miércoles, 19 de febrero de 2014

TXIKITAKO LAGUNOK


Taberna batean aspaldi-aspalditik ikusten ez duzun txikitako ikaskide ohi batekin topo egiten duzu ezustean, esan badakizu zer esan, galdetu edo, ohiko zein derrigorrezko hitz aspertuak, gizalegezkoak zein ezinbestekoak aspaldiko lagunen kontura. Alabaina, lagun horrek zure "bokazio literario"aren berri baduela, zure liburuetariko bat erosi duela, aitortzen dizunean, orduan bai, orduan zeharo aztoratzen zara liburua hizpidera ekarri nahi ez baituzu kosta ahala kosta, zertarako?, gogoratu ere gogoratu berri duzu lagun horren aita edo EMKko buruzagi bat zela, bera txikitan ere abertzale peto-petoa, sutsuenetarikoa, eta jakina, aurreiritziak aurreiritzi, zertarako hasi kontu kontari edo aiko-maiko zuk idatzitakoaren kontura, zer dela eta ñabarduren kontuari eutsi behar. hobe, horretarako daude gainera, ohiko zein derrigorrezko hitz aspertuok. Honezkero, ordea, elkarri agur esan eta kalera irtendakoan zure emazteak leporatzen dizu erdi txantxetan edo ez dakizula zure irakurleak behar bezala tratatzen. Baliteke, bai, agian ez nekielako irakurleak ere nituenik, baina, tira, badaezpada, gaur ez nago ni oso eztabaidazale, inorekin ez, ez behintzat enetako aspaldiko kontuak direnei dagokienez gaur egun irizpidera ekartzeko dugunaren aldean. Horrez gain, pena duzu gehiagotxo hitz egin ez izanaz aspaldiko lagunok gero eta estimu handiagoz gogoan hartzen dituzulako, bai horixe.

No hay comentarios:

Publicar un comentario