martes, 8 de junio de 2010
TXORI ERRESIÑULA GASTEIZKO KALEETAN KANTARI...
Zapatu goizean Alde Zaharretik genbiltzala, ez, alde zaharretik ez, Cercas Bajas kaletik barrena, eta bat-batean oso gertutik zetorren Iparraldeko doinu bat airean, Txori erresiñula udan da kantari/zeren ordian beitu kanpuan janari... . Baziren otxote moduko ahotsak, benetan xaloak, ez apartekoak, xakoak baizik. Eta ni txoro-txoro eginda ez bainuen sekula entzunda halako kanturik nire hirian. Berehala pentsatu nuen: baliteke Xiberütik propio etorritako abesbatza bat edo. Tira ba, ezetz, Herreriako Alaba Jauregiaren ondoko plazatxoan, Bodegón taberna famatuaren aurre-aurrean, jende multzo handi bat kantetan ari zen partitura esku banatan.
Gero etxean, Euskaraba izeneko weborrian begiratuta, Gasteiz kantuz kale jira zela jabetu nintzen, hau da, hiriko talde euskaltzale batek antolaturiko ekimen bat euskara kaleratzeko asmotan, oraingoan kantetan, edo bestela esanda, host, web delakoak dioenez: Euskara lagun, kantuak biltzen gaitu lelopean, euskararen erabilera modu naturalean kaleratzeko xedeaz, kantu zaleon elkargune bilakatu da aipatu ekimena.
Printzipioz behintzat ekimen ikaragarri ederra, musika zein kantuarekin zerikusirik duen guztia bezala. Alabaina, ekimenaren helburua gure kaleetan euskararen erabilera suspertzea omen zen. Gu jendeagana jo, orduan zurrutean ari zen giza andanaren ondotik pasatu ginen, eta bakan batzuk izan ezik, gainerakoak erdaraz barra-barra ari zirela konturatu egin ginen. Ez dakit kale jira aurrera joan ahala, tabernarik taberba, hainbat pote zurrupatu eta gero,hasiera batean aiko-maiko zeudenek euskeraz egiteari ekin zioten, hori baita gure hiriko euskaldun gehienen erronka, inorekin berbetan gaozela aldez aurretiko lotsa gainditu eta mingaina askatzea. Horrela izan ez balitz, pena handia izango zen, noski, halako ekimenek xede bakarra baitute, euskara erabilgarri bihurtzea euskaldunon ahotan, bestela zertarako hainbeste ikastola edo euskaltegi, zertarako aitamenengandik jasotako hizkuntza txiki eta ustez behintzat eskas honi atxikitzea, zertarako gero ezkutatzen edota lotsatzen gaituen euskalduntasun baten etengabeko aldarrikapen hutsala. Aspaldidanik entzunda dugu geurea, euskalduntzaleona, itxurakeria hutsa dela, betiere kanpora begira eta besteen aurreko jokabidea. Gero, gure artean, familia zein lagun giroa, erdara nagusi, erdara benetako hizkuntza, egunerokoa; euskara, ordea, ikurra, ez besterik.
Nolabait ere, ni txunditu egin ninduen kantatzen ari zirenak, nola ez Xiberüko edo Benafarroako kanta hain ezagunak izanda, bai Orioko bardo harro famatu baten ahotan zein Iparraldeko artzain apal eta xamurrarenean. Liluramendua nahitaezkoa da:
Txori erresiñula udan da kantari
zeren ordian beitu kanpuan janari
negian ezta ageri balinban ezta eri
udan jin baledi, konsola nainte ni.
Txori erresiñula ororen gehien,
besteek beno hobeki hark beitu kantatzen
harek du inganatzen mundia bai tronpatzen
bera eztut ikusten, bai botza entzuten.
Amak utzi nundizun bedats azkenian
geroztik nabilazu hegalez airian
Gaiak urtuki nundizun sasiño batetara
han zuzun xedera, oi! ene malurra!
Txoria zaude ixilik, ez egin kanturik
txoria zaude ixilik, ez egin kanturik
eztuzu profeiturik ni hola penaturik
ez eta plazerik ni tunban sarturik.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
INVIERNO A LA VISTA
T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...
-
La verdad es que no le veo gracia alguna a partirle la cara a nadie con un objeto contundente, ni siquiera por el detalle de que haya sido c...
-
Dentro del saco sin fondo que contiene todos los mitos, tradiciones y puros atavismos que, según entendidos, conforman la identidad vasca, p...
Niretzat munduko abestirik politena.
ResponderEliminar