sábado, 1 de febrero de 2014

EPAILE HANDIA



Gizon handia epailea zen, erretiratu eta gero haren inguruko guztiak epaitzen zerraien etengabe. Gizon handiak oso uste handia zuen bere buruaz. Beharko, epaile lanaz gain aspaldi baita bere autonomiako Justizia sailburua, Estatutuko Justizia Ministerioko azpi-idazkaria ere izandakoa zen; badirudi, bere esanetan behintzat, bere lurraldean hainbat epaitegi zabaldu eta estatu mailan epaiketak arinagoak izan zitezen lege berri bat asmatu egin zuela. Horrez gain, gizon handiak oso entzute handia ere omen zuen gainerako legegizonen artean zuzenbide liburu pila argitaratu eta oso oihartzun handiko zenbait auzitan ebazpen zinez mamitsuak eman baitzituen.

Gizon txikiak ordea saiatutako enpresa guztietan porrot egin zuen; orain etxeko zein poeta lanetan ari zen buru belarri.

Gizon handiak galdetu egin zion gizon txikiari ea zer zeritzon gaur egungo egoera politikoari. Gizon txikiak erantzun zion jasanezina zela, jende xehea sekula baino zapalduagoa, ustelkeria nonahi eta giza eskubideak gero eta murritzagoak. Gizon txikiak ebatzi egin zuen herria erabateko aldaketa baten beharrean zegoela, bi alderdi nagusiek nola edo hala eta behingoan sistemaren goitik beherako berrantolaketari euts ziezaioten bi hauei benetako astindu bat ematearren hauteskundeetarako aukera serio eta irmo baten premia zegoela. 

Gizon handiak txikiari lehen sustoz zein disgustuz eta gero erdeinuz begiratu egin zion. Gizon handia bi alderdiotako kide zen, gorago esan aspaldiko gobernu batean bezala agintari izandakoa, bere bihotza ezkerrekotzat baina burua liberaltzat hartzen zituela aldarrikatu ohi zuen. Gizon handia edozein errotiko aldaketaren beldur zen, bortizkeria edonon sumatu eta izutu egiten zen. Gizon handiak txikiari galdetu egin zion behin berriro hauteskundeetarako aukera horrek zer nolakoa izan behar zuen.

Gizon txikiak erantzun zion berak ez zuela ideia zipitzik, gizon handia beste bat zela.

No hay comentarios:

Publicar un comentario