miércoles, 2 de octubre de 2013

JITOAN



Aitortu beharrean nago aspertzen naizela eguneroko albisteekin, benetan diot, aspaldi honetan den-dena berdin begitantzen zait, hau, txarra, kaskarra, zatarra. Gure egunerokotasun hau gero eta ustelagoa delakoan nago, gizartea gero eta zatituagoa, asaldatuagoa, elkarri muzin eginda dagoelako, delako gizarte bakea hamaika zatitan hautsi bailitzan/bailuten. Eta dut inolako ihesbiderik somatzen, baizik eta honaino ekarri gaituzten hutsegite berberak behin berriro betetzeko prest dagoen jendilajea, hau da, gauzak okerragora joaren joz gero eta larriago ibiliko garela. Badakit eritzi/iruzkin hau arras ezkorra, etsigarria dela, badagoela jende andanak niri ere muzin egingo didala katastrofista hutsa naizela leporatuz. Balitike horrela izatea, noski, baliteke ere gaur behar bezain ondo edo osasuntsu jan ez izana, bain neke-neke eginda nago inguratzen nauen ororekin, etorkizuna nirea zein guztiena ezin beltzago, ilunago, hautematen baitut.

Eta baliteke ere antzeko pentsamendua etorri izana Alvaro Mutisen Gavieroren eleberri motzak eta gozo-gozoak berrirakurtzeari ekin berri diodalako, gazteagotako hainbat bizipen zein egindako bidaiak gogora ekarri dizkidalako, zer-nolako gazte agian ausart eta librea nintzen han atzerrian barrena nindoala, egunero gauza berriak ezagutu edo asmatzen nituela, zer gutxi axola zidaten etxeko gauzek, zeinen ederra, xamurra, omen zen urtean behingo edo birritango bidaiariaren ardurgabekeria dataduna. Horiek ziren gogora ekartzen ari nintzen asmakeriak edo amets txatxuak Gavierorenak irakurri bitartean harik eta nire emazteak bihartxe seme nagusiaren andereñoari ez dakit zer esan behar diodala gogoratu arte, bihar haurrak eskolako jantokira doazela eta eskolaz kanpoko aktibitateak edo hasten direla gogoratu arte, hainbat gauza erosi behar dudala jatekoa prestatzeko, zera ordaindu behar dudala, norbaiti auskalo zer esan behar diodala... Eta orduan bai, orduan akordatu naiz errealitate mota asko daudela, ihesbideak bezainbeste.

No hay comentarios:

Publicar un comentario