"Naiarak oparituriko irlandar gaita nire eskuetan izan nuen lehenengo
momentuz geroztik banekian nik bizitza irauliko zidala. Txistu madarikatua alde
batera lagatzea, ahanzturaren tiraderan, gaitari eusteko sekula egindako
balentriazko ekintzarik arriskutsuena izan zuan. Gaita txistuaren ordez
hautatzea nire aitak txikitandik inposaturiko agindu eta ametsetatik, batik bat
Sabandotarren euren aberriarekiko konpromiso abertzale-folklorikoarekikoak,
behin betiko ahalik eta urrinen alde egitea zelakoan nengoan. Gaita etxean
jotzen nuenean aitaren jasankortasuna kolokan jartzen gozatzen nian, hormen
gogortasunarekin batera. Orduan nire gaitaren soinuaren indarrez, gurasoen
pazientziaz gain hormak zein altzairuak milaka puzketan amiltzekotan eta nire
senitartekoak zeharo erotzekotan zeudela begitantzen zitzaidaan. Nire asmoa
gaita etxean hain usu eta kementsu jotzerakoan ez zuan bakar-bakarrik neure
aita bere onetik ateratzea, mendeku gisa edo bere aldetik jasan behar izan
nituen hain gustuko eta ohiko zituen nireganako gaitzespen guztiak, hau duk,
birao eta mehatxu andana, oraindio ere gehiago egin zirenak amak euskara eta
dantza eskolak zein mendigoizale taldea uzteko eskatu eta gero. Banekian nik
aitaren haserrearen zergatia ez zela nire gaitaren soinu eder, gogor eta
arrotzaren erruz, bere ustez sabandotarren harrotasunari egindako traizioagatik
baino, azken hau betetzeko nigan ipinitako itxaropen edo egitasmo guztiak
zapuztu izanagatik. Gaita jo behar nian zelan edo halan, ezinbestean, gaitaren
bidez bakarrik nire baikortasuna, ausardia, sormena, urteetan hain makala
izandako ilusioa eta nigan ez nuen konfiantza estreinakoz azaleratzeko gauza bainintzen. Urteotan sigi-saga ibili
ostean, ekiten nion edozein eginkizunaren porrotari atxikia nengoelakoan, beti
lorik lore erlamando baten modura, orain gaitaren bidez gizabanako baldar eta
alfer hori nigandik zein urrun zegoen egiaztatu gura nian. Horregatik,
lehengusu, gure hirian ospatzekotan zegoen Nazioarteko Nekazal Gazteen Biltzar
Nagusian gaita-jole gisan parte hartzeko proposatu hidanean, ez nian erreparatu
nire gaitak patata, ardoa edota gaztarekin zelako lotura izan zezakeenik,
berehala baietz esan nian, nire gaita jotzeko, eta dantza egiteko ere behar
bazuan, gertu nengoela, ezin niolako muzin egin, inola ere, nire artea,
artistok dugun dohain bakarra, erakusteko aurkezten zitzaidan lehendabiziko
abaguneari, ez behintzat sasi-britrainiar kutsuko taberna bateko zerbitzari
lanaz konformatu nahi baldin ez banian.
Ez diat inoiz Nazioarteko Nekazal Gazteen Biltzar
Nagusiaren lehenengo eguneko hasiera ahaztuko. Nire gaitatik doinu ikaragarri
ederrak, zora eta hunkigarriak, irten zituan. Harrigarriagoa gehienak nik
sekula entzun ez izanak zirela, nire gaitari ezustean zer zerizkionak, nigan betidanik tinkatuta egon balira
legez. Hasieran, elkarri keinuka eta barrezka egiten zioten eta txunditurik
begiratzen ninduten nekazari txintxorta haien aurrean delako eszena beldurra
sentitu omen nian. Baina, gehien beldurtzen ninduena ez zuan gazte basati
horiek txistuka edota harrika has ez zitezen ahalik eta ondoen, gozoen, liluragarrien
jotzea, basa-antzoki hartako taulan bertan egoteko nuen eskubidea baino. Ze
arraio egiten nian nik nekazal ekitaldi batean? Banekien herri askotako
nekazari gazteak zeudela, besteak beste Galizia, Irlanda eta Eskoziatik
etorritakoak, horregatik, benetako gaita-jole bat nahi izan ezkero non hautatu
bazekitean. Bestalde, halako ospakizunetan ongi etorri moduan Agur Jaunak
kantatzeko koro bat edo aurreskua egiteko dantzari bat bidezkoak begitantzen
zitzaizkidaan, txistu gorrotagarria eta danbolina horretarako zeudean, egia
esan, halako ospakizunetarako bakar-bakarrik, eta gure herrira etorritakoek
espero eta eskatu ere zutena, Euskal Herriko musika tresna peto-petoak gure
Gernikako piperrarekin, Tolosako babarrunekin edota Arabako patata eta ardoarekin
ondo baino hobeto konpontzen zirena, txistua eta danbolina, den-dena euskal
labelaz. Horrela izanda ez nioan nire gaita bezalako tresna arrotzari inolako
zentzurik nazioarteko nekazal gaztedi hari gure herriko elikagaien onurez gain,
hain maitagarri eta erakusgarriak zitzaizkigun euskal ohiturarik zaharrenekin
antzinatik lotuta zeuden txistu eta danbolina ere erakusteko saio hartan.
Dena
dela, nire lehengusu fin eta garrantzitsuarekin hitz emandakoa bete egin behar
nian halabeharrez. Nire lehenengo lana zen gaita-jole gisara, diru apurraz gain
paregabeko aukera gogoko nuen gauza bakarra eta agian ondoen egiten nekiena
erakusteko. Beldurra uxatzen saiatu ninduan, horretarako hamaika gaitaldietan
izandako Liam O´Flymen irudia gogora ekarri nian, melomanorik gogorrena
liluratzeko gai zena. Ezin nuen kale egin gaitaz hainbeste orduz saiatu ostean,
are gutxiago nire aitaren irudia ere gogoan izanda, porrot egin ezkero
Connemarako doinuak Kantauriko zirimiriarekin lotsagabe elkartzen saiatu izana
leporatuko zidana nire alferkeriaren beste adibide bat bezala.
O´Farrell´s
Welcome to Limerick doinu
ospetsu edo arranditsuaz hasi ninduan, Nazioarteko Nekazal Gazteen Biltzar
Nagusiari hasiera emateko txukunen zegokiolakoan. Harrezkero, eta oraindio
entzulegoaren aurreneko harridurazko txutxu-mutxuak eta irriak pol-pol zeudela,
The Rambler eta The Aerlow Jig doinuei ekin niean, doinu guztiz alaiagoak,
arinagoak, bertan zeudenetariko bakan batzuk dantzan egiten hasteko modukoak.
Bukatzeko, eta entzule sentiberenen bihotzeraino iristearren edo, Joyce´s Tune balada gozoa erauzi egin
nioan nire gaitari, benetan hunkigarria. Orduan, eta baten batek daki emozioak
eraginda edo, ezustean balada moztu eta A
Foliada de Elviña-z saiatu ninduan bildutako Galiziatik etorritako nekazariak
pozteko asmoz edo. Orduan, doinua bukatu eta, ezustean, nire gaitak utzitako
isilunea bete eta harri eta zur utzi ninduen txalo andana bat jaso nian. Ezin
sinesturik nengoan, begiak itxi eta berriro zabal-zabalik eginda txalo horiek
niretzat zirela sinistu behar, taula gainean zegoen bakarra ni bainintzen,
doinu zoragarri, liluragarri, hunkigarri guzti horiek gaitatik erauzitako
jolea, txalo artean ospatzen zuten artista bikaina, aparta, egiazkoa. Eta hori
guztia gutxi balitz legez, benetan pozteko modukoa izan zen egun zoragarri hura
ezin ederrago bukatzeko, nekazari gazte haietako gutxi batzuk gerturatu
zitzaizkidaan pozaren pozez, zoriontzeaz gain beraiekin hiri inguruko
sagardotegi batean afaltzeko joan nendin eskatuz. Nire gaitak txundituta zeudela
aitortu zidaten, ezin zutela asmatu gaitak halako doinua ederrak bota
zitzakeenik, ordura arte gaita militar martxetarako edo galiziar
erromerietarako bakarrik egokia zela uste zutela. Gau osoan galdezka izan
nitian gaitaren gainean, gaitaren tutuen betekizunei buruz, zahatoaren
ezaugarriei buruz, hauspoa betetzeko ahaleginetan, nolabaiteko notarik atera
nahian baina beti alperrik, mozkor samar zeudean, oso, denok mozkortu ginen gau
hartan sagardo kupelen babespean. Hala eta guztiz ere, eta bazkalosteko
patxaranez zerraldo jausi baino lehen, nekien gauza bakarrari buruz magister
berbaldi bat bota egin niean euren jakin-mina asetzearren.
Azaldu egin niean Eskoziar eta Galiziar gaitaren artean
dagoen aldea, zertarako lehenengoak hiru zulo zituen eta bigarrengoak, ostera,
bat edo bi bakarrik, gaitaren garrantzia kultura bakoitzean eta Historian zehar
nozitu dituen erasoaldiak herri xehe eta zapalduen nortasun ikur bat zen
aldetik. Gai honi eutsita, britainiar monarkiak eskoziarren gaineko
bultzaturiko zapalkuntzaren nondik norakoak gogora ekarri nitian eta nola
Macpherson idazleak asmaturiko Ossianen mitoari esker gaita, kilt famatuarekin batera, Eskoziar
nortasunaren oinarriak bilakatu zituan, alboan nituen nekazari gazteak biziki
interesatu eta gogoberotu egin zituen ipuintxo bat, gehienok hire Alderdiko
gaztediaren ordezkariak baitziren, betiere abertzale sutsuak kupel artean.
Horrela, sagardo, txorizo, odoloste, bakailao tortilla,
kilo erdiko txuletoi, Idiazabalgo gazta, intxaur, irasagar eta jarraian etorri
ziren kopa patxaranekin batera, Eskoziako nortasuna eta historiaren gorabeherez
gain Castealori buruz, muñeiraz, El
Gaitero sagardoaz eta Irlandako bake prozesuaz hitz eta pitz egin genian,
zentzugabeko asmakizunak, gezur borobilak, pitokeria hutsak esateaz nekatu
arte, apurtxo bat ikaratuta ere niregan ezohikoa zen berba-jarioaz. Horregatik,
eta inguratzen ninduten mutiko kozkorrek arrenka eskatzen zidatelako ere bai,
gaita hartu eta, arik eta goizeko ordu txikietara arte, eta harrezkero patxaranaren
eraginez edo, lur jota erori arte joka egon ninduan hain harrera eta arreta ona
emandako baserritar jakingose eta atsegin horiek nire musikaz nahi beste goza
zezaten.
Gau zoragarria,
lehenbizi errege mahai baten inguruan, denok niri begira, nire hitzei adi-adi,
lehenbizi ere aintzat hartuta, inoiz ez ezaguturiko zirrara berezi eta
hunkigarri bat, aditiboa neurri handi batean, inola ere lehenbailehen berriro
gozatzeko irrikan bainengoen. Horrexegatik astelehen goizean tabernara sartu
nintzela, belarri batetik besteraino zihoan irribarretxo bat banian aurpegian
marraztua, niregan guztiz ezohikoa zen harrotasun keinu bat adierazi nahian
edo. Baina ez zegoan irribarretxo honen nondik norakoa nire Naiara maiteari
azaltzeko beharrik, zeren hik heuk, lehengusu ez hain maitea, zapatu gaueko
guztia zehatz-mehatz kontatuta bahion.
- Zorionak lortutako arrakastagatik."