domingo, 28 de noviembre de 2010
GABON KIRATSA USNAN...
Igande goizean zortzietatik ohetik jaikia. Kanpoan euri-langarra fara-fara, baina ez du elurrik egin atzo eta herenegun agindu bezala, badirudi ia beti okerrena igartzen dutela badaezpada, oso modu aldrebesa jendea kontrolpean izateko, edozelako ekaizpera irtetekotan erne ibil dadin, babes zerbitzukoei arazoak/buruhausteak/endredoak sor ez diezaizkieten. Ondo ba, ez gara inora irtengo, etxean geratuko gara goxo-goxo, baldin bada sutondoan, Gabon usaina edonon. Kalean behintzat jarri badituzte urteroko argiak, badago dendetan betiko Gabon eskaintza, etxean gaurgutxi ipiniko ditugu belena zein arbola, haurrak eskatuta, Gabonetako lilurak eragina, batzutan ni ere hunkitzen naiz nire semearen begietan ikusita.
Izango dut, bai, denbora Gabonetaz-eta hitz egiteko urtero bezala, urteroko memelakeriak, pitokeriak, ahoberokeriak alde eta batez ere kontra botatzeko, ez dut galduko, ez, aukera, egia esan ezinbesteko dut nire burua lasaitze aldera, lasaigarri ederra suertatzen zait ia beti Gabon garaian inoiz ez bezala kopetilundu eta atsekabetzen naiz-eta.
Tira ba, bien bitartean betikoa, asteburu luze zuria, benetan aspergarria, atzo T-ren gurasonean, gero eta gehiago aspertzen naiz, gogaitzen naiz, gero eta ahalegin handiagoak egonarriari eusteko, gogaikarria benetan nire aitasuna behin eta berriro kolokan jarrita ikustea, ezin asma nork esan edo eman die T-ren gurasoei nire semeak T eta biokin batera gobernatzeko, nire haurrenganako aginduen gainetik eta guzti. Benetan asaldagarria inork ez eskatutako aholkutxoak-eta etengabe entzun beharra, euren burueritziak erruz, ia esan guztietan darien hantustea, gurekiko amagaibeko maisukeria, esertzen zara euren aurrean, behartuta, beti behartuta, eta bat-batean urteak atzera bota egin dituzulakoan zaude, haur koskor baten tratamendupean, bat-batean gurakokeriaren mende.Eta ezin dute saihestu, euren aihurria da, nortasun handiustekoa, gainontzekoak sorbalda gainetik ikustea, behin esan bazidaten ere eskubide osoa zutela, hain ikasi eta buruargiak izanda, sendagileak... Eta jakina, zuri ez otu ere gogoan duzuna esatea, ezin ageriago dakusazuna, euren jauntxokeria, jatorriz zein ofizioz, edonorentzat begi bistan dagoena. Asaldatuko zaizkizu, ez dute euren burua horrela ikusten, ez zaie gustatzen, egia esan ez dator bat beraiek asmatutakoarekin, hain bikaina izanda euren irudi garbi hori zikin dezakeen edozer iritzi kritikagarri, hots, euren jokabideak zein irizpideak nola edo hala kolokan jartzen dituena, arrotza, gezurra, iraingarria, onaterzina, begitantzen zaie; hor konpon...
Asper-asper eginda naute, bai, gero eta jasagaitzagoa, gero eta ernegagarriagoa, etsigarriagoa. Haiek dira niri bizian sartu direnak, ez alderantziz, nik ezkon-gurasoak edo ditudan aldetik badakit begirunez tratatu behar ditudala, hain zuzen ere nik ere espero dudana. Besterik ez, edo bai, elkarrekiko begirunearen oinarri dudalako distantzia, betiere gogoan izatea aurrean duzuna ez dela zure benetako senitartekorik, halabeharrez pairatu behar duzun arrotz bat baino, ezin duzula berdin tratatu, ez duzula eskubiderik, batez ere berak eman baldin ez badizu baimena. Eta nik ez diet eman sekula, ni errespetuz bai, baina ezinbesteko tarteari atxikita, bestela ez, bestela izango nauzue beti betozkoa jarrita, zakar, ez baitut ezertan ere nire askatasuna saldu behar nik inondik ere ene biziaren partaide hautatu ez ditudanak gogara goberna nazaten, ni gobernaezina naiz, beti izan naiz.
Hau da asteburuak eman duena, betiko nekea, ezinegona, eta asperra, betiere asperra, udazken amaierako gogait hits eta euritsua, eta hala guztiz ere faltan somatzen dut nire herriko hotz eskerga, taberna bateraino zuzen-zuzen bultzaltzen zaituena katilu bat salda bero eskatzeko asmoz, bizitzaren plazer tipia zein zuria, kanpoko euria bezainbeste.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
INVIERNO A LA VISTA
T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...
-
La verdad es que no le veo gracia alguna a partirle la cara a nadie con un objeto contundente, ni siquiera por el detalle de que haya sido c...
-
Dentro del saco sin fondo que contiene todos los mitos, tradiciones y puros atavismos que, según entendidos, conforman la identidad vasca, p...
No hay comentarios:
Publicar un comentario