Joandako larunbat honetan nire bikotidearen gurasoenean, nire ia astebururoko kondena, eta bera nire hiriko prozesio baten kontura hitz eta pitz ari zela, bertsolaritza irizpidera atera nuen nik, adierazi nahian zer-nolako fenomeno berezi eta batez ere zabaldua zen geurean, zer nolako arrakasta zuen eta batik bat zerikusi eskasa prozesioekin. Orduan, bertsolaritzaz ari nintzela, nite aitaginarrebak antzerako fenomenoei muzi egiten ziela aitortu zidan, susmagarriak egiten zitzaizkiola lekuan lekuko nazionalismoaren ondorio hutsak baino ez zirelakoan baitzegoen, hau da, fenomenook oso zabaldua zeudela nazionalismoa nagusi den lurraldeetan bertako biztanle gehienak nahitaez gehitzen direlako nazionalisten aurrean ikusgarri geratzeko, hau da, azkenon begietara otzan-otzan. Berdin zion nire bikotearen aitari bertsolaritzaren gainera deus ere ez jakitea, nahikotxo zuen bere aurreritzia kultura adierazpen bati buruz zirt-zart erabakitzeko, normalean egin ohi duenez, alegia. Orduan, noski, saiatu nintzen galdetzen ea non zetzan delako eta ustezko lotura. Ez zen gauza izan ezer izateko, zertarako ote, berak bazuen bere aburua polito esanda eta ez zun besterik behar euren etengabeko ebazpenen maitale suharra den aldetik. Hori horrela esanda, jai duzu nola edo hala eztabaidaka hasi nahi baldin duzu, beti uste izango dute erresumindu egin zarela haiek esandakoagatik, hain zuzen daude-eta.
Bitxia bai gizon honen ikuspegia, ezer jakiteke bertsolaritzaren kontura ebazten du zirt-zart, ikaragarrizko gutxiespena erakutsiz, zer besterik. Hala ere, badirudi bertsolaritzarenak bide eman ziola honekin batera bere nazionalismoari buruzko iritsi borobila botatzeko, esan nahi dut, periferiakoei buruz beti ere, zeren eta bestea, aldez aurretik edo printzipioz gaitzesten baldin badu hitzez, gero, ekinean, nabarmentzen zaio argi eta garbi egiatan mintzen duena aurrenekoen existentzia dela, irain hitza eta guzti erabili egin zuen nazionalismo periferikoen adierazpenen aurrean nola sentizen zen, hau da, iraindua. Horrebestez, eta enegarrenez ere bai, betiko kontuak nazionalisten gainera, den-denak gaizto-gaiztoak direla izatez, eta zer dela eta?, ba bere ustetan gainontzeko gizakume guztiak mesprezatzen dituztelako halabeharrez, hori da gizon honen ustetan definitzen dituena, sekula ez euren herriaren nortasuna, hau, hizkuntza, kultura eta abar, defenditu eta sustatu nahia handiagoa eta ondorioz boteretsuagoa den beste baten aurrean, azken finean egitasmo hori harrokeria baino ez deritzotela ematen baitu, espaniarrak baldin badira zer dela eta espainiarra ez den hizkuntza edo kultura bakarrari eustsi nahia bakar-bakarrik, tokian tokikoak hutsaren hurrengoak direlakoan, jakina, denbora galtze huts-hutsa, eta gainera susmagarria, Espainiaren batasun sakratuaren kontra doazelako funtsean, foruak edo euskera bera bezala, ezin zuela ulertu bere emazteak, hau da, nire bikoteak amatzat duen sorgin mihigaiztoa, zer dela gaur egun hainbeste jende euskaraz egiten duen, nondik sortu diren euskaldunberriok, zergatik ez baldin bada noski nazionalismo gaiztoaren eskutik, Espainia gaixoa! eta guzti erosta egin zuen arratsaldeko bere enegarren garagardoari ondo eutsita, ez dut gogoratzen, ordea, zurrutari ekin zionenean, euskal foruen kontura esandakoak, esaterako kobazuloetako garaikoak zirela esan aurretik izan zen ala gero, edonola ere berdin dio, beti baitu zeozer petrala esateko mihipuntan. Berdin die senar-emazteoi, noski, zu egiazko senide edo adiskide ez izatea, euren alabaren bikotea zaren aldetik zor dizuten begirunea alde batera zeharo lagatzea kontura edo lekuz kanpo dauden baieztapen maltzurrak egitea zure kontura edo zuri zuzenduak, haiek inondik inora onartuko ez lizkizutenak hain zuzen. Berdin die euren amaigabeko hadiustean, handiustekeriak handiustekeria klasekoa potoloagoa begitantzen zait-eta.
Eta ni beti bezala potroetaraino egonarriari oratuta, ez baita batere goxoa inoren etxera gonbidatu joatea eta txitean-pitean hain ezeroso sentitzea, ondo asko irudikatu egin bainuen zeren kontura zetorren euren hitzaldi hura, zer dela eta ari dira beti EHarekin zerikusia duen oro susmopean jarriz, haiek baino ikusi nahi ez duten handiustekeria irizpidera atera nahian niri leporatuko lidaketen bezala. Zer dela eta bestela, hau da, bestelako gaitzespen zuzen edo zeharkako batzukin batera, nik beti gauza berataz hitz egiten dudala leporatzea, beraiek ez baleuzkate bezala behin eta berriro ni neu errotik gogaitu arte jorratzen dituzten mintzagaiak. Hala ere, hori eta ez besterik omen da nire bikotearen gurasoenean nozitu behar dudana, haiek denetarik hitz eta pitz eta maiz ere auskalo nor larrutuz edo, baina hori bai, zuk zeuk ere men egin behar diezulakoan. Bestela akabo, muzi egin ez ezik, hau edo bestea zarela leporatuko dizute, funtsean haiek ez bezala ez zarena, koitadua, haiek euren burua aparekotzat hartzen baitute, inor baino buruargiagoak, ikasiagoak, eskuzabalagoak, gizalegetsuagoak uste baitute. Eta jakina, eta ez dakit zenbat bider hizpidera ekarria dudan, hain handiustekoa zarenean nola ez pentsa gainerakoek zure uste txikia merezi dutela soil-soilik, gainontzekoak sorbalda gainetik ikusten dituzunean hauek ere aldrebes ikustea, horrexegatik ere gainontzeko gehienak betiere haiek baino tentelagoak, zakarragoak, burugogorragoak direlakoan daude, horren premia dute euren berezko handiustekeria benetan neka/lotsagarria nolabait zuritze aldera, zer besterik.
No hay comentarios:
Publicar un comentario