lunes, 25 de octubre de 2010

ETXEGOIENENA ZORIONDUZ


Badirudi aurtengo Euskadi Literatura Saria, euskarazko sailean, Fermin Etxegoienen Autokarabana nobelari eman diotela. Ederto, nik uste bete-betean asmatu dutela liburua benetako fenomenoa izan baita geure letra txikietan, agidanez hirugarren argitaraldia edo atera berri da. Liburuak baditu gainera ezaugarri ikaragarri baliotsuak, nolabait originak orain arte euskaraz idatzitakoan, besteak beste, edo agian nagusia, bere errealismoaren egiazkotasuna. Dena dela,gaur nagiak ezin atera nabilenez, eta Lertxundiren liburu sarituarekin egin bezala, blogeratzen dut berriro aspaldi egindako iruzkina. Badakit ez dela ezer apartekoa, nire iritziak-eta hutsaren hurrengoa direla eta nahi adina. Baina, azken urteotako Euskadi Literatura sariek salmenta kopuruarekin zein laudoriozko kritikarenarekin ere oso lotura handia, zuzena, dutela ematen du. Esan nahi dut gure neurriaren arabera askotxo argitaratzen dela, benetako harri bitxiak suertatzen direla, sikieran hiruzpalau urtero, beharbada ez dute merezi bezainbeste oihartzunik lortze, baina hala eta guztiz ere halako sari batez oihartzun hori sustatzea bai merezi egingo zutela. Eta jakina, ez naiz ari inondik ere nire purtzileria idatziaz, nork bere gauzen neurria ondo baino hobeto ezagutu behar du-eta, beste eta aginan benetako idazle saiatuago eta emankorrago batzuez baino. Edonola ere, hona hemen ditxosozko AUTOKARABAZ idatzi nuena behiala. Ezaguna da noraino bekaiztiak, mihigaiztoak, handiustekoak diren letreen errepublikakoak eta agian ere guztiz areago parte ere nahi izan dutenok.

AUTOKARABANAren noraeza edo

Badaukat hemen iruzkingai oso goraipatua izan den nobela bat. Esan dute, besteak beste, oso hizkera goxo, arin, kaleko liburua dela, baduela gue euskal gizartearen gaineko oso begirada sakon eta zorrotz bat, ezkutua edo erdi ezkutua dagoena taularatzen duena, besteak beste euskaldunon euskarakiko arduragabekeria zein itxurakeria, Etxegoienek ondotxo idatzi bezala ustezko atxikimenduaren azpian dagoen egia borobila, euskarari eutsi eta aldi berean erdaraz bizi den euskaldungoaren dikotomia eskizofrenikoa. Baina baldin badago itxurakeria horren adibide ezin argiagoa hori polarraren kultura da. Polarrak badu oso konotazio bitxia, alde batetik kirol edo mendi soineko antzekoa da, ematen du oso janzkera informala, jatorra, hemengoa, hots, edonoiz mendira joatekoa. Hala ere, polarraren azpian edo barruan badago beste ezaugarri ikaragarri egiazkoa, polarra ogia erosteko jantzia izan ohi da, polarrak gainera oso garestiak omen dira, polarrak adierazten du oso maila ekonomiko altua, oparoa, hain zuzen ere Debagoien aldean dagoena kooperatibismo urteen poderioz, eta horregatik ere oso janzkera jatorra eta demokratikoa omen delako, polarrak kooperatibismoaren ikurra dirudi edo dagoeneko bilakatu ote da.

Nobelaren nondiko norakoak, ordea, ez doaz nazioarteko literaturaren kanonetik oso urrun, gaur egungo antiheroi arrunt batenak dira, arrunt txepetxa dena ere ene ustez, bere herri kuttunetik at bizi, emaztearengandik banatuta, alaba nola edo hala zaindu eta gozatu nahi duena, lanari gorroto diona eta etorkizuna ez oso beltza edo iluna, lainotsua baino, hau da, gaur egungo bizimodu estresgarri edota asmaezinari aurre egin behar diona, hots, guztion antzera. Gaia, beraz, ezta oso apartekoa, beste literatura batzutan hamaika aldiz lehenago eta zihurraski hobeto jorratuta. Baina hortxe bertan dago gakoa, horretan datza gure salneurrien arabera nozituriko arrakastak, euskarazkoan gutxitan jorratzen diren gaiak direla eta batez ere euskaldunon eta batik bat euskararen kontuak direla neurri handi batean, besteak beste orain arte sakrilegio modukoak izango zirenak: "Arazo nagusia orain ez da erdaldunek ez dutela euskara nahi, baizik eta euskaldun askok "ezin dugula" euskerarekin. Erdaldunei botatzen diezue errua, begien aurrean daukazuen egia ikusi nahi ez duzuelako... eta azkenean ikusteko ez-gauza bilakatzen zarete."!

Euskarazkoan gure euskal gizartean bezala itxura nagusi da-eta, eta azken hau nolabait egiaztatzearren horra hor nobela honi egin zaizkion laudorioetako bat: bere euskara oso ulergarria, arina eta librea dela. Hau da, edozein literaturan ezinbestekoa dena gurea bitxia azaltzen da, estreinekoa balitz bezala orain arte ez ulergarri, ez arin eta ez libre idatzi baliz bezala. Benetan adierazgarria edo negargarria, betiere Krutwig edo bere ezpaleko gainontzeko euskaltzain talibanen itzala edonon.

Eta are adierazgarriagoa eta batez ere gogoetagarria suertatzen zait egileak liburuan egiten duen zenbait aipu edo: "Baditu -bere maitale nafarrak- berezitasun fisonomiko pertsonalak, nahiz Irantzuren arraza guztiz egokitzen zaion mikro-klimako ereduari, kutsatu gabeko Nafarroatik datorrelako" edota guztietatik samurrena "bere aitarekin ggoratu nintzen.
Ez da euskalduuna ez abertzalea, arraza aldetik "konturatu gabe" euskal herritar hutsa den arren, ierri ibarrean sortu zelako Nafarroatik kanpoko kutsaurarik gabe...
Pentsa dezagun euskaltegia bi urte eman dituen Bilboko norbaiti niriz eta demagun euskaraz moldatzea lortu duela pertsona horrek.
Okei.
Hemengo artaburu gehienentzat Bilboko hori zer eta Patxi Eugi pelotari nafar erdalduna baino "euskaldunagoa" omen da.
Ja!
Ez da nire kasua.
Eugi pelotaria ez ezik Irantzuren aita ere "errotuago" sentitzen dudalako hain zuzen euskara ikasi behar izan gabe..."

Hau ze demontre ote da, sabinokeria berriztatua?, behin berriro arraza kontuak beti gogoan Euskal Herriko gizadiaren aniztasuna aintzat hartzeko ez-gauza garelako? Sabinoren antzera hiria eta berarekin datorren guztia arrotz edo gutxienez "kutsaturik" begitantzen zaigulako, eta horregatik uste eta nahiago ditugu Ierrin sortutako euskal arrazako nafar peto-petoak? Benetan xelebrea Etxegoienen gogoeta hau, benetan ikaratzekoa ere zenbait euskaldunen arrazakeriazaletasun berezkoa, eta batez ere benetan deitoragarria euskaldunon ezgaitasuna E.Hko gizadia den bezala behingoz onartzeko eta kitto, horrexegatik herri alu hau behin eta berrio desegin eta erakin behar delakoan daude.

Dena dela, Autokarabana delako honek merezi du eskeintzen duen irakurketa goxoa, arina eta batez ere gogoetagarria.



*Portzierto, eztakit hor nonbait azpimarratu dudan, baina gogoratu beharrean nago nire ustetan AUTOKARABANA liburuaren asmatzerik handiena hizkuntzaren erabilera eta agian hizkera arinago/jatorrago baten aldarrikapena ere omen direla.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...