sábado, 30 de julio de 2011

EROSTA


Itzuliak gara, itzuliak joan aurretiko errealitate gordin baina ezinbestekora, ondo asko bagenekielako hilzorian egoan amandrea laster ehortzi beharrekoa ere zela. Bizi-legea edo esaten zaio, inondik ere apurtu edo gainditu ezin den lege ia bakarra, areago laurogeita zazpi urte inguruan, bizi luzea, bizi oparoa edo, auskalo, nork bere sekretuak daroaz hilobira, zer bestela, hezurrak eta sekretuak, ez besterik.

Edozelan ere, atzo izan zen egun benetan gogorra, oroi mina etengabean, benetako agurraren unean sei izarreko hotelea ematen zuen Gamarrako tanatorian, bakarka nire amandrearen gorpuaren aurrean, bakarka txikitako oroitzapen gordinekin, bakarka izan nintzen haurrarekin.

Atsaldean, Bastidako hileta mezea, amaigabekoa suertatu zitzaidana, elizako pareta koloreztatu edo erretablo barrokoegira begira, abadearen prediku hutsal, arruntari entzungor, berba hutsak, hitz agian ere ezinbestekoak edonolako kontsolamenduren beharrean zeudenentzat. Halako zentzugabekerietan sinesten ez dituzunean, ordea, ezer gutxi egin edo pentsa dezakezu, joan egin da, joan behar gainera, horrelakoa da bizitza, ankerra jaio ginenetik hil arteraino.

Gero ere zure senitartekoekin topo egin duzu aspaldiko partez, txikitan ia egunero zure bizian presente izan zirenekik, zeharo ahaztuta zenituenekin zein zeharo ezezagunak zitzaizkizunekin ere. Gogorra da badakizula geroan ere bistatik galduko dituzula, harremana erabat galduta ez baldin badago honezkero, ez dagoelako modurik ezer berreskuratzeko horretarako eguneroko tratua eta bihotz zabaltasuna ezinbesteko suertatzen baitira, ia ezinezkoa.

Eta hau guztihonekin nahikotxo idatzi dut azken egunotako barne-ondoezaren kontura, barne-barnean ere darrai, baina tira, behin idatzi banuen blog honen funtsa nagusia, zerbait izatekotan, egutegi modukoa izateaz gain, gauza ahalik eta atseginenak, barregarrienak, xelebreenak idazteko asmotan asmatua zela, ekin diezaiogun, beraz, halakoak idazteari, ekin diezaiogun bizi izateari.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...