miércoles, 20 de julio de 2011

ARIMA GABEKO AUZO-ZULOETAN



Astelehenean eraman behar nuen nire koinata bere kotxez Salburua alderaino lan kontuak zirela-medio. Ez nuen auzoa ezagutzen, ez dut sekula zapaldu, ez behintzat gaur egur bertan altxatu egin duten auzo itxuroso edo morderno-modernoa. Banekien, noski, ikaragarrizko etorbideak eta hainbat eraikin bitxi edo eginak zirela, edonor harritzeko modukoak arkitektoek zein eraikitzaileek behar adina leku eta diru izan baitzuen delako burbuilak eztanda egin aurretik. Edonola ere, ez nuen inolako gogo edo jakinminik auzoa gertutik ezagutzeko. Zer dela eta? Izan banuen negozio bat Lakua auzoan eta nire anaia Zabalganan bizi da. Auzo guztiok pare-parekoak dira, kale eta etorbide zabal-zabalak, zeharkatzerakoan beste herri batera zoazela ematen dutenak, tabernaz taberna ibiltzeko horniak-eta eskatzen dizkizutenak . Eta eraikinak, agian oso itxurosoak arkitektoen ikuspegitik, zalantzarik ez, besteak beste kolore bizi-bizikoak –Salburuan badago bat zeharo gorria-, edo leiho oso bitxi, apain, txukunez estaliak; leihootariko baten bat aldian behin oineztakoen buruen gainean amildu izana oso bestelako kontu bat… Gehienek, bestalde, lekutatik edo gertutik ikusita, kunker hutsen antzerakoak dira, dotoreak baina huts-hutsak. Dena hau, noski, primeran geratzen zaie arkitektoei euren maketetan, ezin txukunago, bikainago. Hala ere, badirudi haiek erainak gogoan dituztela soil-soilik, bertan bizi behar direnek ordea bost axola diete, ezta euren eginkizuna. Ala agian bai, badituzte gogoak biztanleak, baina nola txinurrien parekoak begitantzen zaizkien txinurriei zer-nolako auzo eta ekipamendua ondoen egokituko zaizkien hausnarrean egiten dute, ondorioz txinurrientzako auzo txit itxurosoak, zabal-zabalak, txinurriok nahi adina ibil daitezen, haizeak gogara jo zezan kale artean, goitik begiratuta inork inolako erazgopenik jar ez diezaien auzo benetan itxuroso bat asmatu izanagatik. Harrezkero, auzook ez baldin badute auzo arimarik, ez badin badago benetako auzo-bizimodu edo girorik, errua ezta sekula beraiena izango, errua biztanleona izango da betekizun hori euren eskuetan utzi egin baitute.

Hau guztiau esateko nire hiriko auzo berriok nola edo hala etsitzen nautela, hirurotako edonon egonda ere berehala aztoratzen naiz, ezinegona nagusi, asperra bezainbeste, ez baitago norantz jo, dena berdin-berdin da, bizitzeko zuloak, besterik ez, eta baldin badago jolaskelu edo lorategirik, hauek ere arrunt-arruntak dira, modernoak bai, oso gainera, zabuak punta-puntakoak, noski, Lakuan badago Gijonekoa bezalako itsasontzi bat eta guzti (eztakidala zenbat aldiz esan didate aste honetan haurra hara eroateko). Baina zer nahi duzue idaztea? Bertan nagoela Espainiako edozein auzo berri baina perifériko eta arruntetan banengo bezala sentitzen naiz, hau da: lekuz kanpo, ez baitira nire auzoak, ez baitut han inolako errorik edo merezi duen oroitzapenik (Lakukakoak ere ez dira oso gogoan hartzekoak, ahaztutzekoak baino, porrotaren ondorioak…). Bertan nagoela galdetzen diot nire buruari: zer galdu zait hemen, zer dela eta etorri naiz honaino? Non dago nire hiria? Eta jakina, ondo baino hobeto dakit nik non dagoen, erdigunean eta bire txikitako kaleetan, hiri inguruetako alderdietan akaso, ez beste inon,
Horregatik Gasteiza etortzen naizen aldiro joera bizia dut Alde Zaharreraino igotzeko, bertan igaro baititut nire bizitzaren pasarterik goxoak eta baita mingotsenak ere. Bestela esanda, bertan dago nire gaztaroa, nire benetako erroak, gainerako guztia, nondik zatozen, non duten zuretarrek erroak, aiton-amonen etxea, arbasoen jaioterria, gurasoen jabegoa edo dena-delakoa, hori guztiau gainontzekoek inposaturikoak omen dira, gure lepo gainean jarritako zama astuna edo petrala, besterik ez. Nik maite dut nire alde zaharra eta horrexegatik joan ohi naiz haraino ahal dudan guztietan, bertan etxeko sentitzen naizelako, bertan beste inon ez bezala eroso sentitzen naizelako, bertan bene-benetan gozatzen dudalako. Gero badaude ere hiriko beste alderdi batzuk bihotzeko ere ditudanak, hazi nintzeneko etorbidearen ingurualdea, txikitan ia asteburuero joaten nintzen herria, udarero joaten ginen kostaldekoa, noizik behin bisitatzen genituenak, honek guztionek ehuntzen, eratzen dute gure iragana, hori maite duguna, gogoan duguna, benetan bihotzeko edo gertukotzat behintzat hartzen duguna. Gainerakoa, aldamenean izanda eta guzti, arrotz begitantzen zait, berria bezain arrotza, eta okerrena, aztoratu ez ezik, gogait ere izugarri gogaitzen naute.

Horrenbestez, etzi Martinekin Salburuako kale zabal, motel, amaigabe, arimagabe, arrotzetan barna nindoala noraezean, inondik antzematen ez genituen zabu batzuen bila (gero ikusi bagenuen parketxo bat lakutxo batez eta guzti, oso itxurosoa, txikuna eta esandako zabu punta-puntakoekin, non Mr.k ikaragarri ondo igaro egin zuen bere izebak bera biltzeko hots egin arte), gauza bakarra nuen gogoan, ia hausnarrik egiteke, ia garrasi muduko eskakizuna: goazen hemendik lehenbailehen, goazen Gasteiza behingoan!

No hay comentarios:

Publicar un comentario