lunes, 25 de noviembre de 2013

ZALDUNEN TXOKOA




Nik ere antropologiaren antzeko saio bat egingo dut Historia edo herri literaturaren kontura, bai horixe. Atzo herritik deserrira itzulita, ez dakit nik enegarrenez edo Excalibur filma ikusi nuen. Eta zera etorri zitzaidan gogora, mahai borobilarena izan zitekeela aintzenean oso kondaira edo ipuin aproposagoa euskal txokoak bezalako elkarteen jatorria ulertze aldera. Areago, Ginebra eta Lanceloten aferari ezin egokiagoa deritzot hainbat elkartetan sartzeko emakumezkoei debekua nolabait entenditzeko. Jakina, bazegoen lagun talde bat, ogibide berekoak zirenak, Arturo eta bere lagunenean armen ofizioa omen, mahai borobil baten inguruan bildu ohi zirenak bertan otorduak egin bitartean denetarik hitz aspertuak egiteko asmotan. Hasieran, noski, eta pelikulan polito ikusten denez, eurenekin batera emazteak, neskalagunak edo auskalo beste zenbait maripurtzil (gizonezkoak berenez ezin jator, prestu eta nobleagoak omen zirelako, pelikulan zein literaturan ere ederto adierazi bezala) ere eseri ohi zirenak. Alabaina, denok elkarrekin zeudela mahai inguruan jan eta edan zein hitz eta pitz, badirudi behin batean Arturoren emaztea, Ginebra, senarraren lagunminari arrimatu zitzaion guztiz bazter-nahasle. Tamalez, Mahai Borobileko kide eta lagun batek erregina eta zaldunaren artekoa asmatu eta behin batean zaldun guztiak otorduan erdi mozkor zeudela bere erregeari salatu egin zion ozen-ozen denon aurrean. Gero gerokoa, erreginaren ohorea garbitzeko duelua. Badirudi Lancelotek ondo asko defenditu egin zuela bere erregearen emaztearen ohorea eta baita zaldun gibeljaleak gogotik ordaindu zuela ere. Hala eta guztiz, orduz geroztik Mahai Borobileko zaldunen arteko giroa ez zen berriz batere ona, oso ozpina baizik, eta handik gutxira beraien arteko ezinikusiak, liskarrak zein traizioak nagusitu egin ziren harik eta mahaia zeharo haustu, birrindu eta zaldunak munduan zehar behin betiko sakabanatu arte. Edonola ere, badirudi ere mitoak berea egin zuela Ginebra eta Lanceloten aferaren erruz.

Zer da mito honek irakasten diguna? Ez dakit ba nik, ez nintzateke ezer funtsezkorik esatera ausartuko, ez naiz antropologoa, txorakerialogoa baino. Hala ere, atzo gauean Excalibur berrikustean gogoeta egin nuen larunbat gauean nire hiriko jatetxe batean lagunekin afaltzen ari nintzenekoaz, zeren, eta beti bezala emakumezkoak mahaiaren mutur batean eta gizonezkoak bestean, antzerako zerbait gogora etorri baitzitzaidan gizonezkoen artean irizpidera ekarritakoaren kontura, hau da, batzuetan delako banaketa ia ezinbestekoa suerta daitekeela adiskideen arteko bakea bizirautearren.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...