sábado, 11 de enero de 2014

MENS SANA...



Bere aitak beti ekiten zion kirolen bat egin beharrean zegoen leloari, edozein kirol, ezinbesteko, premiazko, nahitaezko zutela bere moduko umemoko guztiek, auskalo zer dela eta (aitak ondo asko bazekien ostera etxera behar bezain neka-neka eginda bueltatzearren zela, hau da, ozta-ozta kaletik ohera zuzen-zuzen, edo bestela esanda, kaletik heldu orduko hainbat gutxien izorratzearren). Aitak hautatzeko eskatu zion; semeak aldiz ez zekien zein kirol, eskolan proposatutakoetarik aukeratu egin zuen azkenik: saskibaloia. Aita poztu egin zen, zeharo; bai, saskibaloia atsegin baitzuen nolabait, gaztetan bere hiriko taldearen behin-behineko jarraitzailea izan baitzen; "eta gustatzekotan munduko saskibaloi talderik onena ikusten eroango zaitut, badakizu, Baskonia...."

Semeak birritan baino ez zuen Baskonia jokatzen ikusi; aurrenekoan telebistatik auskalo noren kontrako final batean; bere aitaren hiriko taldeak galdu egin zuen. Bigarrengoan aitaren hirian bertan izan zen, Baskoniaren jokalekuan Real Madrilen kontra. Primeran pasatu egin zuten, Baskonia madrildarren aurretik joan zen partida osoan zehar harik eta azken minutuetan poto egin zuen arte. Azkenean euren taldeak lur jo zuen, egundoko kamusada semearendako; aitak, ostera, gaztetakoak gogora ekarri egin zituen, halabeharrez. 

-Aita, gure taldeak beti galtzen du...
-Ez beti, semea ez beti; baina benetan merezi duena jokoan jardutea da, zuk behar bezala entrenatu baloiarekin eta laster ikusiko duzu zelan gauza zaren edonor garaitzeko...

Izan ere, semeak astean bi bider entrenatu ohi zuen. Atsegin aldiz ez zuen askotxo izaten, bazihoan astero eskolaz kanpoko ariketa zuelako; baina, haren etxean jostailuekin jolasean hamaika bider gurago ere. 

-Berdin dio, kirol egin behar duzu, mens sana in corpore sano.
-Bai aita, baina ni oso baldarra naiz, ezin dut baloi bat ere saskiratu...

Aitak gogotik tematzeko eskatu zion, semeak baietz ba, saiatuko zela, noski. Behin batean aita, entrenamendua bukatu baino hamar minutu lehenago iritsi zela, eskolako hesitik at saskibaloi zelaira begira ari zen semea nola moldatzen zen kuxkuxean egite aldera. Bazegoen saskiaren aurrean haur ilara bat baloia jaurtitzeko prest. Semea azkena zen. Aurrena berriz eskolako Guraso Elkartearen buruzagietariko baten semea, hau da, bere ama besteko handiusteko eta sasimaisua zen haurra, ahoa zabaldu orduko belarrondoko bat bete-betean merezi zuena. Orduan entrenatzaileak baloia jaurtitzeko agindua eman zien haurrei. Aurrenekoa Guraso Elkartearen buruzagiaren seme txirriporroaren txanda izan zen. Primeran jaurti egin zuen. Bai noski, entrenatzaileak esandakoari erreparatzekotan aparteko jaurtiketa izan zen, teknikoki bikaina, estetikoki ederra. Ondorengoek jaurti egin zuten baloia harik eta bere semearen txanda iritsi arte. Aita larritu, atsekabetu egin zen semea baloia eskuetan jaurtitzeko gertu ikusi orduko; ez zekien baloiari eusten, ez zekien zangoak behar bezala ipini, ez zekien besoak behar bezala luzatzen. Areago, entrenatzaileak jaurtitzeko agindu eta semeari baloia aurrerantz bota beharrean atzerantz jausi egin zitzaion, gauza benetan lotsagarria. Artean, semearen ondoren Guraso Elkartearen buruzagiaren seme ezin larrusendoagoaren bigarren txanda iritsi eta beste behin baloia saski barrura bikain-bikain jaurti egin zuela ikusitakoan zera otu egin zitzaion aita latinzale porrokatuari.

-Mens sana in corpore insepulto...

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...