lunes, 9 de marzo de 2015

AKORDU LAUSOTUA



Elkarren ikaskide ohi batek esan zidan Zigor atzerritik itzuli zela bospasei urtez hainbat enpresan handitan elektrikari lanak egin eta gero, Algeriako birfindegi batean lanean ari zela istripu bat izan eta behin betiko baja hartu zuela. Ez zegoen modurik Zigor bisitatzeko inork ez zekielako non bizi zen. Elkarren lagunak bazuen ordea Zigorren weborri baten berri: gasteizarra.com.Izenak berak dezente erakarri ninduen ezin bainion Zigorri gure hiriarekiko inolako jakin-minik igarri. Areago, nik nekiela Zigor oso txikitandik Gasteiztik ihes egiteko irrikan egon zen, hiria oso txikia eta hitsa, “zilborkoia”, begitantzen zitzaion eta, edo nolabait esanda ere: beti bezain lebitikoa. Weborrian sartu nintzenean harri eta zur geratu nintzen. Denok ez, jakina, baina gehienok agian bai, gehienok gure hiri eta jaioterriko gauzak akordura ekartzea maite dugu aldian behin, hots, kanpoan gaudela herrimina nolabait asebetetzeko edo argazki berri edo zaharrak ikuskatzea. Alabaina, bada guztiz bitxia edo esanguratsua, nolabait esatearren, zure weborri oso bat zure jaioterriko argazki zaharrak, zuri-beltzekoak, espresuki, hau da, bakar bakarrik eskegitzeko antolatzea. Horrek ezer baino lehen zure hiriko gauzetarako demaseko interes bat erakusten du, hau da, horrek hiri bakoitzak dituen kronikarien parera jartzen zaitu, hiriko zoko eta zirrikitu guztiak inork baino hobeto ezagutzen dituztenak, hiriko ipuin et istorio zahar guztiak dakizkiten bakarrak, hiriaren ustezko esentzien altxor zein jagole bilakatzen direnak, hiriko edozein huskeriaren berri emateko gauza eta gertu egon ohi direnak, hiriko hiru kanpandorre nagusietatik haratxoago dagoen oro bost axola zaienak. Zigorren weborriak kronikari horietako batena ematen zuen, zuri-beltzeko argazkiak baino eskegita ez baitzituen, argazki benetan zaharrak, gehienak bera jaio aurretikoak edo oso haurra izan zenekoak. Txundigarria bai, Zigorrek weborri hori bai ez baitzuen sarean, txundigarria Zigor munduan zehar, Kanadan, Argentinan, Brasilen, Hegoafrikan, Zeelanda Berrian, Txinan, Uzbekistan, Algerian eta ibilitakoa baitzen, bost kontinentetan hain zuzen, eta weborriko argazki guzti guztiak Gasteizkoak zein zuri-beltzekoak ziren. Nondik zetorkion bere hiriko gauzekiko bat-bateko edota ezusteko jakingura edo grina hori txikitan munduko txokorik baztertuenak ezagutu nahi zituen bidaizale amorratuari, bere hiri hits eta txikiaren bizimodu zein ohiturei betiere muzin egiten zien gazte ahoberoari, gizarte zinez itxi eta atzerakoi baten isla garbi garbia zela aldarrika egin ohi zuena. Elkarren beste ikaskide ohiari galdetu behar izan nion, noski.

-Ah, ez al zenekien? Algeriako birfindegian lanean ari zela txinpart batek begietan jo zuen. Txinpartak ezkerreko begia itsutu eta eskumakoa lausotu egin zizkion. Horrexegatik bueltatu zen Gasteiza baja hartu orduko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...