sábado, 21 de junio de 2014

KASETEAK EDO NOLA ALDATZEN DIREN GAUZAK, KAMA...



Bart nire anaiaren logela zaharrean arakatzen pospolo zein txiskero bila tiraderetan zein apaletan barrena, egia esan etxeko txoko eta zirrikitu guzti-guztietan. Ez nuen bat ere topatu, baina bai ordea argazkian azaltzen diren iraganeko, aintzinateko traste arraro horiek, nik uste kaseteak zeritzetela, barruan zeramaten zinta batez zebiltzan musika entzuteko, gauza benetan bitxia, harrigarria, eta batik bat oso primitiboa, delako zinta sarritan lardaskatu edo apurtzen baitzen. Edonola ere, bai aurkikuntza, doi-doi antropologikoa. Nortzuenak ziren kasete horiek, Baliteke ni nintzen haurrarenak edo agian nagusiren batenak, auskalo, auskalo. Kaseteen izenak leitzen ditut eta are txundituago geratzen naiz, zer nolako biografia musikal petrala kasete horien jabearena. Aspaldiko garai haiek, noski, noski, gutxitan ez guk uste bezain onak. Edonola ere, eta gaur ikusita behintzat, benetan beldurtzeko modukoak entzuteko makina zahar bat eskura izatekotan, nolatan aldatu garen denok, kamaradok, bai horixe! Eta ilunpean induska ari nintzela ere anaia txikiaren logela zaharrean, hara, senyera bat eta guzti idoro egin nuen ikurrina zarpail batekin batera, argazki zaharrak, mota guztietako txartelak, Cimoc komik aldizkari are zaharragoaren ale bat eta baita baten batek daki noiz erositako kondoi kaxa ia oso bat eta hauekin batera ohiko edo derrigorrezko oroimina, bai, norbaitek sekula jo ez zituen txortaldiena... Dena dela, gure gurasoenean laga egin genuen bizitzaren lorratzak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario