miércoles, 20 de octubre de 2010

AT THE RISING OF THE MOON


Behin berriro Dublin gogora ekarrita, kutxa txoxolak du errua, bart hunkitu nintzen, gaur goizetik irla esmeraldako musika etengabe entzunez, foggy few ene bihotzean, oroitzapenak erreskadan, ene biziaren urterik onenak, bizienak behintzat, orduko gazte alaia et gaurko heldu tristea, urte gazteak, urte bipilenak, arinenak, urte azkarrak, erreak, mozkorrak ere bai, oso mozkorrak, Dublineko pubezulo porrokatua bilakatu ginen, burua edozein saltsatan sartua, pintak hurrenez hurren eguneroko eta egundoko atxurra harrapatu arte, beti berbetan, txantxetan, kantetan eta txitean pitean ere nesketan, noizik behin ere gogora ekartzen dut, kakanarrua halakoa, nire onetik atera ohi ninduena, nik etengabe zirika egiten nuena, betiere elkarri mokoka, baita elkarren eskutik oratuta hirian barrena pasiatzen, O´Donnell, Grafton, Temple Barreko gau luze eta hezeak, penike erdiaren zubi gaineko gauean konturatu nintzen nola edo hala estimatzen nuela, sikieran apurtxo bat bakarrik. Eta kaleak, gora eta behera, hiri beltz eta hitsa, inondik ezin suma zitekeen geroko aldaketa irakagarria, egunetik egunera aberats berriak, lana edonon, agur aspaldiko sasiko lan aspergarriei, agur aspaldiko bizimodu nekosoari, aurrerantzean denok esne mamitan bezala, baina ez zen egia, ametsa bukatu egin da, atzera begiratu behar dute etorkizuna iraganeko ispiluan ikustearren.

Bien bitartean atzo ikusi nuen behin berriro nire burua zingira zikineko hiriko kaleetan zehar, DARTean sartuta hegoalderantzeko bidean, Ulyssen bertan agertzen den hondartzatik ibiliz, bazirudien Dedalus eta enparatuen urratsen atzetik genbiltzala, nasako harkaitzetan eserita itsas/hodeiertzera begira, ametsak genituen, egitasmoak etorkizunerako, behar beste kemena, ez dut uste elkarri ere promesak egin genizkionik. Gazteak ginen, gutako batzuek mundua ere aldatu nahi zuten, etorkizunak ordea aldatu gintuen, patuak izorratu, orainaldia ezta makala,ez nuke sekula halakorik esango, zoriontsua naiz, oso gainera, baina beharbada ez orduan izan nintzen bezainbeste, gaztea nintzela, zoroa, katerik gabekoa. Halakoak ere ginen O´Donaghue´seko patioan zurezko aulki batean esertzen ginenean pinta bat Guinness eskuan eta oina beti dantzan gauero biltzen ziren musikarien emaitza zoliari segika...at the rising of moon.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...