domingo, 14 de abril de 2013

BALIZKO HANDIHAIZEA?




Lasai denok, ez dut Jorge Oteiza nire irizpidera ekarriko, artista handiaz ia ezer ez dakit-eta, hots, ikusi eta irakurritakotik haratago. Txunditzen naute euren lanetariko asko eta askok, nik uste nola edo hala ederresten edo ikasi egin dudala, eta pertsonaiak ere biziro erakartzen nau, ez baldin banaiz gauza honen kontura gauza handirik esateko, Oteizaren pertsonaia hedabideetarako propio asmatuta begitantzen baitzait gizona sekula ezagutu ez nuen aldetik.

Blogbidera dakart ordea orain dela astebete Arantza Urretabizkaiari aditu nion pasadizoa irratik. Bazioen HIRU MARIAK nobelaren egileak EGINeko kultura saila jorratzen zuela Oteizari auskalo zeren kontura bere iritzia emateko hots egin ziola. Zera erantzun zion oriotarrak donostiarrari:

-Oso haserre nago zuekin.
-Gurekin, nortzuekin?
-EGINekoekin.
-Zer ba?
-Egunkari bat sortu duzuelako nire eritzia eskatzeke.


Jakina, hori entzundakoan Arantzak berehala asmatu zuen Oteiza txantxetan ari zela, ez baitzen batere sinestekoa berak botatako txorakeria, gehiegikeria, handiustekeria. Bazen gurean oso arrunta omen den iseka mota berezi bat: harropuzkeria faltsua, hau da, aurrekoa asaldatzeko edo harritzeko baino botatzen ez den haizekeria edo handigura. Asmoa zen, noski, Arantza lehen harritu eta ondoren barrea eragitea. Arantzak hola ulertu bide zuen, ohituta baitzegoen ziurrenik halako irteerak aditzera hainbat jenderen ahotik. Hala ere, nabarmendu nahi nuke ohitura edo jokaera hau oso arriskutsua izan daitekeela aurrean duzun gizabanakoak ez badin badu inolako senik halako ironia harrapatzeko, ez baldin bada gauza funtsezko iseka hori asmatzeko ez lehengoan ez eta gero edo inoiz ez ere. Orduan bai, aurreko ezgauza horrek pentsakuko zukeen Oteizaren handinahikeria entzun eta gero seriotan ari zela artista handia, nola ez, badakigu topikoaren arabera, euskalduna eta gainera artista, bi osagai oinarrizko zein ezinbestekoak gizaki harroputz porrokatu bat sortzeko, ondokoei beti destainaz begiratzen diena, gainontzekoen gainetik kokatzen dena betiere, balizko arraza baten partaide den heinean bere burua arrotzena baino hobea dela uste duena. Horrexegatik ote da hain arrikutsua delako sarkasmoa, badagoelako jende andana harrapatzeko gauza ez dena eta ondorioz guztiz kontrakoa sinisteko joera bizia izaten du,  koitaduak!

Eta hala eta guztiz ere usteko hadihaize honen azpian, noski, badago, bai, nolabaiteko egiantz bat, beharko!

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...