jueves, 27 de marzo de 2014

AUZOKOEKIKOA



Behinola irakurri nuen hor nonbait zure auzokoekiko elkarbizitza on baterako itxurakeria funtsezkoa dela. Eta bai, dudarik ez, egunero ikusi ohi dituzun gizakume horiekin gizalegezko hitz zein oinarrizko tratuaz gain hobe da besterik ez izatea, zeren bestela konfidantza edo sor liteke eta orduan akabo, zureak egin du. Duela egun batzuk honen kontura hausnarrean ari nintzen gure etxeko garajean kotxea aparkatzera nindoala, orduan, nire kotxetik jeitsi bezain laster, nirearen ondoan aparkatzen duen auzokoa nigana etorri zen kexaka, nireak maiz oztopo egiten ziola berea ateratzeko. Nik, jakina, baietz ba esan nion, posible zela noizbaiten estu eta larri aparkatu izana tokia oso txikia, meharra delako, eta horren ondorioz berea ateratzeko ozta-ozta ibili beharra. Orduan proposatu nion ere halakorik gertatzekotan nire etxera jotzeko inolako eragozpen barik, nik etxean lan egiten nuela eta gertu nengoela garajeraino bajatzeko kotxea mugitze aldera, areago, nire telefonoa eta guzti eskaini egin nion halakoetan niri hots egin ziezadan. Hartara, auzokoak erantzun zidan ez zela beharrezkoa hainbeste molestia hartzea nire aldetik, errua eskuarki nire emaztearena zela, behin baino gehiagotan ikusi egin zuela aparkatzen eta batere trebe ez zebilela, nik nahikotxoa nuela erretrobisoreak tolestearekin pasatzeko leku gehiago uztearren. Harri eta zur geratu nintzen, bistan baitzegoen nire emaztearena bota egin zidala niri aurre ez egitearren, ez zela niri errua zuzen-zuzenean botatzeko ausartzen, nire emazteari egotzi nahi ziola nolabait nirekin errietan ez egiteko. Ni, zer esanik ez, erretxindu egin nintzen hori entzunda, ezin nuen sinetsi tamainako koldakeria zein makurkeria, eta ezetz esan nion, ez zela posible nire emaztea kotxea gaizki aparkatzea, etxeko baldarra ni nintzelako hain zuzen, ni neu nintzen beti presaka, larri, zebilena kotxeaz, hau da, nola edo hala eta beti estu eta larri, doi-doi, aparkatzen zuena, niri bota behar zidala errua. 

-Ez, ez dut uste, zure emazteari behin baino gehiagotan tolestu behar izan diot erretrobisorea nire kotxetik irten ahal izateko apenas lekurik utzita zidalako. 
-Eta zergatik ez diozu inoiz berari ezer esan horren kontura?
-Nahiago nuelako zuri esan.
-Zer ba?
-Zu zarelako zure erretrobisoreak tolesten dituena, zuk guztiz kontu handiagoa hartzen duzulako denok halamoduz irten ahal izan gaitezen gure kotxeetatik.
-Baina nire emaztea...
-Beitu, beldurrak nago zure emazteari ezer esateaz... 
-Eta orduan, zuk zergatik ez dituzu zure kotxeko erretrobisoreak tolesten?

No hay comentarios:

Publicar un comentario