sábado, 4 de enero de 2014

ZORIONAK ETA URTE BARRI ON 2014



Gabonzarra, gabon gaua azkenean, gabon zahar gaua behar bezala, txikitan bezala, beti bezala. Gabon zahar gaua gure etxean, onartu ez eze egiatan ere maite zaituztenen artean. Gabon zahar gaua gabonetan merezi duen bakarrerako: sabela hamaika janari onez asebetetzeko. Gabon zahar gaua sukaldeko usainak goxatzeko. Gabon zahar gaua urtero bezala mahai inguruan bapo-bapo afaltzeko, baso bete ardo edo sagardo hurrenez hurren dzanga-dzanga edateko, urtero nire amak eta biok bakarrik jaten ditugun karrakelak, txirlak saltsa berdetan, otarrainxka berakatzaz, etxeko txibierro freskuak, txangurroak edo antzerakoak, nire aitak eta biok bakar-bakarrik jaten ditugun ostrak, eta azkenean eta jakina, bisigu errea edo piper-txorizeroz eta azkenean gozokiak, alafede. Demasa agian, baliteke, arrunkeria galanta mahaia itsaskiez betetzea, seguru asko bai, eta gainera horrexegatik ere, urtean behin edo merezi duelako, urtean Gabon Zaharrean baino hainbat gauza jaten ez dugulako, gure ohitura arrunta, kaxkarra, trauskila hainbat sasijakitun edo handiustekoren ustetan; berdin digu, haatik, atsegin dugu. Gehiegikeria barik Gabonek ez dute zentzurik, jai edo gauza guztiz espiritualak bilaka litezke, eta hori pentsatze hutsak hotzikaratzen nau, zinez diot. Bapo eta abondo jan eta edan, gizakia egunotan aintzinatik egin bezala, ez gara gure arbaso aurrehistorikoak baino hobeak, funtsean ez gara askotxo aurreratu Atapuertatik gaurdaino, gehienok behinik behin plazer handia, egiazkoa, oinarrizkoena,funtsezkoena non dagoen berdin-berdin somatzen dugu eta. Gero gerokoa, fededunen zein bihotz finen erretolika urte berriaren aurrena, baina ni aldiz oso traketsa naiz berez, aspaldi utzi egin nion sentimendu on zein itxaropen txatxuen erretolika horri jaramon egiteari. Ez baitago sentimendu handiagorik zure ondokoen pozaz zu ere gozatzea baino, ez baitago itxaropen edo datorren urterako desira edo gutizia handiagorik hurrengo Gabon Zahar gauean garenok berdin elkartzea eta gozatzea baino. Eta biharko Urte Berriko bazkalordurako arkume errea eta Arabako Errioxako ardo ezin hobea, apartekoa, gogobetegarria, noski, ez baitakit gainontzekoen gozamen zein aldizka gehiegikerien kontrako sermolari edo inkisidorei aurre egiteko bitarteko hoberik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario