martes, 9 de noviembre de 2010

MARA-MARA ENE GOGOAN


Euria ari du hor lehioko kristalaz bestaldean mara-mara, kalea bustita, hutsik, hiria etsirik, zerua iluna gutxitan bezala, ordenagailuaren aurrean saka-saka ari naiz bata zein bestea jorratu nahian. Ez dut gogorik, denak gogaitzen nau, zertarako gogoz eta bihotzez ekin inolako ataramendurik jasoko ez dudan lan bati, zer dela eta hainbeste buruhauste gero ixilean geda dadin nire gogoetaren emaitza, zergatik eutsi behar hutsopilera baino ez naraman bide bati, gero zaharrago somatzen dut nire burua, gero eta gogo apalagoa bizitzari aurre egiteko, haurrengatik ez balitz, inguratzen eta maite ote nauten gainontzekoei zama ez beste natzaielakoan, zelan koxkortzen zaizkidan adi-adi egoteko,bestela ez nuke aurrera segitzeko ganorarik. Begitantzen zait nire bizi osoan hautatuko ditudan norabide ia guztiak okerrak izan direla, behin eta berriro huts egin dudala, saitatutako guztian kale, ez dakidala nora eta nola jo behingoz bide zuzen zein ziurretik joan ahal izateko, berrogeita bat urte eta sentitzen naiz oraindio haur koxkorra banintz bezala, sentitzen naiz beti atsekabeturik, etengabeko ezinegonean. Nire inguruan begiratu eta gainontzeko ia guztiek badakitela bizi petral honen helburua edo gutxienez manejua, euren zulotxoa egin badutela, ezinbesteko txoko kuttuna etorkizunari lasai asko eustearren. Nik ez, nik ez dut zulorik ene beldurra ezkutatzeko, ez dut nire burua non babestu, atertu, oraingo bizimodu halamoduzkoa edozein huskeriagatik pikutara joatekotan, ez dut erakutsi inondik ere jabe omen nintzen adorea, dudak eta beldurrak erreskadan, kemena gero eta makalagoa, handiustea nabarmen zen aspaldi, orain ustela baino ez da.

Bien bitartean kalean euria mara-marra, sukaldean indabak pol-pol, eta ene barrenean aldiz ia dena hits eta huts-

Ken Zazpiren diska berriaren kanta ezin arranditsuago eta txepelagoek ez dute ezertan laguntzen, gero eta U2aren antz handiagokoak, gero eta errepikapen/kalko ageriagoa...

No hay comentarios:

Publicar un comentario