domingo, 24 de julio de 2011
EGIA BOROBILAK
Ez nago oso seguru zer esan, pentsa, euskararen inguruko berrien harira, zeren eta zenbakiak alde batera utzita, ezin baita esan oso onak edo baikorrak direnik. Edo bestela esanda, ondo asko erakusten digute ezagumena gero eta zabalagoa izanda ere, erabilpena ordea sekula baino murritzagoa. Badirudi euskarak azken hamarkadetan esparru asko irabazi egin duela, baduela presentzia ona, bere neurria esan nahi dut, informatika-bideetan eta abar. Hala ere, galdu egin badu berezko esparru asko, galtzen ari da, batik bat lurralde esparruak, orain arte euskaldun peto-petoak zirenak, eta bai, Iparraldeaz ari naiz, non gure hizkuntza hilzorian dagoela esatea ezta lelo bat, gero eta borobilagoa egiten ari den egia baizik. Azken honek harritzen gaitu, noski, baina harridura hau ezjakintasunaren parekoa da, ez baitugu Iparraldea ezagutzen, Iparraldea idealizaturik dugu, euskal esentzien altxorra, antzina izan gineneko etno-erretserba hutsa, Lapurdiko kostaldea kenduta, barnealdea euskaraz bizi zelakoan geunden, eta ezta egia, ezta izan sekula, badaude Behe Nafarroa eta Zuberoako euskararen egoerari buruzko hainbat topiko edo errakuntza bertakoek errotik argitu behar dizkigutenak. Hauetako bat Michel Etxebest, Maule, 1961. Gotaineko Berruetan du jatorria. Laborari semea da. Gau-eskolan irakasle eta Seaskan engaiatua iraganean. Artzainak lantegiaren burua eta Mauleko auzapeza da. Ez da ezein alderdi politikori atxikia:
Zuberoa tipia da: 13.000 bizizale dituzu. Horien herenak euskara ematen badu ere, zubereraz mintzo da. Herena 4.000 da, oso gutxi. Aski denez euskalki honen atxikitzeko? Ez dakit. Momentuz, hautetsiek eta botere publikoek alde egiten dute egiturak laguntzen eta engaiatzen. Baina, hori euskararen abarretarik bat baizik ez da. Erran nahi baita, konparazione, irakaskuntzan, haurren heren bat eskola elebidunetan eskolatua da, baina horko haurrak ez dira euskaldunak ateratzen. Euskara entzuten dute, batzuek hitz egiten dute beharbada, baina ez dute ahalik eskolatik at mintzatzeko. Gizartearen aldetik presioa azkarra da, gizarte frantziarraren aldetik erran nahi dut. Ikastolako haurrek ere ez dute euskara garbi bat ematen eskolatik ateratzean, ez denek behintzat.
Maulek bi itxura ditu. Batetik, Espainiako gerla zibilaren ondorioz, iheslariak heldu ziren, halaber, espartingintzak langileria ekarrarazi zuen Nafarroatik –Erronkaritik– eta Aragoitik bereziki. Maule erdi “espainola” duzu: Lopez, Perez eta Fernandez asko dago hemen. Beste itxura Maule politikoarena da. Politikaren aldetik Maule frantziarra da. Hauteskunde presidentzialen emaitzak ikusirik, bi heren ezkerrean dago eta heren bat baino gehixeago eskuinean. Maule “langile” herria da, eta honek euskal nortasunari leku gutxi-gutxi uzten dio. Maulen bi kartier nagusi dira, Maule gainekoa, etxe txikiak eta langileria dago. Jaietako gaualdi batean hala Mariatxiak nola Jotak izaten dira. Maule hirian burgesia txikia dago, lantegi tipien buruak. Badago beste zati bat laboraria, dozena bat etxalde daude, euskaldunak izatez, baina ez espirituz. Beste zati bat, Basaburutik, Atharratzetik eta herri auzoetatik jinikako jendea da, euskaldunak dira. Baina Maulen sortzez ez dago euskaldunik.
Nik neuk gogoratzen dut duela laupabost urtez Ataharratzeko terraza batean geundela, baziren bi gazte oinatiar euskaraz ari zirela bertako batzuekin, xiberotarrek euskaraz eztiro-eztiro egiten saiatzen ziren oinatiarrekin, ikaragarri goxo xiberueratik batuerako saioan, baina halako batean, xiberotarrek elkarri hitz egin behar zioten aldiro, frantses hutsean, gauza benetak biak oinatiarrekin denok euskaraz polito egiten baitzuten. Zer dela eta halako zentzugabekeria bat? Ezin ageriago, xiberotarron eguneroko benetako hizkuntza frantsesa omen zen, agian nork bere etxean euskaraz egingo zuen, baina kalean auzoekin frantsesez, horra hor Xiberu esküaldun peto-petoaren zertzelada adierazgarri bat. Taberna barruan, zer esanik ez, ataharratzetar guzi-guziak ere frantsesez barra-barra minzo ziren, eta kaleetan baran joan ginenean beste bezainbeste, baziren adineko xiberutar peto-petoak eta zahar-zaharrak, txapelarekin eta guzti, frontoi inguruan partida batera so, eta euren arteko hizkuntza frantsesa ere zen. AGUR XIBERUA, bai noski, agur hegoaldean Benitok eta enparatuek idealizatu ziguten Zuberoari.
Agian ezta zuzena edo zilegi, baina nik neuk behintzat Iparraldeko euskararen buruzko zertzelada hau lotuko nuke joandako aste honetan Gasteizen ospaturiko Hizkuntza Gutxituen inguruko kongresuaren harira parte hartzaileetariko neska batek esandakoarekin. Neska honek azaltzen zituen erdal hiriguneetako euskaldunok euskara erabiltzeko ditugun oztopoak-eta, eta eskatu eskatzen zituen ere topagune edo esparru gehiago gure hizkuntzaz egiteko. Entzun eta harritu, eskatzea librea baldin bada, beti zer edo zer eskatzeko baldin badago ere onartuta, banago ni apurtxo bat asperturik halako eskakizunekin, ematen baitu euskaldunok euskaraz egiteko betiere beste bati zerbait eskatu behar diogula, euskaraz egiteko oztopatzen gaituenaren errua beti-beti gainontzekoena bailitzan, kalean edo edonon topatzen eta ezagutzen duzun euskaldun batekin euskaraz egitea oztopatzen edo eragozten zizuna guk berez barneratuta ditugun konplexuak edo beldurrak ez baleude bezala.
Ez dugu euskaraz egiten erdaraz bizi garelako, erosoago gaude erdaraz euskarak berez bat-bateko esfortzu handi bat eskatzen digulako, erdaratik euskara ziplo aldatzea kosta egiten zaigulako, eta agian ere, astebete honetan eta kongresuaren barruan Axisko Urmenetak irratitik ederki azaldu zigunez: gaztelera gazte hitzarekin zein gazten elearekin inkontzienteki lotzen dugulako. Edonola ere, hau guztiau behar bezala hausnartu beharrean, gure euskararenganako egiazko jarrera onartu baino lehenago, gure itxurakeria agerian utzi aurretik, beste bati errua egotzi eta batik bat mota guztietako eskakizunak euskararen alde eskatu nahiago dugu. Zoritxarrez, eta delako kongresuan denetarik entzun eta gero, badago egia borobila, gureak bezalako hizkuntzek iraun dezaten bide bakarra omen dago: norberaren atxikimendua.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
INVIERNO A LA VISTA
T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...
-
La verdad es que no le veo gracia alguna a partirle la cara a nadie con un objeto contundente, ni siquiera por el detalle de que haya sido c...
-
Dentro del saco sin fondo que contiene todos los mitos, tradiciones y puros atavismos que, según entendidos, conforman la identidad vasca, p...
No hay comentarios:
Publicar un comentario