Zirriborroen alde
2015-03-26 / Txema Arinas - Idazlea
K
ontatu zigun Katixa Dolhare-Zaldunbide zutabekideak Parisko liburutegi nazionalean Brouillons d'écrivainsedo Idazle zirriborroa izeneko erakusketa ikustera joan zenean biziki gozatu zuela zirriborroei begira zenbait idazle ospetsuren intimitatean murgiltzeko parada ederra suertatu baitzitzaion. Izan ere, Katixak nabarmendu zigun zirriborro horiek idazle ospetsuei buruzko hainbat datu txit interesgarri, benetan ilustragarriak, eskaintzen dizkigutela: «Stendhalek arrunt inprobisatzen zuen, bere ixtoriak idatzi arau garatzen ziren; Aragon, Sand eta Gionok, halaber, ez zekiten nola bukatuko zituzten beren eleberriak….». Hala ere, Katixak galdetu ere egiten zion bere buruari erakusketak fetitxismoa baino sustatzen ez ote zuen, zirriborroen inguruko jakin-gosea funtsean arinkeria hutsa eta gainera aspergarria ez ote zen.
Nik neuk ere horren kontura gogoeta egin eta ezetz ebatzi dut. Izan ere, akordura ekarri ditut hor nonbait bisitatutako idazle-museoak, besteak beste Pragako Franz Kafka Museum, Lisboako Casa Fernando Pessoa, Dublingo James Joyce Tower and Museum edota Vilanova de Arousako Casa Museo de Ramon del Valle-Inclan. Bai, bisitatu ditut idazleonganako interes edo miresmenak akuilaturik eta museotako zoko eta zirrikitu guztietan iruzurraren kiratsa sumatu dut doi-doi. Den-dena begitantzen zitzaidan turistei bidaia-gidek ezinbestekotzat jotzen zuten bisita nolabait zuritzeko propio antolaturiko performance bat, hau da, komedia bat, antzoki huts eta lotsagarri bat. Berdin zidan bertan erakusten zituzten objektuak-eta egiazkoak ziren ala ez, hau da, idazlearenak berarenak; berehalaxe konturatzen nintzen idazleari buruz inolako taxuzko daturik-edo ematen ez zidatela. Bertan pilaturiko altzari edo traste guztiak idazlearen garaiaren edo bizimoduaren adibide izan zitezkeen gehien jota, baina inondik inora ez bere obraren nondik norakoak asmatzeko euskarria. Egia esanda, baldin bazegoen museo horien zergatirik idazleen lanen zenbait zirriborro erakusteko parada omen zen soil-soilik. Horiek bai zirela gai, Katixak berak adierazi bezala, idazle ospetsu haiei buruzko ikusmina zein egiazko fetitxismoa asebetetzeko. Gainerako guztia, beraz, soberan zegoen. Zer dela eta, orduan, museo haietako tramankulu txatxuak ez hustu eta pareta guztiak goitik behera zegokien idazlearen eskuzko idazlanez ez estali?
Areago, zergatik ez behartu gaur egungo idazleak ere euren lanak eskuz idaztera, gutxienez ordenagailura aldatu aurretik, liburu berriak irakurleei ezagutarazterakoan idazleen ordez euren eskuzko idazlana aurkeztearren? Azken finean, zertarako hainbeste liburu aurkezpen non idazleak zein balizko irakurleek gogait gaizto egiten duten liburu berrien nondik norakoei adi-adi, liburuen beraien azal-hegaletan agertzen den informazioa ahoz eta beharbada apurtxo bat luzeago errepikatzeko baino balio ez dutenak. Halaber, zer-nolako zentzua dute, beraz, azoketako liburu sinadurek, irakurleek egilearekin aurrez aurre hitz-aspertuak egin baino gurago dutenean haren sinadura kosta ahala kosta eskuratu? Bai horixe, gehienetan irakurleei bost axola die idazlea aurrez aurre ezagutzea, haren ahotik liburu berriari buruz ezer aditzea. Irakurleek fetitxismoa maite dute, horrexegatik sinadurak altxor bat balira bezala gorde ohi dituzte. Eta horrexegatik, baita ere, irakurleak zirriborroen gose daude, edozein zirriborrok edozein liburu aurkezpen, izenpetze edo elkarrizketak baino egilearen obraren gaineko berri gehiago emango diela uste baitute. Horrenbestez, gora liburu berrien zirriborroen erakusketak eta akabo beraz eta behingoan liburu aurkezpen sano aspergarriak, sinatze nekagarriak edo elkarrizketa benetan hutsalak!
No hay comentarios:
Publicar un comentario