lunes, 31 de marzo de 2014

BIHOTZA BITSEAN





  • Gaur goizean kafetegian ohiko serbitzaria ordezkatzen duen neska ilehori panpoxak -ni jabea delakoan nago, lehen txitean-pitean azaltzen baitzen eta betiere uniforme barik serbitzatzen, eta orain ordea etengabe ari da lanean, beldurrak nago beraz seguruenik negozioaren kinka larriaren seinale dela-, kafesnea luzatu dit bihotz bat bitsaren gainean marrazturik. Txorakeria bat, bai noski, baina, txorakeria atsegin bat ere bai. Ni behintzat poztu egin nau aspaldiko partez, halako huskeriei erreparatzen ez nielakoan nengoen, bai horixe, baina ez, gero eta gogokoago ditut, inguratzen gaituen gainerako guztia berez oso zakarra baita. Horrenbestez, merezi du halako memelokeriak goraipatzea, funtsean bizitza atseginago egitekoak baitira, sikeran elkarbizitza on baterako ezin aproposagoak, egokiak. Alabaina, kafesnea mahai gainean jarri dut, eseri naiz, eta katilu barrura isurtzeko azukre poltsatxoa zabaltzen ari nintzela nire aurrean eskegita zegoen telebistari erreparatu diot eta hara, Wer jaunarekin topo egin dut ustekabean, atzoko greba zein manifestazioen kontura hitz eta pitz ari zela, hau da, ikasleei greba egin eta manifestazioetara joateko eskubidea aitortuz, baino behin berriro ere, atzo suertatu ziren istiluak estakuru, indarkeria salatuz hori bailitzan atzoko protesta zein manifestazioen zergatiaren muina. Muzin egin diot telebistari, noski; baina, azukrea katilu barrura botatzera nindoala zerbitzari ilehori ederrak bitsaren gainean marrazturiko bihotza dagoeneko ezabaturik zegoela jabetu naiz atsekabez. Ageri da egunerokotasunak aparteko ahalmena duela den-dena izorratzeko...

No hay comentarios:

Publicar un comentario