jueves, 7 de julio de 2011

EZ DAGO PAREKATZEKORIK, EZ


Arabako Ezker Batuakoek sinestarazi nahi digute ez dagoela alderik PP eta EAjren artean, biak eskuinekoak izanda gauza bera espero liteke, hau da, eskuineko politika peto-petoak. Hala ere, nik uste arabar gehienok badakigula zertan dautzan bion arteko alde handi-handiak. Badago alderdi bat Frankoren altxamendua zein diktadura sekula gaitzetsi ez dituena, nolabait bere oinordekoak direlakoan. Alderdi honek, jakina, memoria historikoa delakoaren kontra jo egin du Espainako legebiltzarrean. Aderdi honexek hiritartasun ikasgaiaren kontra, abortoaren kontra, homosexualen ezkontzen kontra, etorkinen kontra eta beste hamaika lege aurrerakoiren kontra gogor egin du azken urteotan.

Badago beste eskuineko alderdi bat gerra garaian Errepublikaren alde egin zuena, Frankoren diktadura garaian debekatuta egon zena, urteotan demokraziaren alde jo egin zuena ezkutupean, euskal autonomia aldarrikatu eta gutxieneko bat lortu hiru probintzietan (beste alderdia kontra zegoen ere), bere kideei abortoaren alde edo kontra bozkatzeko aukera ematen diena, homosexualen arteko ezkontzaren alde bozkatu egin zuena Espainiako legebiltzarrean. Badago eskuineko alderdi bat agintean zegoela politika ia aurrerakoiak egin zituena, bai etxebizitzarekikoak, bai etorkinekikoak, bai emakumezkoen berdintasunaren aldekoak eta baita gutxieneko giza soldata ezartzeko ere.

Badago, beraz, alde handi-handirik bion alderdien artean, biak eskuinekoak izanda, biak nire gustukoak ez izan arren. Baina, egon badago alde ikaragarri handia euskaltzeleontzat, datorren ahaldun nagusi De Andres jaunak ondo asko azaldu bezala elkarrizketa batean, PPkoek ez dute euskara bertako hizkuntzatzat hartzen, gutxiengo batena ez beste, ez dute beraz inolako gogo edo asmorik ozta-ozta kanpokotzat duten hizkuntza bat sustatzeko, ez behintzat euskaltzaleok aldarrikatzen dugun heinean, hau da, euskara eta arabar euskaldunon eskubideen aldeko politikak egite aldera, bai sustatzeko zein erdaldungoa euskarara erakartzekoak. Bigarrengoek, aldiz, eta berdin dio azalez, itxuraz edo dena-delakoa baldin bada euren euskararekiko atxikimendu edo konpromisua, badute gutxienez euskararen alde jokatzeko agindua, gaur bertan Agirre jaunak berak ozen-ozen adierazi bezala: Helburua herrialdean euskara normal erabiltzea da. Euskara errekuperatzen ari da eta elkarlana behar dugu".

Tamalez, badirudi EBkoei honek guztionek batere ardura ez diela, agian ez dago inolako euskaltzaletasunik Arabako EBren barruan, ez eta itxuraz ere, agian berdin die hainbat urtetan EAEko agintean elkarrekin egon direnekin benetako politika aurrerakoiak ez egiteak, agian badute zer ixildurik PPkoek eskaintza hobea egin baitiete. Edonola ere, nabarmen da Ezker Batuak berea egin duela nahitaez, batez ere kontuan hartuz euren botoen araberako egiazko ordezkaritza zer-nolako murritza eta funtsean iruzurtia suertatzen den, ez baitute Arabako udaletan zinegotzi bat ere lortu, eta lortutako bi foru diputatuak zor die argi eta garbi Arabako Biltzar Nagusietarako hauteskude banaketa historikoaren ordez, hau da, zazpi euskaldeetakoa, PPkoek eraldatu egin zuten hirukoari, hots, Gasteizkoa nagusia bilakatuz eta horrenbestez bertako botoen ordezkaritza haimaika bider handiagoa eginez lurraldekakoaren kalterako, hala eta guztiz ere ezin dugu ahaztu botoak boto alderdi abertzaleen gehiketak garaile egiten dituenik konstituziozaleen aldean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario