi eta burutsua, euskaltzale peto-petoa eta gainera oso saiatua bere ikerlanetan. Hori bai, zergatik ez izan behar!, argi eta garbi idatziko dut, edonork bezala aurreritziez josita nagoelako, hain zuzen. Merezi du, beraz, haren biografiaz behar bezala jabetzea, sarean bilaka edonon, Argiako elkarriztekatik ere hainbat aipu egin baino lehen. Nik hautaturiko aipuok honakoak dira, ene ustez benetan xamurrak, gogoetagarriak baita gaur egungo euskaltzale ikuspegi zintzo eta zabal batetik ere, batik bat euskalkien kontura botatakoa, tabu garbi eta larria, oso eztabaidagarria ere bai, noski:

Euskara batuaren arauak ikasiz erotu ez den bakarrenetako bat zara...
Euskal Herria esaten dugu, baina Euskal Herria ez da bat. Zuberoa euskal herria da, eta ez diozu behin ere esango bizkaitar bati zuberotarra denik. Bada zerbait denek daukatena, eta era berean bakoitzak bere ezberdintasuna du. Euskara ere singularrean esaten dugu, bakarra balitz bezala. Baina zer ikusi du Bizkaiko euskarak Zuberoakoarekin?

Amerikan nintzela, Pensilbaniako estatuan bizi den Amien sekta aztertzen egon nintzen. Bere hizkuntza dute, germaniarren familiakoa. Eta konturatu nintzen gu ere hizkuntza familia bat garela. Gipuzkera hartu, eta hain hizkuntza egokiari nola esango diozu dialektoa besterik ez dela! Bizkaiko aditz laguntzailea Gipuzkoakoaren oso bestelakoa da. Euskalki horiek egiazko hizkuntzak dira, munduan beste hizkuntza familia asko dagoen bezala, euskara ere hala da.


Ikastoletako hasierako irakasleak emakumeak ziren batik bat. Emakumeek zer garrantzia izan dute euskal kultura transmititzerakoan?
Uste dugu euskararen etsaiak arrotzak direla. Nik uste dut euskararen etsaiak euskaldunak berak direla. Euskaraz mintzatzeko lotsa dutenak, beldurra diotenak, maite ez dutenak... Emakumeetan laguntzaile handienak andereñoak izan dira, pedagogia lana egin dutenak. Baina badira lotsagatik erdarara jo dutenak. Euskara oso bestelako hizkuntza bada, euskarak hezteko dituen bideak ere oso bestelakoak dira. Erdal mundura bazoaz, haurrekin ez dituzu erabiliko hainbeste txori abesti. Euskaraz bai, herri euskara zaharra doinuz eta txorien kantuz josita baitago.



Euskarazaintza "Anaien arteko guda" lana argitaratzear da. Lau liburutan gerrako berri emango du. Ez al dago dagoeneko dena esanda? Ezta batere. Nor dira egiazko euskaldunak? Herri honetan bere odola eman zutenak. Ez dago eskubiderik fusilatu zituzten gazte guztien hitzak bilduak izan eta orain arte ezertxo ere ez agertzeko. Guk argitaratuko ditugu. Zergatik pasa behar dute 66 urte hauek argitaratzeko?

Gudaz hitz egiteko modu ezberdinak daude. Bata da esatea zenbat soldadu sartu ziren eta nondik, eta zer nolako jipoia eman zuten. Beste gauza bat da aztertzea zergatik zen anai arteko guda. Karlisten eta abertzaleen artean, karlistak lehendabizi espainolak ziren, eta abertzaleak lehendabizi euskaldunak. Liburuan Josu Peña, Aretxabaletako 22 urteko gazte baten artikuluak biltzen ditugu. Berak azaltzen du baserritarrek botoa karlistei ematen zietela eta emakumeek abertzaleei. Baina euskararekiko zuten jarrera kontrakoa zen: Euskaltzaindian bertan ere karlista zirenek euskaraz egiten zuten eta abertzaleak zirenek, denek erdaraz! Mutil honek uste zuen karlistak abertzaleen aldera etorriko zirela. Baita ere uste zuen fusilamenduak bukatu zirela, eta hori idatzi eta hiru egun beranduago bera fusilatu zuten.

Zergatik Lizarra?
Nire maitasun ezkutua Errioxa euskalduntzea izan da. Errioxa zoragarria iruditzen zait eta euskal usaina hartzen diot. "Errioxa euskal iturri" liburua atera nuen Francoren garaian. Estatuak ez zuen saltzen utzi eta sekulako liburu pilarekin aurkitu nintzen! La Poblacion herrixkan bizi nahi nuen. 1.000 metro altueran dago, eta nire ametsa zen etxetik alderik alde ikustea eguzkia goizean nola jaiotzen zen eta gauen nola ezkutatzen zen mendien atzean. Baina arrebek ez zuten ezer jakin nahi Errioxako etxe harekin, eta Lizarrakoa erosi nuen.

Kultura eta geografia aldetik nola azalduko zenuke Euskal Herria?
Hiru zati bereizten ditut. Bat euskal kulturaren autopista deitzen dudana, Iruñea-Gasteiz artekoa. Nire asmoa idatziz propaganda egin eta ikastolez jostea da. Bigarren frontea deitzen diot Ebroko fronteari. Bazter denak nahastuko ditut dirua bildu eta Ebro ikastolez josteko. Hitzetan bakarrik ez geratzeko, milioi bat pezeta emana diot hango ikastola bati. Frente hau indartzen badugu, Espaina aldetik datozkigun muturrekoak ez dira hain handiak izango. Hirugarrena mendebaldekoa, Auñamendiko bidea. Hiru toki horietan ibiltzen naiz, batera eta bestera. Zerbait lortu dutela entzuten dudanean, hara joan eta erreportajea egiten diet.


Esan bezala, oso adierazpen eztabaidagarriak zein gogoetagarriak, agian amini bat zaharkituak ere, agian borondatezalegiak, agian zenbait arlotan oker-okerrak. Auskalo, baina nik uste merezi duela euskarari hainbeste emana dion gizon benetan jakitun baten hitzak akordura ekartzea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...