martes, 16 de abril de 2013

PASARTEAK IV: GAITAJOLEA








"Naiarak oparituriko irlandar gaita nire eskuetan izan nuen lehenengo momentuz geroztik banekian nik bizitza irauliko zidala. Txistu madarikatua alde batera lagatzea, ahanzturaren tiraderan, gaitari eusteko sekula egindako balentriazko ekintzarik arriskutsuena izan zuan. Gaita txistuaren ordez hautatzea nire aitak txikitandik inposaturiko agindu eta ametsetatik, batik bat Sabandotarren euren aberriarekiko konpromiso abertzale-folklorikoarekikoak, behin betiko ahalik eta urrinen alde egitea zelakoan nengoan. Gaita etxean jotzen nuenean aitaren jasankortasuna kolokan jartzen gozatzen nian, hormen gogortasunarekin batera. Orduan nire gaitaren soinuaren indarrez, gurasoen pazientziaz gain hormak zein altzairuak milaka puzketan amiltzekotan eta nire senitartekoak zeharo erotzekotan zeudela begitantzen zitzaidaan. Nire asmoa gaita etxean hain usu eta kementsu jotzerakoan ez zuan bakar-bakarrik neure aita bere onetik ateratzea, mendeku gisa edo bere aldetik jasan behar izan nituen hain gustuko eta ohiko zituen nireganako gaitzespen guztiak, hau duk, birao eta mehatxu andana, oraindio ere gehiago egin zirenak amak euskara eta dantza eskolak zein mendigoizale taldea uzteko eskatu eta gero. Banekian nik aitaren haserrearen zergatia ez zela nire gaitaren soinu eder, gogor eta arrotzaren erruz, bere ustez sabandotarren harrotasunari egindako traizioagatik baino, azken hau betetzeko nigan ipinitako itxaropen edo egitasmo guztiak zapuztu izanagatik. Gaita jo behar nian zelan edo halan, ezinbestean, gaitaren bidez bakarrik nire baikortasuna, ausardia, sormena, urteetan hain makala izandako ilusioa eta nigan ez nuen konfiantza estreinakoz azaleratzeko gauza bainintzen. Urteotan sigi-saga ibili ostean, ekiten nion edozein eginkizunaren porrotari atxikia nengoelakoan, beti lorik lore erlamando baten modura, orain gaitaren bidez gizabanako baldar eta alfer hori nigandik zein urrun zegoen egiaztatu gura nian. Horregatik, lehengusu, gure hirian ospatzekotan zegoen Nazioarteko Nekazal Gazteen Biltzar Nagusian gaita-jole gisan parte hartzeko proposatu hidanean, ez nian erreparatu nire gaitak patata, ardoa edota gaztarekin zelako lotura izan zezakeenik, berehala baietz esan nian, nire gaita jotzeko, eta dantza egiteko ere behar bazuan, gertu nengoela, ezin niolako muzin egin, inola ere, nire artea, artistok dugun dohain bakarra, erakusteko aurkezten zitzaidan lehendabiziko abaguneari, ez behintzat sasi-britrainiar kutsuko taberna bateko zerbitzari lanaz konformatu nahi baldin ez banian.

Ez diat inoiz Nazioarteko Nekazal Gazteen Biltzar Nagusiaren lehenengo eguneko hasiera ahaztuko. Nire gaitatik doinu ikaragarri ederrak, zora eta hunkigarriak, irten zituan. Harrigarriagoa gehienak nik sekula entzun ez izanak zirela, nire gaitari ezustean zer zerizkionak, nigan betidanik tinkatuta egon balira legez. Hasieran, elkarri keinuka eta barrezka egiten zioten eta txunditurik begiratzen ninduten nekazari txintxorta haien aurrean delako eszena beldurra sentitu omen nian. Baina, gehien beldurtzen ninduena ez zuan gazte basati horiek txistuka edota harrika has ez zitezen ahalik eta ondoen, gozoen, liluragarrien jotzea, basa-antzoki hartako taulan bertan egoteko nuen eskubidea baino. Ze arraio egiten nian nik nekazal ekitaldi batean? Banekien herri askotako nekazari gazteak zeudela, besteak beste Galizia, Irlanda eta Eskoziatik etorritakoak, horregatik, benetako gaita-jole bat nahi izan ezkero non hautatu bazekitean. Bestalde, halako ospakizunetan ongi etorri moduan Agur Jaunak kantatzeko koro bat edo aurreskua egiteko dantzari bat bidezkoak begitantzen zitzaizkidaan, txistu gorrotagarria eta danbolina horretarako zeudean, egia esan, halako ospakizunetarako bakar-bakarrik, eta gure herrira etorritakoek espero eta eskatu ere zutena, Euskal Herriko musika tresna peto-petoak gure Gernikako piperrarekin, Tolosako babarrunekin edota Arabako patata eta ardoarekin ondo baino hobeto konpontzen zirena, txistua eta danbolina, den-dena euskal labelaz. Horrela izanda ez nioan nire gaita bezalako tresna arrotzari inolako zentzurik nazioarteko nekazal gaztedi hari gure herriko elikagaien onurez gain, hain maitagarri eta erakusgarriak zitzaizkigun euskal ohiturarik zaharrenekin antzinatik lotuta zeuden txistu eta danbolina ere erakusteko saio hartan.

Dena dela, nire lehengusu fin eta garrantzitsuarekin hitz emandakoa bete egin behar nian halabeharrez. Nire lehenengo lana zen gaita-jole gisara, diru apurraz gain paregabeko aukera gogoko nuen gauza bakarra eta agian ondoen egiten nekiena erakusteko. Beldurra uxatzen saiatu ninduan, horretarako hamaika gaitaldietan izandako Liam O´Flymen irudia gogora ekarri nian, melomanorik gogorrena liluratzeko gai zena. Ezin nuen kale egin gaitaz hainbeste orduz saiatu ostean, are gutxiago nire aitaren irudia ere gogoan izanda, porrot egin ezkero Connemarako doinuak Kantauriko zirimiriarekin lotsagabe elkartzen saiatu izana leporatuko zidana nire alferkeriaren beste adibide bat bezala.

O´Farrell´s Welcome to Limerick doinu ospetsu edo arranditsuaz hasi ninduan, Nazioarteko Nekazal Gazteen Biltzar Nagusiari hasiera emateko txukunen zegokiolakoan. Harrezkero, eta oraindio entzulegoaren aurreneko harridurazko txutxu-mutxuak eta irriak pol-pol zeudela, The Rambler eta The Aerlow Jig doinuei ekin niean, doinu guztiz alaiagoak, arinagoak, bertan zeudenetariko bakan batzuk dantzan egiten hasteko modukoak. Bukatzeko, eta entzule sentiberenen bihotzeraino iristearren edo, Joyce´s Tune balada gozoa erauzi egin nioan nire gaitari, benetan hunkigarria. Orduan, eta baten batek daki emozioak eraginda edo, ezustean balada moztu eta A Foliada de Elviña-z saiatu ninduan bildutako Galiziatik etorritako nekazariak pozteko asmoz edo. Orduan, doinua bukatu eta, ezustean, nire gaitak utzitako isilunea bete eta harri eta zur utzi ninduen txalo andana bat jaso nian. Ezin sinesturik nengoan, begiak itxi eta berriro zabal-zabalik eginda txalo horiek niretzat zirela sinistu behar, taula gainean zegoen bakarra ni bainintzen, doinu zoragarri, liluragarri, hunkigarri guzti horiek gaitatik erauzitako jolea, txalo artean ospatzen zuten artista bikaina, aparta, egiazkoa. Eta hori guztia gutxi balitz legez, benetan pozteko modukoa izan zen egun zoragarri hura ezin ederrago bukatzeko, nekazari gazte haietako gutxi batzuk gerturatu zitzaizkidaan pozaren pozez, zoriontzeaz gain beraiekin hiri inguruko sagardotegi batean afaltzeko joan nendin eskatuz. Nire gaitak txundituta zeudela aitortu zidaten, ezin zutela asmatu gaitak halako doinua ederrak bota zitzakeenik, ordura arte gaita militar martxetarako edo galiziar erromerietarako bakarrik egokia zela uste zutela. Gau osoan galdezka izan nitian gaitaren gainean, gaitaren tutuen betekizunei buruz, zahatoaren ezaugarriei buruz, hauspoa betetzeko ahaleginetan, nolabaiteko notarik atera nahian baina beti alperrik, mozkor samar zeudean, oso, denok mozkortu ginen gau hartan sagardo kupelen babespean. Hala eta guztiz ere, eta bazkalosteko patxaranez zerraldo jausi baino lehen, nekien gauza bakarrari buruz magister berbaldi bat bota egin niean euren jakin-mina asetzearren.  

Azaldu egin niean Eskoziar eta Galiziar gaitaren artean dagoen aldea, zertarako lehenengoak hiru zulo zituen eta bigarrengoak, ostera, bat edo bi bakarrik, gaitaren garrantzia kultura bakoitzean eta Historian zehar nozitu dituen erasoaldiak herri xehe eta zapalduen nortasun ikur bat zen aldetik. Gai honi eutsita, britainiar monarkiak eskoziarren gaineko bultzaturiko zapalkuntzaren nondik norakoak gogora ekarri nitian eta nola Macpherson idazleak asmaturiko Ossianen mitoari esker gaita, kilt famatuarekin batera, Eskoziar nortasunaren oinarriak bilakatu zituan, alboan nituen nekazari gazteak biziki interesatu eta gogoberotu egin zituen ipuintxo bat, gehienok hire Alderdiko gaztediaren ordezkariak baitziren, betiere abertzale sutsuak kupel artean.

Horrela, sagardo, txorizo, odoloste, bakailao tortilla, kilo erdiko txuletoi, Idiazabalgo gazta, intxaur, irasagar eta jarraian etorri ziren kopa patxaranekin batera, Eskoziako nortasuna eta historiaren gorabeherez gain Castealori buruz, muñeiraz, El Gaitero sagardoaz eta Irlandako bake prozesuaz hitz eta pitz egin genian, zentzugabeko asmakizunak, gezur borobilak, pitokeria hutsak esateaz nekatu arte, apurtxo bat ikaratuta ere niregan ezohikoa zen berba-jarioaz. Horregatik, eta inguratzen ninduten mutiko kozkorrek arrenka eskatzen zidatelako ere bai, gaita hartu eta, arik eta goizeko ordu txikietara arte, eta harrezkero patxaranaren eraginez edo, lur jota erori arte joka egon ninduan hain harrera eta arreta ona emandako baserritar jakingose eta atsegin horiek nire musikaz nahi beste goza zezaten.

Gau zoragarria, lehenbizi errege mahai baten inguruan, denok niri begira, nire hitzei adi-adi, lehenbizi ere aintzat hartuta, inoiz ez ezaguturiko zirrara berezi eta hunkigarri bat, aditiboa neurri handi batean, inola ere lehenbailehen berriro gozatzeko irrikan bainengoen. Horrexegatik astelehen goizean tabernara sartu nintzela, belarri batetik besteraino zihoan irribarretxo bat banian aurpegian marraztua, niregan guztiz ezohikoa zen harrotasun keinu bat adierazi nahian edo. Baina ez zegoan irribarretxo honen nondik norakoa nire Naiara maiteari azaltzeko beharrik, zeren hik heuk, lehengusu ez hain maitea, zapatu gaueko guztia zehatz-mehatz kontatuta bahion.

- Zorionak lortutako arrakastagatik."

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...