domingo, 15 de marzo de 2015

ESTALI NAHI GAITUZTEN FEDEDUNOK



Biziki gustatzen ari zait Katixa Dolhare-Çaldumbideren BIRIBILGUNE eleberri ustez beltza edo, batik bat Senegalera bueltan ekartzen nauelako. Hona hemen, aldiz, Egipton bizitako pasadizo bat gogora ekarri didana.

"Meskitan sartzekotan ginela, bat-batean gizon kankail batek trabajtu zigun bidea.

-Errak, anaia, hire emaztea duk hau? -erran zion Mamaduri, eri mehatxagarri batez gaixtoki erakusten ninduela.

-Bai, Frantzian aurkitu diat eta konbetitua duk gure erlijiora. Beilaz gabiltzak Tuban.

-Ederki duk, baina iezaiok burua hori baino hobeki; biloen kolorea ageri zaiok, iduri eta probokazioz.

-Barka ezak anaia, ez ninduan onartua, segidan erasiatuko diat -ihardetsi zion Mamaduk-. Are, ergel hori, entzun duna gure anaiak errana? ANtola ezan hire buruko zapia, eta fitexko, ez gaitun Pariseko 11. arrondizamenduko toki galduetan hemen, gero! Errespetu apur bat plazer badun! Musulman izatea apaltasunez merexitu behar dun!
Haserrea eta irria biak isilaraziz, eskapatu zitzaidan xerloa laster kokatu nuen berriz oihalpean eta kopeta lurrerantz itzuliz.

-Hola hezi behar dituk, puta horiek. Biba hi eta beila on!"
BIRIBILGUNE - Katixa Dholare-Çaldumbide


Musulmana ala kristaua, gorputza estaltzeko mania, gorputzaren beldurra hain zuzen, nonhahi. Meskitetan bai, ez bazeneraman galtza luzeak edo lepotik behera estaltzeko txilaba zorrizto batzuk ematen zizkizuten, hura azkura, hura. Baina baita kristauen artean ere, Egiptoko Sinaiko Santa Catalina monasterio koptoan bezala. Gau osoan mendian gora eta behera egondakoan, tontorretik bueltan inolako jainkoak inola Legearen Harlauza berririk ez eman eta gero, giristino koptoen ospetsuen den fraidetxean bisita egitera joan eta barruan geundela fraide batek ezusteko errieta bota behar hiru lagunok galtza motzetan eta argazki-kamara lepotik zintzilik eta guzti genbiltzelako. Lotsagabeko alaenak, ezin jakin gure bernazakiaren ageria zer nolako lizuna eta iraingarria izan zekioken Ama Birjinari. Horrenbestez, fraide koptoak galabiya (Egiptoko txilaba) bana luzatu, guk jantzi eta orduan bai, orduan nik uste Ama Birjinak irri eta guzti egin zuela kapela barruan zeuden turista gehienekin batera galabiyaren azpiko gerri aldean generaman argazki-kamarak eragiten zuen efektu optikari esker edo honen erruz, ez dakit, begibistan baitzegoen hirurok oso pozik geundela Ama Birjinaren aurrean egonda. Fraideari ere ageri zitzaion gure galabiyaren azpiko ustezko alegrantziaz jabetu egin zela, galanki ere asaldatu egin zitzaigun ondo asko baitakigu munduko fededun zintzo eta sutsu gehienek ez dutela umore apurrik ere; baina, jakina, ezin tutik ere esan azken buruan bera izan baitzen delako ikusmira alaiaren edo erruduna.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...