martes, 27 de marzo de 2012

ANTONIO TABUCCHI: AGUR ETA OHORE


Sostiene Pereira di averlo conosciuto in un giorno d´estate. Una magnifica giornata de estate, soleggiata e ventilata, e Lisbona sfavillaba."

Ba bai, seguru asko ezin da idazle bati egindako gorazarre hoberik egon bere lana berrirakurtzea baino. Nik ekin diot behin berriro, hirugarrenez ere nik uste aurrenekoa gazteleraz eta bigarrengoa italieraz, Florentzian erosita Gatopardorekin batera, Sostiene Pereira berrirakurtzeari. Eta gezurra ematen badu ere, esatera noala handiustekeria hutsa delakoan edo, aurreneko bi atalak irakurritakoan zera otu zitzaidan, atzoko egunean, Tabucchiren heriotza edonon zela hizpide, esan eta idatzitako hainbat eta hainbat laudorio zein goraipamen ezin txukunago, zehatzago, argiago, isladatzen zirela horri gutxiotan, hau da, haren idazkera garbi, erraz eta zuzena, haren gizakume apalekiko begikotasuna edota elkartasuna, karinoa omen, haren heroi ezustekoenganako erakartasuna, haren Portugalarendako erabateko maitemina eta abar luze bat. Beraz, handikeria ote? Baliteke, baina liburuak birritan irakurtzeari ekitekotan liburua jakina aurrekoa da, irakurketa aldiz sekula ez hainbeste.

Gero Sautrelan (http://www.eitb.tv/eu/#/bideoa/1529988996001) Tabucchiri aspaldi egindako elkarrizketa (eta hemen parada ezin hobea, ezin aproposagoa hemendik, webtxoko apal-apal eta ezezagun honetatik, behin berriro ETBn eta euskaraz zegoen literatur saio bakarraren desagerpena enegarrez salatzeko; zer dela eta ezabatu ezin hobeto badabilena) bai telesaio zoragarria, gutxitan gozatu ohi dut nik hainbeste halako ikuskizun batez.

Baina, Tabucchiren hitzei adi nengoela atoan etorri zitzaidan Sautrelan ere Lobo Antunes idazle portugaldarrari egindako beste elkarrizketa bat. Ezta harritzekoa, egin bainuen oso elkarlotura arina edo azalekoa, Tabucchi hain lusofiloa izanda, hainbeste maite baitzuen Portugal eta bere kultura, hain gogoan zuen hango literatura, nola ez ekarri gogora Lobo Antunes bezalako beste idazle txit goren bat. Eta zertan datza halako lotura, zer dela eta ez ekarri akordura ere beste humanista porrokatu bat, Saramago. Aitortu beharrean nago Lobo Antunes biziro estimatzen dudalako, txitean-pitean berrirakurtzen ditudanetariko bat delako, beti gogoan hartzen dudana ordenagailu aurrean esertzen naizean.

Hala ere, ba ote dago beste lokarri ageriago bat, belaunaldiak belaunaldi, nik uste, edo gutxienez azken bolada honetan gero eta gogoeta gehiago egin ohi dut honen kontura, Tabucchi, Lobo Antunes, Saramago eta gainontzeko idazke adintsuak elkar lotzen dituena; gehienok bazuten jende xumearekiko begiratu nabarmen xamur, errukarri eta batik bat solidario edo konprometitu bat. Hain zuzen ere gaur egungo hainbat eta hainbat idazle gaztearengan inondik somatzen ez dena, hori aspaldiko kontu zaharrak edo zatarrak bailiran, historiak irentsitako ideologia zehatz batzuen zantzua edo. Askori somatzen zaie, aitzitik, guztiz kontrako jarrera edo oso bestelako begiratua: destaina, bai herri xehearenganako, bai haiek bezain buruargiak edo jakitunak ez direnenganako; adibideak nor/nonnahi eta parrastaka ere bai. Esan liteke Tabucchiren jenioarekin batera erreskadan badoan idazle mota bat ere ainenatzen ari dela.

Bestalde, Sautrelako elkarrizketatzaileak, Hasier Etxeberriak, idazle italiarrari galdetzen dio ea euskal literaturaren berri duen. Honek erantzuten dio baietz ba, oso hein apal batean noski, Atxaga, nola ez, lagun duela dio, eta baita Aresti handiaren lana atsegin zaiola, batez ere gauza benetan mamitsuak esateko zuen estilo
garbi eta xamurragatik. Esan badut hor nonbait hau entzunda hunkitzen naizela ezinbestez, ene ustetan Aresti, hain handia izanda eta guzti, gero eta gutxiago antzematen baita euskal kulturbideetan.

Baina baldin badago elkarrizketan irriño bat musuan marraztu didana horiek izan dira Tabucchiren hitz hauek: "idazle kosmopolitatzat naute, eta baliteke, baina ni sentitzen dut nire burua nire jaioterrira gogor-gogor lotua". Noski baietz, zer dela eta uko egin behar jaio eta koskortu egin zaren txokoari kosmopolita edo izateko, hainbat eta hainbat artaburuk uste dutenaren aldean. Gainera zer demontre ote da kosmopolita izatea; herrialde askotan bizi izatea, hizkuntza asko jakitea, batetik bestera noraezean edo ibiltzea, auskalo? Denok gara neurri handi edo txiki batean kosmopolitak egunero eta etengabe kanpotik datorkigunaren zenbait gauza gure egiten dugun aldetik, ez besterik.

*azkenik, azpimarratu behar zer-nolako atsegina egin zaidan Tabucchik elkarrizketan erabilitako gaztelera pausatu eta goxoa, nabari zitzaion gaztelera ere gogoko izanda ere bere bihotzeko hizkuntza, ondoen egiten zuena ere, portugesa ere, baina ez inolako portuñolik egiten duelako, baizik eta behin baino gehiagotan, oharkabean edo, portugesera jotzen duelako hiz bila; esaterako, "acontece" darabil "sucede"ren ordez edo, ondo goxoa begitandu zaidana, "escolha" hitz portugesa ezustez edo gazteleratzen duelako "escoja" asmatuz "elección" esatearren. Gogogoratu dut ziplo noizbait Cervantesek berak portugesari buruz esandakoa, gaztelera bezalakoa zela baina hizkuntza honen laztasunak gabe.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...