jueves, 24 de junio de 2010

PRINTZESAK


Bai astebete luze luzea, izugarria, nagusiaz gain lehengusina ere etxean izan dut, lan bikoitza ez, hamar bider handiagoa, astunagoa, nekagarriagoa. Goizero lanik egin ahal izan gabe, goizero iratzarri, gosaria prestatu, jantzi, eurekin jolasean egin, kalera atera zabuetan jolas egin zezaten, umea bildu etxera eroateko, bazkaria prestatu eta eman eta behin berriro lehenengora, txiza, kaka, goxokiak edo auskako zer nolako antoju berri. Mundu zoragarria, samurra bezain gogaikarria. Benetan zoratzeko modukoa, batez ere nazkatzekoa, ez ditut haurrak gogoko, ez ditut inoiz izan, nireak jakina baietz nireak diren aldetik, itzel maite ditudanetik. Gainontzekoak, ordea, zer esango, segun zer nolakoak diren, baina beti ere tarteka, luzaro egotekotan beherala nekatzen naute-eta haien egozentrismo jasangaitzarekin; nik gurot hau, nik nahiet bestia...

Baina tira, hemen eta horrela egon naiz aste osoan nazka-nazka eginda, ezin nuela batere egin, ez lanik, ez eta komunera joan ere, bi umemokoak etengabe deika, txemaka, egidazu hau zein bestea, zatoz hona honekin laguntzera edo erosidazu hau eta hau ere bai. Eta jakina, bihurrikeriak bihurrikeria, eta alditsuetan alditsuak, hurrenez hurren. Baliteke batzuentzat hau bizitzaren gazia izatea, hain xarmantak omen dira... Eta baliteke, baietz ba, xarmangarriak dira tarteka-marteka, baina izugarri aspergarriak ere, asko, itzel.

Jakin badakigu umeak direla egoista hutsak, kapritxosoak, ikaragarri sentiberak, gogaikarriak. Alabaina, eta gauza guztietan bezala badaude mailak, eta haurretakoan nik uste aste honetan bitxienetariko bat suertatu zaidala, hau da, neska printzesa, hau da, hiru urterekin pintsesa eta antzekoak gogoan dituena bakar-bakarrik, besterik ez. Horrez gain, bere ingurukoek ere printzesa modura hazi eta, okerrena nire ustez, ia pekatu larria, hezi ere egiten dute. Ondorio ezin argiagoa, ageriagoa, bera printzesa den aldetik gainontzeko guztiok menpeko gaitu, eta nabari zaio, gehiegi, alde batetik dena lagatzen diotela, bestetik gurasoak ez den beste pertsona batek zaindu edo egiten duela denbora gehienean. Hori dela eta, kostatu zait berarekin normal konpontzea, hots, adieraztea, ulertaraztea, gurean denok bezalakoa dela, denon ardura berberak dituela, ez gaudela bere esanetara etengabe, gutxieneneko erantzunkizunak dituela jostailuak bildu edota muzizapiak zakarrontzira botatzea bezalakoak. Kosta ahala kosta, azkenean lortu egin dugu umea berez oso azkarra delako, ikaragarri, berehala moldatu da bere bizi berri honetara, seguru asko bere egunerokoarekin zerikusi eskasa duena hemen umeak beti ume baitira, ez printzeak edo antzekoak, hemen ez gara bizi erresuma batean errepublika batean baino.

Badakit oso gogorra naizela, ala izan naizela, ogro hutsa, nahiz eta etengabe gainean egon neskaren aseak betetzeko gertu eta ahalik eta ondoen igaro dezan eginahaletan. Gogorra bai, baina behartuta, zeren bestela aspaldi bezala morroi izango ninduen, etengabe deika, txemaka, zakur modura gainera buztana astinduz, guztiari baietz, men, eginez. Eta baliteke egun bakar batez, errietarik ez izatearren edo, nire ondokoen eguna zein solasa ez zapuzteko asmoz bakarrik, baina astebete oso bestelakoa da, horrexagaitik saiatu naiz nire seme nagusia bezala tratatzen berdin-berdin, eta lortu egin dut noski, ez baitut ezertan inolako dieferentziarik egin behar, bost axola niri neskaren trauma edo apetan duen guztiari muzin egiteagatik, gaindi dezala noizbait, itzun dadila bere erresumara zoriontsurik izaten jarraitzeko besteon kontura, bere gurasoek ordaintutako neskamearen lepotik. Eta dena dela, tristatu ere egiten nau berez oso goxoa, maitegarria, bost minutuko atsegina edo, den haur baten heziketa guztiz oker, maltzur, kaltegarri baten nondik norakoen lekuko izateak, printzesa bilakatu egin dutelako, bere burua berezietan berezitzat har zezan, munduan bakarra bailitzan, gainerakoak ordea morroi ala arerio, inguratzen duen guztia bikaina eta kanpokoa aldiz izaina. Tamlaez, nik uste elitismoa ez dela aukera, bakan batzuek euren buruei jartzen dieten itxurarekin nahitaezko betebeharra baizik.

Gero koskortuko eta auskalo zer-nolako espezimena, nolako giza kalitatea gainontzekoenganako umetatik handi-mandi hazitakoarena, baliteke eustea txikitandik irakatsitako handiusteari, baina baliteke ere guztiz kontrakoa, bere etxekoen handiuste horri uko egitea zein ordura arte ezagutu edo irakatsitako guztiari bizkarra ematea; batzutan errebeldia ihesbide bakarra da-eta.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...